Svastikaren mamua Europan
Krisialdi ekonomikoak, Europatik datozen doikuntza neurriek eta politikarien ustelkeria kasuek eskuin muturreko alderdiak ugaritzea ekarri dute Europako herrialderik gehienetan.
Berria, , 18-07-2013Alemanian, Herbeheretan eta Suitzan, ustez, «erasoak egiteko prest» zegoen eskuin muturreko talde baten kontrako operazioa abiatu du Poliziak. Sei lagunek osatzen zuten, ikerlarien arabera, Werwolf (gizotso) izeneko taldea eta «Alemaniako sistema politikoa birrintzea» zuten helburu. Asteartean, Kristian Vikernes norvegiarra atxilotu zuten Frantzian, «eraso odoltsu bat prestatzen» ari zelakoan. 2011ko uztailean, Utoyan (Norvegia) sarraskia eragin zuen Anders Breivik kristau fundamentalistaren mireslea eta eskuin muturreko Aurrerabidearen Alderdiko jarraitzailea da Vikernes, Poliziak dioenez. Gertaera horiek guztiek kezka eragin dute Europan, agerian utzi baitute eskuin muturrak indar handia hartu duela azkenaldian.
Duela hamahiru urte, Austriako Gobernuan sartzea lortu zuen Jörg Haider zenaren eskuin muturreko Askatasunaren Alderdiak. Ezustean harrapatu zituen horrek Europa osoko politologo, analista eta gainontzeko adituak. Orduan, datu anekdotikotzat hartu zuten askok ultren igoera eta garrantzia kendu zioten albisteari. Gaur egun, euren espazioa sendotzea lortu dute jite horretako alderdiek, eta muturreko eskuineko hautetsiak hartzen dituzte, besteak beste, Finlandiako, Greziako, Frantziako, Belgikako, Suediako, Herbehereetako, Suitzako edota Norvegiako legebiltzarrek.
Faktore anitz daude muturreko eskuindarren hazkundearen atzean, baina bi arrazoi nagusi nabarmentzen dituzte adituek. Alde batetik, krisi ekonomikoa eta Europako Batasunak ezartzen dituen doikuntza neurriak daude. Bestetik, politikariekiko mesfidantza.
Langabezia, murrizketak, zergen igoera… EBk eta merkatuek ezartzen dituzte herrialdeen politika ekonomikoak, eta testuinguru horretan, irtenbide sinpleak eta ulerterrazak eskaintzen ditu muturreko eskuinak: Europako Batasunetik atera, behartsuen artean elikagaiak banatu —autoktonoen artean bakarrik—, etorkinak kanporatu, islamari trabak jarri… Gizartearen beldur irrazionaletan haztegia duten neurriak dira. Arrazoia alboratu eta zuzenean jendearen erraietara jotzen dutenak. Populismoa eta demagogia.
Muturreko eskuindarrek euren mesedetan erabili duten arma nagusienetako bat, bestalde, politikaren eta politikarien ospe-galtzea izan da. Elite politikoetatik at, zokoratuak izan diren talde gisa aurkeztu dute euren burua Greziako Egunsenti Urrekara edota Bulgariako Ataka bezalako alderdiek.
Ohiko indar politikoen ustelkeria kasuek eta gizartearen arazoak konpontzeko erakutsi duten eraginkortasunik ezak milaka botopaper eraman ditu ultra alderdien zakura. Horietako asko, indar hegemonikoen aurkako protesta botoak. Baina botoak, azken batean.
Ez dira berdinak
Hala ere, Europako eskuin muturreko alderdiak aztertzeko orduan, komeni da arreta ñabarduretan paratzea, haien artean oso bestelakoak baitira, esate baterako, UKIP Erresuma Batuko Independentziaren Alderdia eta Flandriako Vlaams Belang.
Oro har, eta salbuespenak salbuespen, Europako iparraldeko eskuin muturreko alderdiek joko politikoan parte hartu nahi dute, neoliberal sutsuak dira eta ohiko alderdien alternatiba «moderno» gisa aurkezten dute euren burua. Euroeszeptikoak, immigrazioaren aurkakoak eta populistak dira, bai, baina diskurtsoa leuntzen saiatzen dira, eta neonaziekin loturak izatea ukatzen dute, euren jarraitzaileetako asko ekintzaile neonaziak izan arren.
Gero eta hegoalderago joan, alta, orduan eta bortitzago bihurtzen da muturreko eskuindarren diskurtsoa. Hor ditugu, adibidez, Greziako Egunsenti Urrekara eta Hungariako Jobbik alderdiak. Europeismoaren aurkakoak dira horiek ere, baina ez dute euren jarrera xenofoboa ezkutatzen eta darabilten ikonografiak berak nazismoa ekartzen du gogora —Egunsenti Urrekararen logotipoa svastikaren aldaera bat da—.
Greziakoa izan da kasurik ikusgarrienetako bat. Botoen %0,2 lortu zituen Egunsenti Urrekarak 2011ko hauteskundeetan. Handik urtebetera, ordea, bozak aurreratu zituzten eta alderdi neonaziak botopaperen %7 eta 21 parlamentari eskuratu zituen. Alderdiko buruzagi Nikos Mikhaloliakosek esan zuen borroka eginen zuela «ekarri dituzten milioika etorkinen ondorioz, aberria giza oihan bat bilaka ez dadin». Inkesten arabera, hauteskundeak orain eginen balira, hirugarren indarra izanen litzateke Egunsenti Urrekara, eta hazkunde horrek Antonis Samaras lehen ministroaren politikak baldintzatu dituela salatu du oposizioak.
Antzeko zerbait gertatu da Erresuma Batuan ere. Gobernuan diren kontserbadoreek zein liberal-demokratek sufritutako higadura profitatzen jakin du UKIPek. Euroeszeptizismoan oinarritutako bide orri batekin, 147 zinegotzi lortu zituen maiatzeko Ingalaterrako udal bozetan. Duela lau urte baino 139 gehiago. Eta 2015eko hauteskundeetan hirugarren indarra izan daitekeela diote inkestek.
Frantzian, botoen %18 jaso zuen Marine Le Pen muturreko eskuindarraren Fronte Nazionalak, eta hirugarren indar politiko bihurtu zen iazko presidentetzarako hauteskundeetan.
Are ikusgarriagoak dira Suitzako Herriaren Alderdiak 2011ko bozetan lortutako emaitzak, indar nagusia izan baitzen. Islamaren eta etorkinen kontrako mezu gogorra zabaltzen du alderdi horrek. Halakoak entzun daitezke ere Benetako Finlandiarren buruzagi Timo Soiniren hitzaldietan ere. Harentzat, «etorkin oro gaizkile bat da». Suitzan, Norvegian eta Finlandian du muturreko eskuinak indar gehien, baina Austrian, Hungarian, Herbeheretan, Danimarkan eta Bulgarian ere hasia da mamua gorpuzten.
DATUA. 13
• Neonaziak parlamentuetan. Eskuin muturrak 13 herrialdetan ditu parlamentariak: Suitza, Norvegia, Finlandia, Frantzia, Austria, Hungaria, Herbehereak, Danimarka, Bulgaria, Belgika, Suedia, Eslovakia eta Italia.
(Puede haber caducado)