Debabarrena-Urola Erdia

Etorkinen kontrako zurrumurruak argitzeko bideari ekin diote Azkoitian

Aniztasun kontseiluak eta SOS Arrazakeria erakundeak Tailer irekiak antolatu dituzte Elkarbizitza hobetzeko asmoarekin prestatutako tailerretan parte hartu nahi dutenek bihar arte eman dezakete izena

Diario de noticias de Gipuzkoa, Jabi Leon, 02-05-2013

Azkoitia. Azken hilabeteotan Azkoitian bizi diren etorkinen aurkako zurrumurru ugari zabaltzen ari direla ikusita, Aniztasun kontseiluak herritar guztien arteko elkarbizitza hobetzeko bideari ekin dio.

Bide horri hasiera emateko, Aniztasun kontseiluak herritar guztien partaidetzari irekitako tailer sorta bat antolatu du datozen asteetarako, SOS Arrazakeria erakundearekin elkarlanean.

Aniztasun kontseilutik azaldutakoari eutsiz, “Azkoitian bizi diren etorkinen inguruan zurrumurru eta iritzi oker ugari dago eta horrek hainbat errezelo sortzen ditu herrian”.

Egoera horri buelta eman nahian, azterketa bat egitea erabaki zuen Aniztasun kontseiluak, beti ere, “iritzi horiek bildu, aztertu, eta egiazkoak diren ala ez konprobatu ondoren, benetazko informazioa kaleratzeko”.

Herritarren iritziak jasotzeko egindako inkesta horren arabera, ondorengoak omen dira Azkoitian gehien entzuten diren zurrumurruak: “etorkinak gizarte-laguntzei esker bizi dira, ez dute integratu nahi, gehiegi dira eta ezin ditugu gehiago onartu, eta azkena, neurriz kanpo erabiltzen dute euskal osasun-sistema eta larrialdi zerbitzuak kolapsatzen dituzte”.

Hori dela eta, azkoitiarrek etorkinen benetazko errealitatea hobeto ezagutzeko aukera izango dute elkarbizitza hobetzeko antolatutako hiru tailerretan. Lehena hilaren 7an egingo da (18.00etan Elkargunean) Zurrumurruen aurkako erantzunak izenburupean eta SOS Arrazakeriako ordezkaria den Agustin Unzurrunzagaren eskutik. Bigarren tailerra, Kulturak eta identitateak. Aurreiritziak, estereotipoak eta zurrumurruak izenekoa, Begiruneko Xabier Aierdik eskainiko du maiatzaren 21ean eta hirugarrena Bartzelonako Xarxa Antirumors elkarteko kidea den Rafa Crespok emango du ekainean (4an edo 11n), Nola funtzionatzen duten zurrumurruek, nola eragiten digun zurrumurruen birusak izenburupean.

Tailer horietan parte hartu nahi dutenek bihar arte eman dezakete izena Udaleko Aniztasun sailaren 943 080 080 telefonora deituz edo aitor@azkoitia.net helbidera idatziz. Azkoitiar guztiak gonbidatuta daude tailerretan parte hartzera.

Ekimenaren bultzatzaileen esanetan, “Azkoitian jatorri ezberdinetako jendea bizi gara, denok gara azkoitiarrak eta denon artean eraiki behar dugu gure herria”.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)