MIGRAZIO ERREFORMARAKO LEGE PROPOSAMENA

Berria, , 23-05-2013

MUGA SEGURTASUNA

• Muga zaintzeko plana. Erreformak aurrera egiten badu, mugaldeko segurtasuna hobetzeko plana garatu beharko du Barne Segurtasunerako Departamentuko Idazkaritzak. Horren barruan, AEBak eta Mexiko banatzen dituen harresiko segurtasuna hobetu nahi dute erreformaren sustatzaileek, atxiloketa gehiago egin ahal izateko. Paperik gabe muga zeharkatzen dutenen %90 atxilotzea eta deportatzea aurreikusten du arauak. 3.000 milioi dolar bideratuko dituzte plan horretarako.

• Baliabide gehiago, agenteentzat. Etxe Zuriak diru sail osagarria bideratuko du, Aduanako eta Mugako Patruiletako agenteek baliabide gehiago izan ditzaten. Besteak beste, entrenamendu programak abiatu nahi dituzte , Barne Segurtasunerako Departamentuko agenteek «indarra modu egokian erabiltzen» ikas dezaten. Mugako Ikuskapen Taldea ere osatuko dute, mugaldeko operazioetan aldaketak proposatzeko.

LEGEZTATZEA

• Behin-behineko Immigrante Erregistratuen Programa. Proposamenak aurreikusten duen titulu berria da PRI Behin-behineko Immigrante Erregistratuen programa. 2011ko abenduaren 31 baino lehen AEBetan sartu ziren migratzaileei eragingo die, eta behin betiko hiritartasuna lortzeko bidean, lehen pausoa izango da. Lehen agiri hori lortzeko, immigranteek ezin dute aurrekari penalik izan, ezin dute deliturik egin, zergak eta kuotak ordaindu behar dituzte eta, horrez gain, baita 500 dolarreko isun bat ere. Lan egiteko eta atzerrira bidaiatzeko baimena ematen du.

• Agiriaren berritzea. Behin-behineko Immigrante Erregistratuen txartelak sei urteko baliotasuna dauka. Horren ostean, aurreko betebehar guztiez gain, legezko lana dutela eta pobreziaren mailatik gorako diru iturriak dituztela frogatu beharko dute agiria berritu nahi duten migratzaileek.

• Behin betiko baimena. Hamar urteren buruan, PRI txartela lortu duten etorkinek Baimen Iraunkorra edo Karta Berdea eskatu ahal izango dute. Horretarako, hainbat baldintza bete beharko dituzte: 1.000 euroko isuna ordaindu, ingelesa ikasten ari direla frogatu, zergak ordaindu, aurrekari penalik ez dutela frogatu eta lan kontratua aurkeztu, besteak beste. Orain arte, AEBetan legalki bizi izan diren immigranteek beren estatusa kategoria berri honetara eguneratzea eskatu ahal izango dute.

• Dream Act. AEBetan 16 urteak bete baino lehen sartu ziren pertsonei eragingo die. Oinarrizko Hezkuntza-Prestaketa edota GED Oinarrizko Hezkuntzaren Garapenerako testa gainditu dutenek, PRI txartela lortu ahal izango dute. Dream Act programaren barruan daudenek ez dute isunik ordaindu behar izango. Hiritartasuna lortzeko bidea 5 urtekoa izango da 16 urtetik beherakoentzat.

• Nekazaritza Programa. Lege proiektu hau onartu aurreko bi urteetan, gutxienez 100 egunez edo 575 orduz lan egin dutela frogatzen duten nekazari langileek Nekazaritza Lan Baimena eskuratu ahal izango dute. Horrez gainera, bost urteko epean, urtero 100 egun, edo hiru urteko epean, urtero 150 egun lan egin dutenek behin betiko hiritartasuna lortuko dute. Horretarako, aurrekari penalik ez dutela frogatzeaz gainera, 400 euroko isuna ordaindu beharko dute.

• Estatubatuar Berrien Bulegoaren sorrera. Hiritar berrientzako «laguntza taldea» izango dela dio lege proposamenak. Etorkinak tokiko komunitateetan «integratzen» laguntzea edo ingeles zein gizatasun eskolak ematea izango dira bulegoaren zereginak.

BISAK

• Kualifikazio handiko langileentzako baimenak. H-1B bisen programan aldaketak egitea aurreikusten du lege proposamenak. 65.000tik 110.000ra pasako dira, baina 180.000 jaulkitzeko aukera ere badago, goi kualifikazioko lanpostuen eskaerak gora egiten badu. Hala ere, langile estatubatuarren kontratazioa lehenesteko neurriak ere aplikatuko dituzte.

• Behe mailako lanpostuak. Kualifikaziorik gabeko langilerentzako W-Visa modalitatea. 3 urteko baliotasuna du eta 20.000 bisa banatuko dituzte hasiera batean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)