AEB. IMMIGRAZIO LEGEAREN ERREFORMA

Zulo beltzean argi izpi bat

AEBetako migrazio sistema erreformatzeko lege egitasmoa, Barack Obamak aurkeztua, onartu du Senatuko Justizia Batzordeak Baldintza gogorrak ezartzen ditu 11 milioi migratzaileren egoera legeztatzeko asmoz

Berria, XABIN MAKAZAGA, 23-05-2013

AEB Amerikako Estatu Batuen behar sozial eta ekonomikoei erantzun nahi dien immigrazio erreformak aurreneko koska gainditu du Senatuan. Historikoa bilakatu daitekeen bozketa batean —legea onartzeko zailtasun handiagoak izango dira Ordezkarien Ganberan—, Senatuko Justizia Batzordeak AEBetako immigrazio sistema aldatzeko lege egitasmoa onartu zuen atzo, aldeko 13 boto eta kontrako bostekin. Barack Obama presidenteak lehen agintaldian bazterrera utzi behar izan zuen proiektua, 11 milioi immigranteren legeztatzea ekar dezakeen lege erreforma, bere bidea egiten hasi da.

Zortziko Taldeak —lau senatari demokratak eta lau errepublikanok— hitzartutako testua egokitzeko, ehun proposamen baino gehiago eztabaidatu eta bozkatu ditu azken egunotan Senatuko Justizia Batzordeak, hamar senatari demokrataz eta zortzi errepublikanoz osatua. Eta ekainean eramango dute lege egitasmoa Senatuaren osoko bilkurara. Onartuko balute, Ordezkarien Ganberara igorriko lukete gero. Eta hor, errepublikanoek gehiengoa dutenez, legea onartzekotan ere testuan aldaketa handiak izan daitezke. Baina, hasteko, Senatuko batzordean ados jarri dira demokratak eta errepublikarrak, duela urtebeteko blokeo egoera gaindituta.

Migrazio legeen azken erreforma 1986an egin zuten AEBetan, duela 27 urte, Ronald Reagan presidente zela, eta paperik gabeko hiru milioi laguni amnistia eman zieten. Orain, 11 milioi immigrante legeztatzea aurreikusten dute, baina beste asko eta asko bazterrean utziko dituztela jakinaren gainean.

Hamar urteko itxaronaldia

Karta berdea edo behin betiko legeztatzea lortzeko, hamar urteko bidea gainditu beharko dute immigranteek, traba eta oztopoz betea. 2011ko abenduaren 31 baino lehen AEBetan sartu ziren migratzaileei eragingo die, eta hiritartasun eta ingeles frogak gainditzeaz gain, zergak eguneratu eta 1.000 dolarreko isun bat ordaindu beharko dute. Halaber, delitu historiala garbi izan beharko dute. Eta baldintza horrek hautagai asko kanpoan utziko ditu.

Deportazio bat, edo hiru zirkulazio isun jasotzea, esaterako, oztopo gaindiezina izango da hiritartasuna lortzeko. Behin-behineko immigrante estatusarekin hamar urte igaro ostean, lege hausterik egin gabe eta baldintza guztiak beteta, karta berdea lortu ahal izango dute. Horretarako, baina, aldi oro AEBetan izan direla egiaztatu beharko dute. Senideren bat gaixotu edo hilez gero, jaioterrira itzultzeak AEBetako hiritartasuna lortzeko aukera galaraziko lieke.

Dena den, aurrez deportatua izan arren —egunean 1.000 kasu inguru izaten dira— AEBetan senideren bat duten migratzaileei paperak emateko aukera ez dute erabat baztertu. Adingabe asko daude egoera horretan, baina haien egoera erregularizatzeko baldintzak ez dituzte zehaztu.

Paperik gabeko migratzaileei hiritartasuna emateko aukerarekin bat, Mexikoko mugan segurtasuna handitu eta aldi baterako lan programak sustatuko dituzte. Mexiko eta AEBen arteko muga zaintzeko, 3.000 milioi dolar bideratzea aurreikusten du migrazio legearen erreformak. Eta muga igarotzen duten paperik gabeko migratzaileen %90 atxilotzeko baldintza ere aipatu dute.

Bestalde, langile kualifikatuentzako bisatuak ugaritu egingo dituzte, baina landa eremuan langile migratzaileak «esklabotzaren pare» utziko lituzketela salatu dute giza eskubideen aldeko elkarteek. Lehen, urte erdiko kontratua izan ohi zutenek, beste urte erdia jaioterrian igarotzen zuten. Orain, mugako kontrolak zorroztuta, AEBetan aldi luzeak lanik gabe iraun behar izateko arriskua dute.

Sektore teknologikoan langile kualifikatuentzako H-1B bisatuak 180.000 arte ugaritzea ere hitzartu dute Senatuko batzordean, baina «langile estatubatuarrak» babesteko lan neurrien truke. Finean, AEBen premietara egokitzen den migrazio erreforma baita Barack Obamak sustatu eta Senatuko Justizia Batzordeak onartze bidean jarri duena.

Errepublikanoak, Ted Cruz senatariaren bitartez, lege erreformarekin paperak lortuko lituzketen migratzaileei AEBetako hiritartasuna ukatzeko baldintza ezartzen saiatu dira Senatuan, laguntza publikoak eta osasun zerbitzurako sarrera ukatzeaz gain. Neurri hori atzera bota dute batzordean, baina legea Ordezkarien Ganberara iritsiko balitz zein bide har lezakeen erakusten du.

Patrick Leahy demokratak, Senatuko batzordeko buruak, atzera egin zuen azkenean, eta ez zuen aurkeztu estatubatuarrei beren sexu bereko bikotekideen hiritartasuna sustatzeko aukera emango ziokeen emendakina.

Demokratek eta errepublikanoek Senatuko batzordean lege egitasmoa aurrera atera badute, AEBetako Presidentetza hauteskundeen emaitzengatik izan da. John McCain eta Ted Kennedy senatarien asmoa, 2007an, eztabaida garratzek galdu zuten. Baina ordutik, gauzak aldatu egin dira: 2008an eta 2012an hispanoen botoa erabakigarria bilakatu da presidentetza eskuratzeko —Obamaren alde egin dute %70 inguruk—, eta errepublikanoek beren burua behartuta ikusi dute AEBetan bizi diren migratzaileei keinuren bat egiteko. Hortik Obamaren proposamena dagoenetan onartzera, ordea, mundu bat dago.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)