Paperik ez dutenen arreta arautu du Osakidetzak
Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan gutxienez urtebete eman duten etorkinek osasun txartela jasoko dute
Berria, , 23-07-2013Paperik ez duten etorkinak artatzeko agindua onartu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Euskal Autonomia Erkidegoko aldizkari ofizialak jaso du testua. Haren bitartez, Espainiako Gobernuaren aginduz osasun arretatik at gelditu diren pertsonak artatzea du helburu Jon Darpon sailburuak. Paperik gabekoen osasun arretarako eskubidea onartu eta arautu egiten du aginduak: osasun txartela izateko eskubidea aitortzen die Araba, Bizkai edo Gipuzkoan gutxienez urtebete eman duten etorkinei.
2012. urtekoa da Espainiako Gobernuaren osasun arretari buruzko dekretua. Bertze dekretu baten bidez erantzun zion Eusko Jaurlaritzak iazko ekainean. Batetik, paperik gabeko etorkinak artatzeko aukera jaso zuen Osasun Sailak testu horretan; bertzetik, botikak berriz ordaintzeko neurria ez ezartzea erabaki zuen. Espainiak helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean: botikak berriz ordaintzeko sistema martxan jarrarazi zion auzitegi horrek Eusko Jaurlaritzari, joan den abenduan. Hil honetan hasi dira botikak berriz ordaintzen, hain zuzen, Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Etorkinen auzian, berriz, Konstituzionalak onartu zuen osasun zerbitzuetan artatzeko eskubidea badutela paperik gabekoek.
Auzitegi Konstituzionalak onartutakoa arautzea da orain Osasun Sailak argitaratu duen aginduaren xedea, hain zuzen ere. Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan gutxienez urtebete eman duten etorkinek izanen dute osasun txartela jasotzeko eskubidea. Beren diru sarreren berri eman beharko dute txartela jasotzeko, eta sarrera horiek beharko dute izan Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban indarrean den oinarrizko errenta baino apalagoak.
Espainiako Gobernuaren dekretua indarrean jarri zenean osasun txartela bazutenek ere lortu ahal izanen dute orain. Ez dutenen kasuan, berriz, 18 urte bitartekoen osasun arreta bermatuko du Osakidetzak orain onartutako aginduaren bidez; bai eta emakumeena ere, haien haurdunaldian, erditzean, eta erditze ondorengo aldian ere. Gainerako kasuetan, larrialdietan artatuko dituzte paperik gabeko etorkinak. Bertzela, baldintza horiek betetzen ez dituztenek ordaindu egin beharko dute zerbitzua.
Protesta onkologikoan
Atzo, bertzalde, EH Bilduk elkarretaratzea egin zuen Donostiako Onkologikoaren aurrean, zentro hori pribatizatzeko «egiten ari diren urratsak» salatzeko. Koalizioaren hitzetan, ez dira errespetatzen ari onkologikoa osasun sistema publikoan integratzeko erakundeek hartutako erabakia.
Kutxako Administrazio Kontseiluko EH Bilduko ordezkari Ainhoa Beolak salatu zuen erakunde horren gizarte ekintzarako aurrekontua ere jaisten ari dela. Onkologikoa ari da horren ondorioak pairatzen, haren hitzetan. Onkologikoa sistema publikoan barneratzeko hartutako erabakia betetzeko eskatu zuen EH Bilduk, eta horretarako urratsak egiteko eskaria egin zion Eusko Jaurlaritzari.
(Puede haber caducado)