Etorkinei ere osasun arreta egokia emateko exijitu dute Donostiako Ospitalean

'Jatorri anitz, herri bat' taldeko kideek osasun zentroetako buruekin eta alderdi politikoekin bilerak eskatu dituzte

Berria, IRATI SARASUA ARABAOLAZA DONOSTIA, 24-05-2013

Jatorri ugaritako herritarrak bildu ziren atzo, 11:00 inguruan, Donostiako Ospitalearen aurrean, haien eskubideak aldarrikatuko zituen elkarretaratzea noiz hasiko zain. 11:15 aldera zabaldu zuten Gipuzkoar guztiak, eskubide guztiak leloa zuen pankarta. Etorkinek osasun arretan izaten dituzten eskubide urraketak salatzeko eta osasun arreta egokia emateko exijitzea zuen helburu Jatorri anitz, herri bat dinamikako kideek antolatutako ekintzak. «Guretzat, Gipuzkoan bizi garen pertsona guztiak gipuzkoarrak gara, edozein dela ere gure jatorria, eta, ondorioz, euskal herritarrak», adierazi zuen LAB sindikatuko kide Leire Garrok elkarretaratzearen hasieran. Herritar horiek eskubide eta aukera berdintasuna bermatua izan dezaten lan egingo dutela esan zuen.

Elkarretaratze isila izan zen, baina argia zen haien aldarrikapena. Pankartaren atzean zeuden 30 lagunek eskuetan zituzten txarteletan euren aldarria azaldu ez ezik, ospitaleko sarreran banatu zituzten paperekin ere informatu zituzten herritarrak.

Krisi egoeran «larriagotzen» ari dira etorkinen aurkako eskubide urraketak. «Pertsona ugariri osasun zerbitzuak jasotzea ukatzen diete, Eskubide Unibertsalen Adierazpena ukatuz», salatu zuten dinamikako kideek. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten Gipuzkoako herritar guztiei osasun arreta bermatzeko, «egoera irregularrean» badaude ere. Haien esanetan, herritar orok izan behar du osasun txartela izateko aukera, eta denei bermatu behar zaie familiako medikua izateko aukera.

Osasun arreta normalizatua eskatu dute herritar guztientzat, hainbatek «traba ugari» izaten dituztelako. Normalean larrialdi zerbitzuetara jo behar izaten dute artatzera, gaixotasuna dena delakoa izanda ere, eta fakturak ere izan dituzte. Horregatik, elkarretaratzea hasi eta ordu laurdenera etorkinen osasun zentro bihurtu zaien lekura egin zuten bidea: larrialdietako zerbitzuaren atera.

Txantxa egiteko tartea ere aurkitu zuten elkarretaratzean; «artatzera eramango zaitugu, horretara goaz» esan zion etorkin batek beste bati larrialdietako zerbitzura bidean. Egoera «gogorra» dutela nabarmendu zuten elkarteetako ordezkariek, baina irribarrea ez zuten ahotik kendu. 11:30ean larrialdietako zerbitzuaren sarreran zeuden. Hamabost minutuz egon ziren han.

Babes eske

Amaieran, Garrok adierazi zuen «orain arte bezala» lanean jarraituko dutela. Jatorri anitz, herri bat dinamikako kideek antolatutako etorkinen arreta zerbitzuan, haien salaketak telefonoz eta webgunearen bitartez jaso dituzte, eta, hala, egoera orokorra ezagutzeko aukera izan dute. Ateratako ondorio horien berri eman nahi diete alderdi politikoetako kideei eta osasun zentroetako arduradunei eskutitz baten bitartez. Horrez gain, gaur egungo egoerari «ahal bezain laster» irtenbidea eman nahi diotela esan zuten, eta, horregatik, bilerak egiteko ere eskatuko dietela adierazi zuten. Batetik, alderdi politikoekin bildu eta haien babesa lortu nahi dute, irtenbidea alderdiekin batera bilatu ahal izateko. Eta, bestetik, osasun zerbitzuetako buruzagiei diagnostikoaren berri eman eta Gipuzkoako herritar guztiei osasun arreta bermatzeko.

Besteak beste, Jatorri anitz, herri bat dinamikan parte hartzen dute Eusko Islamiar Kontseiluak, Topak, Bai Euskal Herriari-k, LABek, Bilgune Feministak, SOS Arrazakeriak, Ikasle Abertzaleek, CNTk, EILASek, Elkartzenek, Kolore Guztiak-ek eta Eleak mugimenduak.

SALAKETAK

Jatorri anitz, herri bat dinamikak etorkinen arretarako prestatutako webgunearen eta telefonoaren bidez jaso dituen gertakarien bilketa egin du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ondorio hauek atera dituzte:

• Hilabeteak erroldatuta. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erroldatuta urtebete baino gutxiago daramaten herritarrek ez dute familiako medikurik izateko aukerarik. Larrialdietara jo behar izaten dute artatzera, eta, hainbatetan, jasotako arreta hori ordaindu behar izan dutela salatu dute. Txartela ez dutenak ere zuzenean larrialdietara bideratzen dituzte.Hori ez zaie aplikatzen 18 urtez azpikoei eta haurdun dauden emakumeei, osasun arreta osoa dohainik izaten dutelako, Gipuzkoako gainerako herritar guztiek bezala. Horren ondorioz, eskatu dute osasun arretako zerbitzuen fakturazioaren eta berrordainketaren ondorioz ezarritako trabak indargabetzeko.

• Txartela egiteko arazoak. Herritar askok salatu dute osasun txartela egitea ukatu dietela, edo txartela lortzeko zailtasunak izan dituztela. Espainiatik Gipuzkoara joaten diren herritarrek ere arazoak izaten dituzte, «ziurgabetasun» egoeran uzten dituzte. Hasieran, txartelaren ordez agiri bat ematen dietelako, eta bertan osasun eskubidea «behin-behinekoa» dela adierazten dietelako.

• Arreta, fakturetan islatuta. Larrialdietan artatutako herritarrei faktura bat ematen diete jasotako arretagatik. Ohiko diarrea bategatik, adibidez, 150 euroko faktura bat jaso dute.

• Gaixotasun kronikoak. Txartelik ez duten herritarrentzako garestiagoak dira botikak. Arrazoi hori medio, gaixo kronikoek eta pentsiodunek zailtasunak izaten dituzte tratamendua jasotzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)