Patruila naziak, gay gazteen ehizan
Hainbat erakundek salatu dute homosexual gazteen kontrako erasoak ugaritu egin direla bikote harreman «ezohikoen» legea indarrean sartu zenetik. Talde neonaziek sare sozialetan argitaratzen dituzte tortura saioak.
Berria, , 16-08-2013Hiru gazte azaldu dira pantailan. Erdian dagoenak bere izen-abizenak eta helbidea esan ditu kamera aitzinean, aldameneko biek lepotik heltzen dioten bitartean. «Pedofilo» bat dela aitortu du azkenik, negar malkotan. Ordu laurden pasatxo irauten du bideoak, eta etengabeak dira kolpeak, irainak eta mehatxuak. Ikusgai dago oraindik Youtube atarian, eta Errusiako gazteen artean oso hedatua dagoen VK sare sozialean.
Bideoan torturatzen duten mutila ez da pedofilo bat, buruko gaitzak dituen 17 urteko gazte homosexual bat baizik. Ustez, Interneten ezagututako mutil batekin egina du hitzordua, baina, haren ordez, hiru morroi azaldu zaizkio. Zaharragoak eta gihartsuagoak. Beisbol bateak eta labanak daramatzate. Occupy Pedofiliaj talde neonaziko kideak dira. Eta segada jarri diote. Lasai ageri dira kamera aurrean, irribarretsu, eta, delitu bat egiten ari diren arren, ez dute euren burua ezkutatzen.
Galdeketa bortitz baten bitartez, pedofilotzat dutena «sendatu» nahi dutela diote. Homosexualitatea da, jakina, sendatu nahi diotena, haien ustez, gay guztiak «pedofilo» bilakatuko baitira, halabeharrez, goiz ala berandu. «Altzairuzko hesi bat eraiki beharko genuke, Mendebaldetik datorkigun kaka hori guztia AEBetan edo Europan gelditu dadin», dio Occupy Pedofiliaj taldeko kideetako batek, VK sarean duen profilean. «Kaka hori guztia» sexu bereko bikoteak dira, baina baita islama edota marihuana ere.
Munduko beste herrialde eta kulturekin lotzen dituzte «gaitz» guztiak: «Gobernu nazional-sozialista ezarri beharko genuke. Horrela, eskolatik lasai aterako litzateke nire semea, etxerako bidean mairu zikin batek droga eskainiko diola edo homosexual bat sastraka artetik atera eta bortxatuko duela pentsatu behar izan gabe». Halako mezuak irakur daitezke erasotzaileen blogetan eta webguneetan.
Ekialdeko Europako gay, lesbiana, bisexual eta transexualen eskubideen alde lan egiten duen SHRA Spectrum Human Rights Alliance erakundeak zabaldu du bideoa —eta halako beste asko ere—, Errusiako agintariek esku har dezaten. Orain arte, salaketei entzungor egitea leporatzen diote Vladimir Putinen gobernuari. «Orain arte, Kremlinek ez du ezertxo ere egin neonazien mafia hau gelditzeko, eta onartu berri den propaganda legeak gay, lesbiana, bisexualen eta transexualen kontrako giroa gaiztotu besterik ez du egiten», azaldu dute erakundeko arduradunek.
Hildako bat
SHRAk zabaldutako bideoetako batean, Uzbekistango gazte musulman bati eragindako torturak ere ikus daitezke: aurpegia eta gorputza gorriz eta urdinez margotu, txiza burutik behera egin, kolpeak eman, bibragailu bat eskuan duela argazkiak atera… Kamera itzali eta gero, alta, torturak gogortu egin zirela salatu du giza eskubideen aldeko erakundeak. Torturen ondorioz hil zen gaztea, SHRAren esanetan. «Bortxatu eta labankadaz hil zuten», baieztatu du Valentin Degtyarev mediku eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak.
Errusiako Poliziak, ordea, ez du gaztea hildakotzat jo. Ofizialki, «desagertua» dago oraindik. Hala ere, ikerketa abiatu dute: ustezko erasotzaileak atxilotu eta haien etxeak miatu ditu Poliziak. Aiztoak, labanak, bateak eta bestelako armak topatu dizkiete, baina Occupy Pedofiliaj taldeko kideak aske utzi dituzte handik ordu gutxira. «Haien izen-deiturak eta aurpegiak ezagutzen ditugu. Guztion begi bistan egin dute eta, Interneten jarri dute. Eta hala ere, kalean dira jada. Ematen du Putinen legeak halako erasoak babesten dituela», esan du Degtyarevek.
Gaur egun, 437 talde daude VK.com atarian erregistratuta Occupy Pedofilyaj izenarekin. SHRAren arabera, handik zabaltzen dituzten irudiak eta mezuak kentzeko ahaleginik ez du egin Poliziak.
(Puede haber caducado)