Eskuin muturraren erreakzioa eragin du Londresko soldaduaren hilketak

Ingalaterran protestak eta zenbait istilu izan dira musulmanen aurka; Cameronek giroa baretzeko deia egin du

Berria, MIKEL RODRIGUEZ, 24-05-2013

Londresen herenegun gertatu zen soldadu baten hilketak eskuin muturraren erreakzioa eragin du, eta agintariak beldur dira ez ote duen musulmanen aurkako giroa areagotuko eta tentsioak gainezka eginen. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak hilketa aztertzeko bileraren ondoren adierazi du erasoa «soil-soilik egin duenaren errua» dela, eta islama eta gertatutakoa bereizi nahi izan ditu, giroa baretzeko ahaleginean. Izan ere, hilketa gertatu eta hurrengo orduetan eskuin muturreko taldeek protestak egin zituzten Londresen —Poliziarekin ere istiluak izan zituzten—, eta Ingalaterrako Braintree eta Gillingham hirietan bi meskitari eraso zieten. Soldaduaren hiltzaileak ospitalean dauzkate atxikita, Poliziak tiro egin baitzien —bat larri dago—. Bertze bi lagun atxilotu zituzten atzo, erasoarekin zerikusia dutelakoan.

Bi gizon gaztek karrika baten erdian egun argitan hil zuten soldadua, Woolwich auzoan, dozenaka lekukoren aitzinean. Polizia ailegatu baino lehen, hilketa egin eta berehalakoan lekuko batek bideoz grabatu zuen gazteetako bat, eskuak odolez zikinduta eta sukaldekoak diruditen bi nabala handiri eusten —ustez militarra hiltzeko erabilitakoak—; gazteak kameraren aitzinean azaldu zuen «egunero hiltzen dituzten musulmanak» mendekatzeko hil zutela soldadua. Gorpua ere ageri zen, errepidearen erdian botata. Minutu batzuen buruan bertaratu zen Polizia. Lekukoen arabera, bi mutilak oldartu egin zitzaizkien, eta poliziek tirokatu egin zituzten. Bertze bideo batean atxilotu zituzten unea ageri da, bi gazteak lurrean botata daudela. Argitaratu diren irudietan ez da ageri soldaduaren hilketaren une zehatza, ezta Poliziaren tiroketarena ere. IPCC Poliziaren Salaketetarako Batzorde Independenteak jakinarazi du, baina, tiroketaren irudiak ikusi dituela, segurtasun kamera batek grabatutakoak.

«Hori da islama»

Eskuin muturrak berehalakoan erreakzionatu du, musulmanak jomugan paratuz. Erresuma Batuko hedabideen arabera, hilketa izan eta ordu batzuetara EDL Ingelesen Defentsarako Liga taldeko jarraitzaileak Woolwichen bildu ziren. Musulmanen aurkako oihuak egin zituzten, eta Poliziarekin istiluak izan zituzten. Braintreen, 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuten meskita batera labana batekin sartu ondoren. Poliziaren arabera, eraikinari su emateko asmoa zuen. Gillinghamen bertze gizonezko bat atxilotu zuten meskita batean «kalte kriminalak» eragin ondoren.

Eskuin muturreko politikariek ere egoera baliatu dute giroa berotzeko. «Gure soldaduen buruak mozten ari dira. Hori da islama. Hori da ikusi duguna», adierazi du Tommy Robinson EDLko buruak. «Gure hurrengo belaunaldiei eskolan erakusten ari diete islama bakearen erlijioa dela. Ez da hala, inoiz ez da izan». Gobernuari eta Poliziari «erreakzio bat» eskatu die Robinsonek. BNP Alderdi Nazional Britainiarreko buru Nick Griffin ere ez da isilik geratu, eta erasoaren erruduna «immigrazio masiboa» dela erran du.

Hil honen hasieran eskuin muturreko UKIP Erresuma Batuaren Independentziarako Alderdiak ezustea eman zuen udal hauteskundeetan Ingalaterran, eta zortzi zinegotzitatik 147ra igo zuen ordezkaritza. Euroeszeptizismoan oinarritu zuen kanpaina, baina alderdiko ordezkariek islamaren aurkako adierazpenak egin dituzte maiz. EDL ez da bozetara aurkezten, baina udal bozetarako UKIP babestu zuen. BNP bere kontura aurkeztu zen.

Eskuin muturraren gorakadak botoetan kontserbadoreei egin die kalte. Horregatik, herenegungo erasoaren ondoren Cameron eskuin muturraren diskurtsoa neutralizatzen saiatu da. Erresuma Batuko erakunde islamikoek erasoa gaitzetsi dutela nabarmendu du, eta erran du «terrorismoari aurre egiteko modu onena normaltasuna mantentzea» dela. Dena den, gobernuak nola erantzunen duen ikusteko dago. Oraingoz, eraikin militarren inguruko zaintza areagotu du, eta 1.200 polizia gehiago bidali ditu Londresera. 2005eko erasoen ondoren —56 lagun hil zituzten—, Poliziak brasildar gazte bat hil zuen Londresko metroan tiroka, erabat argitu gabeko arrazoiengatik. Gobernuak terrorismoaren aurkako legedia ere anitz gogortu du ordutik.

Lau atxilotu denera

Poliziak eta agintariek informazio gutxi eman dute erasotzaileen inguruan. Ospitalean atxilotuta dauzkatenak 28 eta 22 urteko bi gizonezko direla berretsi dute, eta, horiez gain, 29 urteko gizon eta emakume bana ere atzeman dituztela. Gainerakoa hedabideek argitaratu dute, gobernuko edo Poliziako iturri anonimoak aipatuz. Horien arabera, erasotzaileetako bat Michael Adebojalo 28 urteko gaztea da. Haren sendia Nigeriakoa da jatorriz, eta kristaua, iturri horiek diotenez, baina Adebojalok islama hartu zuen erlijiotzat. Ez dute inongo talde armaturekin lotu. Erresuma Batuko hedabideen hipotesi nagusia da erasotzaileek haien kabuz erabaki zutela soldadua hiltzea. Hildako militarra, berriz, Lee Rigby 25 urteko gizonezkoa dela jakinarazi dute agintariek. Afganistanen egon zen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)