Ablazioaren aurkako plana egin du Nafarroak

Genitalen erauzketaren kontrako protokoloa onartu du gobernuak; Munduko Medikuak elkarteak eskatu du

Berria, , 07-08-2013

ERREDAKZIOA IRUÑEA
Nafarroako Gobernuak onartu egin du urte hasieran iragarritako genitalen erauzketaren aurkako protokoloa. Azken hiru urteotan, 203 neska etorkini egin diete ablazioa Nafarroan, sorterrira oporretara joan direnean. Haietako gehienak adingabeak dira. Eta bertze 93 inguru dira, oraindik ere, genitalen erauzketa jasateko arriskuan. Errealitate horri aurre egitea da gobernuak onartutako planaren helburua.

Protokoloak lan egiteko lau arlo zehazten ditu: batetik, ablazioa jasan dezaketen emakumeak identifikatzea du helburu; bertzetik, genitalen erauzketa jada jasan duten emakumeak artatu nahi ditu; hirugarrenik, ablazioari aurrea hartzea jotzen du xedetzat gobernuaren protokoloak; eta, horrekin batera, laugarrenik, heziketaren garrantzia nabarmentzen du, batez ere, ablazioa jasateko arriskua duten taldeen artean.

Nafarroako Gobernuak onartu berri duen protokoloak, gainera, epaitegietara jotzeko aukera jasotzen du. Eta aukera ematen du, halaber, neurri zehatzak hartzeko neskatoei ablazioa ez egitea lortzeko : bertzeak bertze, adingabea sorterrira denbora tarte baterako eramatea debekatzea, medikuen bisitak agintzea, eta gurasoei adingabeen zaintza kentzea.

Munduko Medikuak

Munduko Medikuak elkarteak denbora darama Nafarroan orain onartu protokoloa eskatzen. Programa bat ere badu martxan, ablazioa jasan dezaketen eta jasan duten emakumeak artatzeko. Heziketaren garrantzia nabarmendu du talde horrek, bai eta hemengo profesionalei prestakuntza emateko beharra ere.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)