Immigrazioa arautzeko elkarrizketei heldu diete berriz Kubak eta AEBek

'Oin lehor, oin busti' deituriko politika baztertzeko eskatu diote Etxe Zuriari Habanako ordezkariek

Berria, , 19-07-2013

ION ORZAIZ
Hizketan ari dira berriro. Bi urteko etenaldiaren ostean, migrazio politikari buruzko elkarrizketa sortari berriz heltzea erabaki dute Kubako eta AEBetako gobernuek. Atzo egin zuten lehen bilera: Washingtonen elkartu ziren Etxe Zuriko Mendebaldeko Gaietarako Estatu idazkariorde Alex Lee eta Kubako Atzerri Ministerioko AEBetako Gaietarako zuzendari Josefina Vidal. Bi ordezkaritzen arteko «errespetuzko giroa» nabarmendu dute parte hartzaileek, baina ez dituzte, ez batak ez besteak, orain arteko aldarrikapenak baztertu.

Alde batetik, Alan Gross enpresari estatubatuarra «berehala» aske uzteko exijitu du Leek. Kuban satelite komunikazioko tresneria sartzeagatik 15 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Grossi 2009an, uhartean debekatuta dagoelako. Bestalde, «bereizkeria» sustatzen duten migrazio politikak, eta zehazki, Oin lehor, oin busti izeneko araua bertan behera uzteko eskatu du Vidalek.

Kubako ordezkariaren esanetan, «migratzaileen kontrabandoa bukatzea eta migrazio politika legezkoa, segurua eta ordenatua lortzea ezinezkoa izanen da, Kubako Doikuntza Legea eta Oin lehor, oin busti politika mantentzen diren bitartean». Horrez gainera, etorkinen legez kanpoko trafikoari buruz NBE Nazio Batuen Erakundeak emandako protokoloak bete dituela nabarmendu du Kubako ordezkariak.

Migrazioaren izaera politikoa

Gainontzeko migratzaileekin alderatuta, tratu berezia ematen die AEBetako Gobernuak Kubako etorkinei. 1966. urtean, Kubako Doikuntza Legea onartu zuten, eta uhartetik zetorren migrazioari «izaera politikoa» eman zioten. Arau hori eguneratzeko, Oin lehor, oin busti politika ezarri zuen Etxe Zuriak 1995ean. Horren arabera, Floridako lurra zapaltzea lortzen duten Kubako etorkin guztiek eskubidea dute AEBetako herritartasuna eskatzeko. Poliziak itsasoan atzematzen baditu, ordea, Kubara itzularazten ditu. Neurriak bereizkeria eta giza trafikoa sustatzen dituela salatzen du Kubak.

Atzoko bileran akordiorik lortu ez zuten arren, elkarrizketekin aurrera egiteko konpromisoa dutela berretsi zuten bi aldeetako negoziatzaileek. Vidalen esanetan, «oso prozesu garrantzitsua da bi herrialdeentzat». AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaile Marie Harf ere komunikazio bideak zabalik mantentzearen beharraz mintzatu zen.

2011n egin zuten migrazioari buruzko azken bilera, Alan Gross auziaren ostean bertan behera utzi baitzuten ekinaldia. Migrazioari buruzko elkarrizketak dira Habanaren eta Washingtonen arteko negoziazio bide bakarra, 1962az geroztik etenda baitaude gainontzeko harreman diplomatiko guztiak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)