Jipoituriko andrea ere hil egin da, eta atxilotutako gizona espetxeratu dute
Aurkitutako gorpuzkiak 40 urteko andrazko batenak dira; ospitalean larri zen emakumea ere hilda, bi hilketak egotzi dizkiote gizonari Bilboko Udalak jakinarazi du San Frantzisko aldean zaintza handituko duela «aldi batez»
Berria, , 06-06-2013hilketaren erantzule delakoan, kartzelan da atzoz geroztik Juan Carlos Aguilar. Igandean atxilotu zuen Ertzaintzak, bizilagunek andre bat indarrez gimnasio batean sartu zutela abisatu eta gero. Larri zauritutako emakumearen alboan zegoen erasotzailea. Hil egin zen atzo andre hori, ospitalean; 29 urte zituen, eta Maureen Ada Otuya zuen izena. Ondoren egindako miaketetan gorpuzki batzuk aurkitu zituzten poliziek, eta berri eman dute Jenny Sofia Rebollo 40 urteko emakumearenak zirela. Joan den astean hil zuela aitortu du atxilotuak. Uste dute prostitutei eraso egiten ziela. Rebollorekin eta Otuyarekin, hiru gutxienez badira aurten genero indarkeriagatik hil dituzten emakumeak.
Igande arratsaldean atxilo hartu zutenetik, Ertzaintzaren esku egon da atzemandako gizona. Auzitegira atzo goizean eraman zuten, epailearen aurrean lekukotasuna eman zezan, eta arratsaldeko lehen ordurako agindu zuten kartzelan sartzeko. Basauriko espetxean dago, Bizkaian. Kasua sekretupean jarri du auzitegiak, eta ez dute azaldu zer deklaratu duen.
Gizona epailearen aurrean zela hil zen Otuya Basurtuko ospitalean, eguerdian. Ertzainek aurkitu zutenean konortea galduta zegoen, baina larrialdi zerbitzuek lortu zuten suspertzea; «oso larri» zegoela ohartarazi zuen ospitaleak, eta, areago, herenegun arratsean ohar baten bitartez jakinarazi zuen okerrera egiten ari zela.
Rebollo, berriz, hilaren 25ean hil zutela uste du Poliziak, albiste agentzien arabera. Gorpuaren zati batzuk aurkitu dituzte kartzelatutako gizonaren gimnasioan eta etxean; pertsona baten edo gehiagoren gorpuzkiak ziren ez zekiten hasieran, baina auzitegiko medikuen ikerketak baieztatu du andre batenak zirela. Bilboko itsasadarra miatzen aritu dira azken egunetan, han ere arrastoren bat egon zitekeelakoan. Ez dute ezer topatu. Poliziak bazeuzkan hildako andrearen hatz markak, eta hala identifikatu dute. Bi haur ditu: 6 urte ditu batek; besteak, 3.
Bi andreak immigranteak ziren, eta prostitutak. Poliziak esku artean darabilen hipotesia da horien aurka ekitea zela gizonaren asmoa. Ikerketa oraindik ez du itxi Ertzaintzak; egun gutxian gizona bi andre hiltzeko gai izan dela ikusita, polizia iturriek diote ez dela baztertu behar gehiago hil izana. Kontuan izatekoa da aurreko astean hildako andrea desagertu zela inork ez zuela salatu; horregatik ez dute itxi hipotesi hori.
Udala: «Ezustekoa izan da»
Protesta egin zuten atzo ere Bilbon hilketak salatzeko. Udaletxe atarian bildu ziren, dozenaka herritarrekin batera, alderdi politikoetako eta erakundeetako ordezkariak. Iñaki Azkuna alkatea ondoezik, Ibon Areso alkateordeak hitz egin zuen. Harrituta. «Ezustekoa izan da. Aurrekaririk ez zegoen, eta salaketarik ere ez». Emakumeen Mundu Martxak gaur du protesta, 19:30ean, Arriaga plazan.
Eragile batzuek auzitan jarri dute kalearen erabilera arautzeko Bilbon indarrean duten araua. Ohartarazi dute kalean jarduten duten prostituten egoera areago kaskartzen duela. EH Bilduk, adibidez, salatu du «ikusezintasuna, jazarpena eta zigorra» dakarkiela lege horrek prostitutei. «Hiri lasaia da Bilbo, eta ez dago ohituta horrelakoetara», esan du udalak. Polizia gehiago jarrita erantzungo du herriko etxeak hilketen aurrean: kaleko prostituzio gehien han egiten dela eta, San Frantzisko auzoan zaintza handituko dute, «bolada baterako gutxienez».
(Puede haber caducado)