Neonazien janari banaketa eragotzi egin du Greziako Poliziak

Atenasko alkatea jotzen ahalegindu da Egunsenti Urrekara alderdiko diputatu bat, sakelan pistola zuela

Berria, , 03-05-2013

ERREDAKZIOA
Janaria doan, baina soilik greziarrentzat. Irudia ohiko bihurtu du Egunsenti Urrekara alderdi neonaziak Grezian, eta giza eskubideen aldeko elkarteek gogor gaitzetsi izan dute premia gorrian direnentzako laguntza itxurarekin mozorrotutako ekintza arrazista. Atzo, Ostegun Santu Ortodoxoa ospatzen zela eta, Atenasko Syntagma plaza aukeratu zuen gisa horretako ekitaldi baterako alderdi neonaziak. Yorgos Kaminis alkateak, baina, deialdia legez kanpokotzat jo zuen —Egunsenti Urrekarak baimen ofizialik ez zuen janaria banatzeko—, eta neonaziek debekua errespetatu ez zutenez, Poliziak desegin egin zuen ekitaldia.

Egunsenti Urrekarak egun seinalatuak aukeratu eta «gorrotoz betetako jantokiekin» greziarrei desafio egiten diela salatu zuen Atenasko alkateak. «Herrialdeko plaza nagusia hartu nahi zuten, Konstituzioaren plaza; baina gizarte demokratikoa nagusitu egin da».

Goizeko zapietan, izan ere, agintarien ohartarazpenei jaramonik egin ez eta neonaziak janaria zeraman kamioia husten saiatu zirenean, Poliziak desegin egin zuen neonazien elkarretaratzea Syntagma plazan. Janaria banatu zuten gero, «soilik greziarrei» banatu ere, baina alderdi neonaziaren egoitzan.

Udalaren egoitzan erasoa

Egunsenti Urrekara alderdiko diputatu Yorgos Germenisek ez du ondo hartu Atenasko Udalaren debekua, eta alkatea jotzen saiatu zen atzo bertan, udalaren egoitza batean behartsuei janaria banatzen ari zirenean. Kolpea huts egin eta 12 urteko neskato bat jo zuen, lekukoek jakinarazi zutenez. Diputatu neonaziak sakelan pistola bat zuela ere argitaratu dute Greziako hedabideek, eta, eskua poltsikora luzatu duenean, segurtasun arduradunek udal egoitzatik aterarazi dutela.

Egunsenti Urrekarak, zuzendaritzaren agiri baten bidez, ukatu egin zuen halako istilurik gertatu zela.

Egunsenti Urrekara Greziako hirugarren alderdia da boto asmoan, eta 18 diputatu dauzka.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)