Futbola, ametsak betetzeko bide

Futbolaren bidez Indiako neskatoak ezkontza goiztiarretik eta indarkeriatik aldendu eta beste aukera batzuk proposatzen dizkien proiektua da Yuwa. Aurtengo Donosti Cupen parte hartuko dute, herritarren laguntza ekonomikoari esker.

Berria, ANE URRUTIKOETXEA DONOSTIA, 06-06-2013

Indiako herri askotan, neskek ez dute erabaki bakar bat ere hartzen bizitza guztian. Gehienek familiak aukeratutako senargaia dute zain jaio aurretik, eta bizitza lanean edo etxean bakartuta igarotzen dute. India ekialdeko Jharkhand estatuan bizi diren emakumeek egoera bereziki latza dute; gaztetxoek ez dute eskola zapaltzen, eta askok ez dakite ingelesez hitz egiten. Etorkizunik gabeko emakume horiei laguntzeko asmoz jaio zen Yuwa elkartea duela bost urte. Yuwak irtenbide sinplea aurkitu du neska horiek aurrera ateratzeko: futbola. 5 eta 18 urte bitarteko neskentzako futbol taldeak sortuz, haur horiek pertsonen trafikotik, ezkontza goiztiarretik eta analfabetismotik aldetzen dituzte.

Uda honetan, amets berria betetzeko aukera izango dute Yuwako neskek. Euskal Herriko Tazebaez taldeko boluntarioek Indiako elkartea ezagutu ondoren, Donosti Cupera etortzeko gonbidapena egin diete. Donosti Cupek laguntza eskaintzen die dirurik ez duten hainbat talderi, baina neskek ez dute nahiko diru, eta Tazebaez taldekoek herritarren parte hartzea bultzatzeko hainbat egitasmo egin dituzte. Maider Idiazabal boluntarioaren esanetan, neskak ekartzeko diru iturri ugaritara jo dute: «Pasaporteak, hegazkin txartelak, kirol materiala eta bestelakoak lortzeko 20.000 euro behar genituen. Enpresetara jotzea izan zen gure lehen aukera, baina herritar guztiek parte hartu zezaten nahi genuen, eta horregatik sortu genuen crowfunding-a». Interneten eta komunikabideetan zabaldutako bideoei esker, berrehundik gora parte hartzaile lortu dituzte, eta uste baino diru gehiago bildu. «Crowfunding-ak duen arazo nagusia da jarritako kopuru minimora iritsi gabe dirua galdu egiten dela. Horregatik, hasieran 8.000 euro lortzearekin konformatu ginen, baina hilabetean 12.000 euro lortu ditugu. Sekulako arrakasta izan da».

Kirola baino askoz ere gehiago

Idiazabalen esanetan, neskek bizitzan oinarrizkoak diren balioak ikasten dituzte Yuwari esker. «Proiektu honek komunitate bat sortzen du, eta bertan, neskatoak libre dira gauza berriak ikasteko eta nolabaiteko independentzia lortzeko». Kirolaren bidez, osasuna zaindu eta taldean funtzionatzen ikasten dute. «Gorputz heziketa klaseak eskaintzen dizkiete Yuwako partaideek, eta neskek haien gorputzaren zein adimenaren osasuna zaintzeak duen garrantzia ikasteko aukera dute». Diziplina eta elkarkidetza ere ikasten dituzte, izan ere, neskek aukeratzen dituzte haien kapitainak, liderrak errespetatzen ikasiz. «Askorentzat, futbolean jokatzea bizitzan hartzen duten lehen erabakia izaten da. Ondoren, eskolara joaten hasten dira, eta futbola ordainsaria bilakatzen da». Yuwari esker, neskak 18 urte bete arte babestuta daude, eta eskolara joateko zein bidaiatzeko aukera ematen die futbolak. «Halako egitasmorik gabe, ez dute munduaren berri. Gehienak ezin dira herritik atera», dio Idiazabalek.

Donostiako Tazebaez taldeko boluntarioek Indiara egindako bidaian izan zuten Yuwaren berri. Han, Franz Gastler Yuwaren sortzailea ezagutzeko aukera izan zuten boluntarioek, eta neskak entrenatzen ikustera gobidatu zituzten. Idiazabalen esanetan, han izan zirenek bizitako esperientzia ahaztezina izan zen: «Yuwako kideak ezagutu bezain laister, Donosti Cupekin hitz egiten hasi ginen, neska horientzat mundua ezagutzeko sekulako aukera zela ikusita».

Donostiara etortzeko aukera izateaz gain, Gasteiz Cupen parte hartzera ere gonbidatu dituzte Yuwako neskak. Indian dauden elkarteko kideak harriturik eta eskerturik daude jasotako laguntzarengatik, eta eskutitz bat bidali dute eskerrak emateko. Rose Thomson Yuwako kideak bidaia horrek neskentzat duen garrantzia azaldu du: «Zergatik gastatu dirutza 22 neska Donostiara ekartzen, diru horrekin familia asko hainbat hilabetez mantendu daitezkeenean? Bada, hau bidaia bat baino askoz ere gehiago delako. Bidaia honek neskei erakutsiko die haien bizitzak baduela balioa eta etxean egoteko baino asko gehiagorako balio dutela».

Indiako emakumeen etorkizuna pixkanaka aldatzea da Yuwaren helburua, eta orain arte proiektuak harrera ona izan du herrialdean. Puspa Toppo Yuwako partaidearen istorioa da horren adibide garbia. 13 urteko neskatoa proiektuan sartu zen futbolaz ezer asko jakin gabe, eta hilabete gutxitan, Indiako gazte selekzioan hasi da jokatzen. Horri esker, Indiako hainbat hiritara bidaiatzeko aukera izan du, eta haren herrixkatik ateratzen hasi den lehen neskatoa izan da. Topporen helburua ezkondu aurretik bizitzan zerbait lortzea dela dio Idiazabalek. «Puspa heroi bilakatu da bere herrian, eta ume zein helduek miresten dute. Zaharrenek ere errespetua erakutsi diote. Horixe da egitasmoaren helburua: neskak haien familientzat eta herritarrentzat eredu bilakatzea».

Hala ere, dena ez da erraza izan Donostiarako bidaian. 22 neska Indiatik atera eta Donostiara bidaiatzea ez da ohikoa herrialdean, eta, Idiazabalen esanetan, gobernuak ez dizkie gauzak erraztu beti: «Lan handia izan dugu neska guztien pasaporteak eta hegazkineko txartelak lortzen. Ez da erraza izan 22 adingabe haien herrietatik atera eta dokumentu guztiak lortzea». Oraindik ere ez dute behar beste diru lortu: «5.000 euro falta zaizkigu, baina ziur gaude lortuko ditugula».

Donostiara egingo duten bidaia lehena izango da neska gehienentzat. Askok ez dute inoiz hegazkin bat hartu, eta ez dute itsasoa sekula ikusi. Dena den, esperientzia ahaztezina izango dela sinetsita, Euskal Herria ezagutzeko irrikan daude.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)