Eguzkipean itotzera abandonatuak

Berria, , 07-08-2013

Urteko egunik beroenetan, ijitoen kanpaleku bati ur hornidura eten dio Hungaria iparraldeko udal batek. Hungariako herritar guztien %7 diren arren, baztertuta bizi dira ijito asko, instituzioen arrazakeria isilean.

S. V.

Bero itogarria egin du egunotan Hungaria iparraldean. Ozd hiriko kanpalekuan bizi diren ijitoek ez dute urik etxean, eta kaleko iturrietatik edaten dute; bertan baino ezin dira freskatu. Behar larriena duten egunetan, ordea, udalak kontrakoa egin du: uraren hornidura eten die, ijitoek hura «xahutu» egiten dutela eta horrek gastu handia dakarrela argudiatuta. Ordu batzuetan, tantarik ere ez dute isuri kanpalekuko iturriek.

Hungariako herritarren %7 diren arren, erabat baztertuta bizi dira ijito asko: sarri auzo behartsuenetan eta lan kaskarrenekin bizirik irauten dute. Azken urteotan, ultraeskuindarren obsesio bihurtu dira: kontserbadoreek haien aurkako aurreiritziak elikatzen dituzte, alferrak direla eta diru laguntzak xurgatuz bizi direla argudiatuz.

Jobbik alderdi neonaziak —Jobbik Magyarorszagert Mozgalom da alderdiaren izen osoa: Hungaria hobe baterako mugimendua— istiluak sortzea leporatzen die. Argudio horrekin sortu zituen Guardia Hungariarrak, «ordena publikoa» mantentzeko aitzakiaz. Praktikan, ordea, ijito komunitateak izutu eta ghettoetara baztertzeko sortu zituzten talde paramilitarrok. Gyongyospata herrian, esaterako, ultraeskuindarren patruilek Poliziaren funtzioa hartu zuten 2011n: ijito komunitatea zokoratzen jardun zuten hainbat astez. Amaieran, Jobbikek alkatetza eskuratu zuen udal hauteskundeetan.

2010eko hauteskundeez geroztik, parlamentuko hirugarren indarra da Jobbik: 43 diputatu ditu bertan, eta hiru Europako Parlamentuan. Gobernuko Fidesz alderdi ultraeskuindarra ez du batere urruti ideologikoki, hark diskurtso epelagoa darabilen arren.

Hain zuzen ere, neonaziei nahieran jarduten uztea leporatu diote Viktor Orbanen gobernuari. 2014an egingo dituzte hurrengo hauteskundeak: LMP Alderdi Berdeko Kristof Szombatiren hitzetan, «isilik egonda, Jobbiken aldeko boto-emaile ultraeskuindarrak bere joko zelaian mantendu nahi ditu Orbanek».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)