Alokatzeko eskubidea ukatuko diete paperik gabeei

Eusko Jaurlaritzak etxebizitzarako sarbidean diskriminatu egiten duela salatu du SOS Arrazakeriak

Berria, , 15-05-2013

URTZI URKIZU
Paperik gabeko atzerritarrek orain arte etxebizitza alokairuan eska zezaketen, baina Etxebideko arau berriekin aukera galdu dutela salatu du SOS Arrazakeria taldeak. «Paperik gabeko atzerritarrek gutuna jaso dute bizitzeko baimena aurkezteko eskatuz. Eta, bistan denez, ezinezkoa zaie», azaldu du elkarteak.

Bilboko Udalak etxetik kaleratuentzako udal harreta zerbitzua abiaraziko duela iragarri du aste honetan. «Eusko Jaurlaritzak, aldiz, guztiz kontrakoa eragingo duen neurri bat jarri du martxan», nabarmendu du SOS Arrazakeriak. «Krisialdi eta eskubideen murrizketa garai honetan, paperik gabeko pertsonei osasun sistemaren sarbidea ukatu zaie lehenengo, eta orain etxebizitza alokatzeko eskubidea atzera bota zaie». Neurri horrekin Eusko Jaurlaritzak «bereziki ahula» den kolektibo bati «duintasun eta eskubideekin bizitzeko» oztopoak jartzen dizkiola uste dute. «Etxebizitza duin bat izateko eskubidea herritar guztion eskubidea da, eta ezin da baldintzatua egon jatorria edo egoera administratiboaren arabera». Taldearentzat ez da beste murrizketa soil bat: «Pertsona guztientzako egoera bera mantentzeko printzipioaren haustura da».

Eusko Jaurlaritzaren erabakia etorkinen eskubideen errekonozimenduan «atzerapausoa ematea» dela esan du SOS Arrazakeriak. «Kolektibo honek etxebizitzarekin duen arazoa larriagotzen du, eta Eusko Jaurlaritzak hitzartu duen integrazio politikaren aurkakoa da».

Etorkin gutxiago Bilbon

Bilboko Udalak eman dituen datuen arabera, Bizkaiko hiriburuan etorkinen kopurua jaitsi egin zen iaz. 2000. urtetik, etorkin kopurua gutxitzen den aurreneko aldia da. 2013. urteko urtarrilaren 1ean, 28.523 atzerritar zeuden erroldatuta Bilbon —biztanleen %8,15—. Aurreko urtearekin alderatuz, 1.668 etorkin gutxiago zeuden Bilbon erroldatuta; Espainiakoak ez daude zenbatuta. Bolivian jaiotakoak dira, kopuruz, komunitate handiena, 4.151 hain zuzen. Kolonbiakoak datoz ondoren: 2.527. Bi herrialde horietan jaiotakoak dira atzerritarren %23,4.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)