Osakidetzak aitortu du etorkinei fakturak eman izana

Jon Darpon sailburuak dio «salbuespenetan» eman dituztela fakturak erietxeetan, baina ez du zehaztu zenbat diren

Berria, , 28-05-2013

GARIKOITZ GOIKOETXEA
Elkarte ugarik azken hilabeteetan salatu dutena baieztatu du Eusko Jaurlaritzak: paperik gabe dauden etorkin batzuei fakturak eman dizkiete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan. Jon Darpon Osasun sailburuak onartu du hori, Eusko Legebiltzarrean Gorka Maneiro UPDko parlamentariaren galdera bati emandako erantzunean. «Salbuespenetan» eman dituzte fakturak, Darponen arabera. Azaldu du osasun txartelik ez daukaten immigranteei dokumentu bat ematen diela Jaurlaritzak, eta horrekin joan behar dutela ospitalera; paper hori aurkeztu ez dutenei eman diete jasotako zerbitzuaren faktura Osakidetzan, haren esanetan.

Hedabideetan egin dituzte gisa bereko salaketak azken hilabeteetan: kontrakoa esan zuen arren, Osakidetzan fakturak ematen ari direla paperik gabeko etorkinei. Gipuzkoan adibideak jarri zituzten, gainera: haien arabera, ume bat larrialdietara eraman zuten guraso batzuek beherakoarekin, eta 150 euroko faktura eman zieten erietxean. Darponek esan du salatutako gorabeheren berri hedabideen bidez jakin duela, eta kasu bakarra iritsi zaiola bide ofizialetik, Arartekoaren bitartez.

Espainiako Gobernuaren murrizketa neurriak daude auziaren oinarrian; paperik gabeko etorkinak ohiko osasun zerbitzutik at uztea erabaki zuen Madrilek, eta, horri erantzuteko, dekretu bat egin zuen Jaurlaritzak. Baldintza hauek jarri zituen zerbitzua dohainik jasotzeko: urtebete erroldan eta diru sarrera nahikorik gabe egotea; edo urtebete baino gutxiago egonda ere «lan lotura bat» badutela ziurtatzea. Baldintza horiek bete ezean kobratzeko aukera ireki zuen PSEren gobernuak.

Osasun sailburuak azaldu du osasun txartelik ez duten etorkinei dokumentu bat ematen dietela, «Osakidetzaren egoitzetan fakturarik eman ez diezaieten». Areago, adierazi du fakturak jaso dituzten pertsonei gomendatu dietela paper hori eskatzea, «duten egoera konpontze aldera». Darponek aurreratu du Osasun Saila agindu bat prestatzen ari dela etorkinek osasun txartela lortzeko modua arautzeko, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «osasun zerbitzu osoa jaso ahal izan dezaten».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)