Europako Parlamentuak immunitatea kendu dio Marine Le Peni
Frantziako eskuin muturraren burua musulmanen aurkako adierazpenengatik ikertu ahalko dute orain
Berria, , 03-07-2013ERREDAKZIOA Marine Le Pen Frantziako eskuin muturraren buruzagia auzitegi baten aurrera eramateko bidea erraztu du Europako Parlamentuak. Erakunde horren ordezkari izateagatik zuen immunitatea kentzea erabaki dute ganberako diputatu gehienek, Lyongo Fiskaltzak hala eskatuta. FN Fronte Nazionaleko buruak auzi bat irekita du Frantzian musulmanen aurka egindako adierazpen batzuengatik; gorrotoa eta diskriminazioa sustatzea leporatzen diote. Orain arte, ordea, Fiskaltzak ezin izan du kasuarekin jarraitu, immunitatearen ondorioz. Le Penen ustez, bera da afera horren biktima: «Immunitatea kendu didate disidente bat naizelako». Marinen aita Jean-Marie Le Peni ere 1997an Europako Parlamentuak immunitatea kendu zion, II. Mundu Gerraren inguruan egindako adierazpen batzuengatik. Alabaren adierazpenak 2010ekoak dira. Lyonen egin zituen, FNko jarraitzaileen aurrean. Musulmanen presentzia II. Mundu Gerran Alemaniak egindako okupazioarekin konparatu zuen. «Lehenik, gero eta belo gehiago etorri ziren; ondoren, gero eta burka gehiago, eta, horren ondotik, kaleko errezoak. Sentitzen dut, baina jende askok gustuko du II. Mundu Gerraz eta okupazioaz hitz egitea, beraz, hitz egin dezagun okupazioaz, hori baita hemen gertatzen ari dena. Ez dago tankerik, ez dago soldadurik, baina okupazio bat da». Adierazpen horiengatik MRAP Arrazakeriaren aurkako eta Herrien Adiskidetasunaren aldeko Mugimenduak salaketa bat jarri zion Le Peni, eta Lyongo Fiskaltzak ikerketa bat abiarazi zuen. Immunitaterako arrazoirik ez Joan den ekainaren 19an, ordea, Europako Parlamentuko Justizia Gaietarako Batzordeak immunitatea kentzearen aldeko ebazpen bat egin zuen, Le Penen adierazpenek Bruselako edo Estrasburgoko jarduerekin zerikusirik ez zutela iritzita. Parlamentari gehienek ebazpenaren aldeko botoa eman dute. Eskuin muturreko buruaren arabera, hura «beldurtzea» da erabakiaren xedea.
(Puede haber caducado)