Gorpuzkiak emakume bakarrarenak direla ondorioztatu du ikerketak

Indarkeria matxistaren ondorioz aurten hildako bigarren andrea da, eta zaurituaren egoerak okerrera egin du

Berria, MAITE ASENSIO LOZANO BILBO, 05-06-2013

Igandean Bilbon atxilotutako gizonaren gimnasioan eta etxean Ertzaintzak aurkitu zituen gorpuzkiak pertsona bakarrarenak dira. Ikerketa iturriek atzo zehaztu zutenez, adin ertaineko emakume batenak dira arrastoak; jatorriz kolonbiarra dela uste dute. Joan den astean andrazko bat hil izana aitortu zuen herenegun atxilotuak berak, polizia etxean. Indarkeria matxistaren ondorioz aurten Euskal Herrian hildako bigarren emakumea da. Beste andre bat jipoitzea egotzita atzeman zuten gizona igandean. Basurtuko erietxean jarraitzen du jipoiaren biktimak, koman, oso larri; eta haren osasun egoerak okerrera egin du azken orduetan.

Ospitaleratu osteko lehen orduak erabakigarri jo zituzten osasun zerbitzuek, baina andreak ez du hobera egin. 29 urte ditu, eta jatorriz Nigeriakoa da. Igande arratsaldean jasan zuen erasoa, gizon batek Zen4 gimnasiora indarrez sartu eta bortizki kolpatu zuenean. Ertzaintza bertara heldu zenean emakumea konorterik gabe zegoen, hilzorian. Bertan suspertu behar izan zuten, erietxera eraman aurretik.

Biktimaren ondoan zegoen ustezko erasotzailea, J. C. A., 47 urteko gizonezkoa, gimnasioaren jabea. Ertzainek atxilotuta eraman zuten eta galdeketan zehar aitortu zuen hilketa, herenegun. Bere etxean zein gimnasioan aurkitutako gorpuzkiak gizakienak zirela berretsi zuen adierazpen horretan, baina zalantza zegoen pertsona bakarrarenak edo gehiagorenak ziren. Ikerketak ondorioztatu du andre bakarrarenak direla gorpuzkiak; atxilotuak joan den asteko ostiralean hil zuela uste dute.

Dena den, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohartarazi du ikerketak luze joko duela. Ertzaintzaren hipotesien artean dago atxilotutako gizonak prostitutak zituela jomugan berariaz; izan ere, ospitalean dagoen emakumeak prostituzioan ziharduen, eta biei antzera eraso zien.

Manifestazio jendetsuak

Hain justu, biktimen babesgabetasun egoera salatu zuten atzo Bilbon. Ehunka lagun atera ziren kalera, larri zauritutako emakumeari babesa adieraztera, eta atxilotuak aitortutako hilketa matxista gaitzestera. Lehenengo elkarretaratzea egin zuten Fleming Doktorea plazan, prostitutekin lan egiten duen Askabide elkarteak deituta. Erakunde horretako presidente Miriam Santorcuatok agerian utzi zuen biktimaren zaurgarritasuna: «Orain arte ikusezina izan da; bere erasotzailea, aldiz, ondo baloratuta egon da gizartean. Ada eta bere egoeran daudenak ez dira soilik erasotzaileen biktima; estigmatizatzen dituen ikusezintasuna ere pairatzen dute».

Emakundeko, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariak izan ziren bilkuran. Udalak goizean igorria zuen gaitzespen mezua, eta gaur eguerdian egingo du elkarretaratzea, udaletxean. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak ere bortizkeria matxista salatu zuen: «Gizartea kontzientziatu behar dugu, ohartzeko gizon-emakumeen inplikazio aktiboa ezinbestekoa dela indarkeriaren aurka».

Ondoren, Emakumeen Mundu Martxarako Plataformak deituta, manifestazioa egin zuten gimnasiora. «Andrazkoentzako politika errealak» galdegin zituzten: «Indarkeria sexista lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala da; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen du».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)