Sei ijito hiltzeagatik, bizi osoko zigorra jarri diete hiru ultraeskuindarri Hungarian

2008 eta 2009 artean bederatzi eraso arrazista egiteagatik erruduntzat jo dituzte; konplize bat 13 urterako zigortu dute

Berria, SAMARA VELTE, 07-08-2013

Hungariako auzitegi batek bizi osoko espetxe zigorra jarri die hiru ultraeskuindarri, 2008 eta 2009 artean ijito komunitateen aurkako hainbat eraso egiteagatik. Denera bederatzi erasoren ardura leporatu die: gutxienez sei ijito hil zituzten horietan. Laugarren bat konplizetzat jo du auzitegiak, eta 13 urteko espetxe zigorra jarri dio. Auziak mahai gainean ipini ditu berriz Hungariako ultraeskuindarren nagusikeria eta gobernuaren utzikeria: indartzen doan arrazakeria gelditzeko nahiko ahalegin ez egitea leporatu izan diete lehendik ere agintariei.

Erruduntzat jotako lau gizonezkoek ijitoen bizilekuei su eman eta bertan bizi ziren pertsonak hil zituzten hamahiru hilabeteko epean. Horretarako molotov koktelak, granadak eta tirozko armak erabili zituztela ebatzi du auzitegiak. Kasu batek arreta berezia bereganatu zuen bere laztasunagatik: Hungaria ipar-ekialdeko Tatarszentgyorgy herrian, Budapestetik ehun bat kilometrora, familia bat tirokatu zuten, garretatik ihesean zela. Erasoan, aita gazte bat eta haren 5 urteko haurra hil zituzten.

Ultraeskuindar guardiak

2009ko abuztuan atxilotu zituzten Istvan eta Arpad Kiss anaiak, Zsolt Peto eta Istvan Csontos, azken erasoa gertatu eta aste gutxira. Epaiketa 2011ko martxoan hasi zen, eta atzo eman zuen auzitegiak ebazpenaren berri: arrazakeriak motibatutako hilketen erruduntzat jo zituen lehen hirurak, eta laguntzeagatik kondenatu zuen Csontos. Laurek euren kabuz antolatu ei zituzten erasoak. Lehen instantziako epaia da, eta pentsatzekoa da zigortuen defentsak helegitea jarriko duela datozen egunotan.

Azken urteotan gora egin dute hungariar zibilek osatutako talde paramilitarrek. Jobbik alderdi ultraeskuindarrak berea sortu zuen 2007an: Guardia Hungariarra. Alderdiko neonaziek patruilak osatzen zituzten ijitoak bizi ziren auzoak «behatzeko», istiluak sortzen dituztela argudiatuta. Budapesteko auzitegi batek legez kanpo utzi zuen taldea 2009an, haren helburuek giza eskubideak eta gutxiengoenak urratzen zituztela iritzita. Ordutik, martxan da talde paramilitarrak eragozteko legedi bat, baina, hala ere, hainbat ultraeskuindarrek jarraitu dute euren kabuz «justizia» egiten.

Epaiketak agerian utzi duenez, Peto eta Kiss anaietako bat patruila ultraeskuindar horietako batean ibiliak ziren aurretik. Agiri judizialen arabera, Guardia Hungariarra «bigunegia» zen haien ustetan, eta horregatik erabaki zuten erasoetarako taldea sortzea. Hainbat hedabidek, ordea, iradoki dute armak erabiltzeko prestakuntzaren bat jaso zutela erasoak egiten hasi aurretik, eta zalantzan jarri dute nondik lortu zituzten baliabideak. Csontos armadako zerbitzu sekretuentzat lanean aritutakoa da: hark eman dio informazio gehien Poliziari, eta hura da bizi osorako zigortu ez duten bakarra.

Hain zuzen ere, axolagabekeriaz jokatzea leporatu dio Fiskaltzak Poliziari: erasoak ikertzen hasteko hainbat hilabete behar izan zituztela salatu du, eta segurtasun indarrak jakinaren gainean egon litezkeela ere iradoki du. Biktimen abokatuen arabera, ijito komunitateen haserrea piztu eta istiluak probokatu nahi zituzten erasotzaileek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)