Aitor Oiarzabal Azkoitiko Udaleko Aniztasun saileko teknikaria
"Jatorri desberdineko azkoitiarrak integratzeko ekimen guztiak euskara eta euskal kulturan oinarrituta daude"
Aitor Oiarzabal 36 urteko irundarra 2008an hasi zen Azkoitiko Udaleko Aniztasun sailean lanean. Bere ustetan, "herri txikia izanda, Azkoitiak aukera paregabea eskaintzen du jatorri ezberdineko herritar guztien arteko elkartasuna eta hurbiltasuna lortzeko". Berak helburu horrekin egiten du lan
Diario de noticias de Gipuzkoa, , 16-05-2013Azkoitia. Aitor Oiarzabalek badaki “lan asko egiteko dagoela” atzerritik etorritako azkoitiarrak herriko bizitzan guztiz integratzeko. Hala ere, baikorra da eta azkoitiar guztiak animatu nahi ditu beste herrialdeetatik ailegatutakoengana gertura-tzeko. Bere ustetan, pauso hori ematen dutenentzat, esperientzia “oso aberasgarria da”. Azken batean, “denok gaude herri honetan bizitzen eta lan egiten eta denon artean egiten dugu herria eguneroko elkarbizitzarekin”. Ildo beretik, Udalak Aniztasun politika aurrera eramateko jarritako leloa “jatorri anitz herri bat” dela gogorarazten du.
Zein da Udaleko Aniztasun saileko helbururik nagusiena?
Jatorri desberdineko herritar guztien arteko elkarbizitza lantzea eta erraztea, eguneroko bizitzan eta arlo desberdinetan.
Beste lekuetatik ailegatutako zenbat herritar bizi dira Azkoitian?
Euskal erkidegotik kanpo jaiotakoak biztanlegoaren %33,40 dira. Horietatik, gehienak Estatuan jaiotakoak dira eta %8a beste herrialdeetatik etorritakoak. Azken hauen artean marokoarrak dira gehienak (274) eta horien atzetik pakistandarrak (270), portugaldarrak (57), argeliarrak (49), eta errumaniarrak (48) daude.
Udaleko Aniztasun saila 2008an sortu zen. Zer nolako pausuak eman dira ordutik jatorri desberdineko herritarren integrazioa lortzeko?
Lehenik eta behin herriko errealitatea ezagutzeko diagnostikoa egin zen eta hortik abiatuta hainbat egitasmo jarri dira martxan. Hasteko, herriko bizitzaren arlo desberdinetan beste herrialdeetatik etorritako azkoitiarren partaidetza bultzatzeko ikerketa bat egin zen eta horrekin batera eguneroko bizitzan emakumeen papera indartzeko egitasmoa. Ondoren, Plan orokorra egin zen 2010ean eta azken urteotan errealitatea asko aldatu denez dokumentu hori egoera berrira moldatzeko hausnarketa abiatu dugu.
Horretaz aparte programa zehatzak ere ipini dituzue martxan…
Bai, noski. Alde batetik, Zubiak errotzen egitasmoa abiatu dugu Banaiz Bagara elkartearen eskutik, beti ere, jatorri desberdineko emakumeak euskara eta euskal kultura ikasteko. Bestalde, Auzoko programa jarri dugu martxan Topagunea elkartearekin elkarlanean. Horren bidez euskaraz hitz egiten duten herritarrak eta hizkuntza ezagutzen ez dutenak elkartu nahi izan ditugu. Bi programa horietako parte-har-tzaileak astean behin elkartzen dira, euskara lantzeko. Horretaz aparte, Udalak hizkuntza desberdinetan argitaratutako hiztegitxoak eta baliabide gidak kaleratu ditu.
Hala ere, Aniztasun sailetik bultzatutako programarik inportanteena beste herrialdeetatik etorritako umeen integrazioa lortzeko bideratuta dago, ezta?
