Jaurlaritzak osasun dekretua ezarrita 17.000 etorkin babes gabe egongo direla salatu dute

Berria, , 05-04-2013

Erredakzioa Gasteiz

Munduko Medikuak elkarteak ohar bat egin dio Eusko Jaurlaritzari: Espainiako Gobernuaren osasun dekretua ezarri eta egoera irregularrean dauden immigranteei osasun txartela kentzen badie 17.000 pertsona utziko ditu osasun arretarik eta babesik gabe. Espainiako Gobernuaren dekretuak konstituzioaren aurka egiten duela eta autonomia erkidego batzuetako estatutuak ere urratzen dituela salatu dute Munduko Medikuek. Dekretua ez ezartzeko eta herritar guztien osasun arreta bermatzeko eskatu diete erakunde publikoei.

Nabarmendu dute, gainera, sarritan etorkinei bizkarreratzen zaiela osasun zerbitzuak gainezka egotearen erantzukizuna. Uste hori ez dela «erreala» esan dute. Jaurlaritzak osasunerako erabilitako aurrekontuaren %0,2 baino ez dute gastatzen paperik gabeko herritarrek, Munduko Medikuek eman dituzten datuen arabera. Osasun gastu handiena egiten dutenak adineko pertsonak direla ohartarazi dute elkarteko kideek, eta etorkinen kolektiboen batez besteko adina biztanleriaren batez bestekoa baino baxuagoa dela nabarmendu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)