Debabarrena-Urola Erdia
Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako I. Aniztasun kulturalaren festa izango da hilaren 11n Azkoitian
Bailarako herritar guztientzako ekintza ugari izango dira datorren astean zehar Munduko kultura, kirola eta gastronomia protagonista izango dira Izarraizpeko aniztasun kulturalaren barruan
Diario de noticias de Gipuzkoa, , 04-05-2013Azkoitia. “Bailaran dagoen kultur aniztasuna ezagutarazi eta elkarren berri izatea”. Hori da Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako udalek eta kultur eragileek elkarrekin antolatu duten Ipaka, Izarraizpeko Aniztasun Kulturalaren I. astearen helburua.
Astea Azkoitian burutuko da aurten eta bailarako herritar guztiak gonbidatuta daude astelehenetik aurrera egingo diren ekintza desberdinetan parte hartzera.
Egitarauari hasiera emateko poesia musikatua izango da astelehenean, 19.00etan, Etxe-Beltzen.
Asteartean, etorkinei buruzko zurrumurroen inguruko tailerra egongo da (18.00etan Elkargunean) eta asteazkenean ipuin kontaketa arabieraz eta euskaraz (18.00etan ludotekan) eta antzerki tailerra (21.00etan Elkargunean).
Ostegunean, berriz, pintxo-poteoa izango da Azkoitiko tabernetan (19.00etan hasita) eta gauean Senegaleko musika akustikoa entzuteko kontzertua (22.00etan Zakelan).
Ostiralean, munduko gastronomia ezagutzeko tailerra egingo da Elkargunean (15.00etatik 17.00etara arte) eta horren ondoren kriketaren nondik norakoak ezagutzeko tailerrak (17.30ean gazteentzat eta 18.30ean helduentzat) eta bertso jaialdia (22.30ean Floreagan). Azken ekitaldi horretan Jon Maia, Jone Uria, Arkaitz Estiballez, Alaia Martin, Aitor Mendiluze eta Ugaitz Beristain bertsolariek parte hartuko dute.
Horretaz aparte, datorren aste osoan zehar arte erakusketak izango dira ikusgai, Torre-Zuri, Etxebeltz eta Elkargunean, hain zuzen ere.
Hilaren 11n, festa Ipaka, Izarraizpeko Aniztasun Kulturalaren I asteari amaiera ona emateko egun osoko festa izango da datorren larunbatean Azkoitiko Herriko plazan.
Jardunaldian zehar munduko gastronomia dastatzeko postuak eta munduko dantza eta musika erakustaldiak egongo dira. Gainera, festari amaiera emateko Leo´k taldearen kontzertua egongo da (23.00etan).
Edonola ere, Ipaka ekimena ez da hilaren 12ra arte bukatuko. Igande horretan kriket partida (11.00etan Oteiza frontoietan), bidaiei buruzko tertulia (18.00etan kultur etxean) eta haurrentzako zirko saioa (18.00etan plazan) izango dira.
(Puede haber caducado)