Bai, batez ere gaurko umeak etorkizuneko azkoitiar helduak izango direlako. Beraiei zuzendutako programa Udala eta AEK euskaltegiaren artean bultzatuta dago eta une honetan Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 70 neska-mutil inguru ari dira parte hartzen. Umeak astean lau egunetan elkartzen dira euskara ikasteko, Kontzejupean edo kultur etxean. Oso pozik gaude egitasmo horren orain arteko emaitzekin.
Ikusten dut euskarak izugarrizko presentzia duela atzerritik etorritakoak Azkoitiko bizitzan integratzeko abiatutako egitasmoetan…
Bai. Jatorri desberdineko azkoitiarrak herriko bizitzan integratzeko abiatutako programa guztiak euskara eta euskal kulturan oinarrituta daude; euskararen bidez lortu nahi dugu elkartasun hori.
Atzerritarren kontra herrian entzuten diren zurrumurruak aztertzeari ere ekin diozue…
Bai, Azkoitian bizi diren herritar eta eragile guztien partaidetzari irekita dagoen Aniztasun kontseiluan atera zen gaia eta aztertu ondoren herritarren artean zabalduta dauden zurrumurruak ezagutzeko inkesta bat kaleratu genuen. Guztira 300 erantzun baino gehiago jaso genituen eta horren ondoren SOS Arrazakeria erakundearekin jarri ginen kontaktuan sentsibilizazio tailerrak antolatzeko. Horien bidez, informazio zuzena eman eta zurrumurruen aurka lan egiteko sare bat sortu nahi dugu herrian. Oso pozik gaude lehenengo tailerrera 40 herritar gerturatu zirelako.
Joan den astean eskualde mailako Ipaka Aniztasun kulturalaren lehen astea ospatu zenuten herrian. Zer nolako balorazioa egiten duzue?
Behin betiko balorazioa Aniztasun kontseiluaren hurrengo bileran egingo da baina hasiera bateko balorazioa oso positiboa izan da, herritar eta eragileren inplikazioa oso ona izan delako. Partaidetza handia izan da eta arlo desberdinetan gauza asko egin dira. Beraz, ekimenak 2014an jarraitzea gustatuko litzaidake.
Kontaidazu zure lanean bizi izandako bitxikeriren bat…
Ander Ugarte Punpa-k pilotari profesionalentzako pilotak egiten ditu eta 21 pilota eman zizkidan umeen artean banatzeko. Kontzejupean sarri egoten dira beste herrialdeetatik etorritako umeak pilotan jolasten, bati pilota bat eman nion eta hurrengo egunean hilara bat zegoen pilotak jasotzeko. Punpa-k emandako pilotak eman nizkien baina horren ordez juramentu modukoa egitea eskatu nien. Bakoitzak pilota ondo zaintzeko eta gogor entrena-tzeko konpromesua hartu behar zuen eta horren ondoren bakoitzaren izena ipini nion pilotan. Umeek oso pozik egin zuten juramentu hori eskuan pilota zutela.
Zer esango zenieke azkoitiarrei?
Beste herrialdeetatik etorritako herritarrengana hurbiltzeko, esperientzia hori oso aberasgarria delako. Herri txikia izanda, Azkoitiak guztien arteko elkartasuna eta hurbiltasuna lortzeko aukera parebagea ematen duela uste dut.
las claves
· Gipuzkoako txokorik maiteena. Meakako auzoa, Irunen. Familiaren baserria han dagoelako eta nire sustraiak handik datozelako.
· Paisaia idiliko bat. Jaizkibel gainatik dagoen Bidasoako bista.
· Festa edo ospakizun bat. Irungo San Martzialak, dudarik gabe. Ahal izan dudan guztietan hartu dut parte Alardean eta hori da gehien maite dudan festa.
· Mendi bat. San Martzial. Askotan joan izan naiz hara paseatzera eta asko gustatzen zait.
· Hondartza bat. Hendaiakoa. Hondartzaren inguru guztia eta handik ikusten den paisaia izugarri gustatzen zaizkit. Bizitzeko lekurik onena izango zen niretzat.
(Puede haber caducado)