Suitzak asilo legea gogortu egin du, eta etorkin pobreei atea itxi nahi die
Berria, , 11-06-2013XABIN MAKAZAGA
Suitza herrialde abegikorra izan da historikoki, eta asiloa eskatu izan duten iheslariei harrera ona egin izan die. Baina urteak dira atzerritarren sarrerari gero eta neurri gogorragoak ezartzeari ekin ziotenetik. Lurrikara 2006an gertatu zen, boto-emaileen %70 inguruk erreferendumean atzerritartasun eta asilo legeak muturreraino gogortzea erabaki zutenean. Europako legedia gogorrena jarri zuten indarrean, txoko aberats hartako ongizatea babestu nahian; igandean, ordea, beste buelta bat eman zioten immigrante pobreei atea ixteko giltzarrapoari. Europa astindu duen ekonomia krisiak etorkin uholdea eragingo duen beldur baitira.
Asiloa eskatzeko baldintzak gogortzea onetsi zuten igandean herritarrek. Parlamentuak aurrez onartutako neurriak boto-emaileen %78,5ek babestu zituen erreferendumean, %39ko parte hartzearekin. Suitzak bikoiztu egiten du asiloa eskatu dutenen kopurua, Europako Batasunarekin alderatuta: eskatzaile bat 332 biztanleko. Etorkizunean, prozedura azkartu eta helegitea aurkezteko epea hamar egunera mugatuko dute; soldadutzari uko egitea ez da asiloa eskatzeko arrazoi gisa onartuko; eta Suitzak atzerrian dituen enbaxadetan ere ezin izango da eskaera gauzatu. Une honetan, 48.000 iheslari inguru daude asiloa eskatzeko prozeduran.
Hurrengo urte eta erdian, gainera, beste hiru galdeketa egitekoak dira Suitzan, atzerritarrei sarrera zailtzeko. Gobernuak jada onartu du Europako Batasuneko langileen sarrera mugatzea, eta Bruselak haserre erantzun duen arren, bide horri eutsiko diote etorkizun hurbilean. Batasuneko kide izan ez arren, Schengeneko eremuan dago Suitza, eta EBren araudi asko partekatzeko hitzarmenak eginak dauzka. Baina alde bakarrez erabaki dezake arauak noiz eten, immigrazioaren kasuan, egoitza baimenak %10 gehitzen direnean.
Immigranteak dira Suitzako biztanleetatik %23,3; horien artean heren bat, Europako Batasunetik kanpokoak. Eta herritarrek arazotzat hartu dute langile atzerritarren iritsiera. Nahiz eta langile atzerritar gehienak kualifikazio handikoak diren, Alemaniakoak bereziki, ekonomiaren motore bihurtzeraino.
Inguruko herrialdeekin alderatuta, ekonomia ondo doa Suitzan: langabeziak %3ko marka justuan gainditzen du, eta ekonomia aurten %1,2 haziko dela espero dute. Baina xenofobia ikurtzat hartu duten alderdiek gorakada handia izan dute, eta SVP-UDC nagusi da parlamentuan, eserlekuen %25 ingururekin.
Hirietan barik, landa eremuan dauka indar gehien eskuin muturrak, baina alderdi tradizionalen jarduna erabat baldintzatzen ari dira.
Giza eskubideen eta iheslarien aldeko elkarteek adierazi dute «hondamendia» eragingo dutela Suitzak onartu dituen eta onartzekoak dituen neurriek. Bernak, baina, ezinbesteko iritzi die neurri horiei guztiei, «nortasunari eusteko».
(Puede haber caducado)