Harria bota eta eskua gorde

Berria, IÑAKI PETXARROMAN, 05-06-2013

Bilbon basakeria matxistak eragindako minaren zirrara oraindik puri-purian dagoela, ez litzateke ahaztu behar gertatutakoa ez dela kasu bakartu bat, ez dela burua galdu duen saileko hiltzaile batek gauzatutako ankerkeria bat. Bilbon gertatutakoa gizon batek gauzatutako krimen sexista bat ez ezik, gizarte patriarkal matxistaren ondorioa da, eta gizarte osoak dauka arduraren zati bat.

Bizkaian ehunka dira —mila inguru, azterketa batzuen arabera— prostituzioan ari diren andreak. Asko mafien sareek kontrolatuta, beste asko aukera handirik ematen ez dien bazterketa larri batek hartaratuta. Kaleko prostituzioa debekatu zuen Bilboko Udalak 2010ean, prostituten aurkako kanpaina gogor baten ostean. Iñaki Azkuna alkateak esan zuen ezin zitzaiela utzi «kaleaz modu txarrean nagusitzen». Osasun publikoaren aurkako «arrisku bat» ziren, agintarien ustez. Droga saltzaile, lapur, mafioso eta beste batzuen pare jarri zituzten, «hezibide oneko» herritarrak gogaitzearen errudun.

Ez dira erasoetatik salbu egon prostitutak. 2009ko martxoan, esate baterako, perdigoi tiroz eraso zioten bezeroen bila ari zen emakume talde bati Miribilla parkearen inguruan —bi zauritu zituzten—. Kaleko prostituzioaren aurkako manifestazio ugariren testuinguruan jazo zen erasoa. Azkunak «oieskeriatzat» jo zuen.

Prostituten aurkako kanpainak eduki zuen bozgorailurik hedabideetan. Kasu askotan, prostituzioari buruzko iragarkiak euren orrietatik kentzeari uko egiten dioten egunkariek—Zapateroren gobernua saiatu zen iragarkiak debekatzen, eta hedabide indartsuek atzera eginarazi zioten— jarri zituzten andreak herritarren haserrearen jomugan. Harria bota, eta eskua gorde.

Kaleko jarduera debekatu eta gero, are eta arriskutsuago bilakatu da prostituten jarduera. Kaleak arrisku ugari ditu, baina babesa ematen du. Eta hori ez da gutxi, sarritan, salatzeko aukerarik ere ez duten paperik gabeko etorkinentzat.

Gizarte matxistaren ondorioetako bat da prostituzioa. Eta ez da eztabaida erraza zer egin harekin, arautu edo debekatu. Garbi dago, ordea, prostituzioa ez dela norabide bakarreko arazoa, alegia, sexu zerbitzuak saltzen dituzten emakumeena. Bistan da haiek ez luketela zerbitzurik salduko eroslerik ez balitz.

Genero indarkeriaren aurkako etengabeko borrokan, prostituten egoera duintzea, zaintzea eta babestea da gizartearen ardura, are eta gehiago jakinda zaurgarritasun eta arrisku gehien duen jardueretako bat dela. Justu kontrakoa egin du gizarte honek gehienetan. Gustu txarrekoa da orain eskuak burura eramatea. Are gustu txarrekoagoa, erasotzaile matxistari justifikazio edo aringarriak bilatzea, biktimen lan jarduera aitzakiatzat hartuta.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)