Parisen gazte antifaxista bat hil ostean, eskuin muturra jomugan jarri dute Frantzian

Clement Meric atzo hil zen, garun heriotza gainditu ezinda; ustezko erasotzailea, 'skinhead' bat, atxilotuta daukate

Berria, , 07-06-2013

XABIN MAKAZAGA
JNR Gazte Nazionalista Iraultzaileak eta indarkeria erabili ohi duten eskuin muturreko gainerako taldeak desegiteko eskaera ozen entzun zen atzo Frantzian, hala Parisko Saint Michel plazan eginiko manifestazioan, nola arduradun politikoen adierazpenetan. Aurreneko kezka Clement Meric 19 urteko ikasle eta sindikalistaren egoera zen, garun heriotza eragin baitzion asteazken arratsean kaskamotz talde batek. Atzo arratsaldean hil zen, ospitalean. Baina gazte antifaxistaren aurkako erasoak Frantziaren beraren osasun demokratikoa agerian utzi duela ere uste dute zenbaitzuk. Sexu berekoen ezkontzaren kontrako mobilizazioetan azaleratu dira indarkeria erabili duten eskuin muturreko talde eta ekintzaile ugari, eta «zaurituta dagoena Errepublika bera» dela esan zuen atzo PS Alderdi Sozialistako idazkari nagusi Harlem Desirek.

Clement Maric asteazken gauean skinhead talde batekin izandako liskarraren ondotik hil da. Lagun batzuekin Parisko Saint Lazare geltoki ondoko denda batean zela, hiru kaskamotz sartu ziren, eta iskanbila izan zuten. Kanpoan, artean egun argitan eta lekuko askoren aurrean, ustez ukabila amerikar batekin aurpegian jo eta konorterik gabe utzi zuten militante antifaxista. Erortzean, buruarekin burdinazko poste bat jo zuen Mericek.

Zientzia Politikoak ikasten zituen Mericek Sciences Po Parisko Zientzia Politikoen Institutuan, eta SUD sindikatuko kide izateaz gain, Paris-Banlieue Ekintza Antifaxista sareko militantea zen. Haste-hastetik «eraso politiko bat» izan zen ustea agertu zuten Frantziako Gobernuko arduradunek. Atzo, lau lagun atxilotu zituen Poliziak Parisen bertan, 20 eta 30 urte artekoak, eta haien artean dago Meric hil duena, «ia ziur», Manuel Valls Barne ministroak azaldu duenez.

Polizi iturrien arabera, JNR Gazte Nazionalista Iraultzaileak eskuin muturreko taldekoak dira erasotzaileak. Lotura baieztatu egin behar dutela nabarmendu dute, hala ere. Haatik, JNRko buruzagi Serge Ayoubek erabat ukatu du erasotzaileak bere taldeko kide direla: «Ziurtasun osoz diot JNR ez dagoela erasoaren atzean. Taldeko kideei banan-banan deitu diet, ziur egoteko, eta erasoa egin bide dutenak nire tropak baino gazteagoak dirudite».

Mericekin batera zeuden hiru lagun eta lekuko ugariren testigantzak hartzeaz gain, kaleko kamerek grabatutako irudiak aztertzen ari da Polizia; erasoa, izan ere, Paris erdi-erdian izan zen, bulebarretatik gertu.

Erantzun politikoa

Frantziako alderdi nagusi guztiek gaitzetsi dute 19 urteko militante antifaxistaren hilketa, eta ezkerrekoen artean, neurriak ere eskatu dituzte eskuin muturreko taldeen indarkeriari aurre egiteko. François Hollande presidenteak, liskarra arrazoi politikoek eragin duten ustean, «ondorio guztiak» atera behar direla esan zuen, «baita indarkeria erabili ohi duten pertsonak biltzen dituzten taldeei buruzkoak ere». Ildo berean, Jean-Marc Ayrault lehen ministroak esan zuen mugimendu horiei aurre egiteko «erantzun politiko eta juridikoak» bilatu behar dituztela: «Txikitu egin behar ditugu, demokratikoki».

Jean-Luc Melenchon Ezkerreko Alderdiko buruzagia izan zen argien eskuin muturreko taldeen kontrako neurriak eskatu zituena: «Desegin egin behar ditugu». FN Fronte Nazionalak ere, eskuin muturrekoa izanagatik, kezka agertu du, eta Marine Le Pen buruzagiak esan du kaskamotz bortitzak kanporatu egin dituela alderditik, presidente denetik.

Atzo Frantzian eginiko protesten ildo berean, Baionako Herriko Etxe aurrean elkarretaratzera deitu dute gaur, 18:00etarako.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)