GETARIA

Zumba ezagutzeko aukera bikoitza Sahatsaga kiroldegian datorren astean

Datorren astelehen eta asteazkenean Justo Cruz irakaslea bertan izango da zer den Zumba jakitera emateko

Diario Vasco, , 05-04-2013

Kirola egin dantzaren bitartez, zumba. Hori da Sahatsaga kiroldegian abian jarri nahi den eskaintza berria. Justo Cruz ‘Jhonnson’ zumba irakaslea datorren astean bi egunetan kiroldegiko dantza gelan egongo da arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara. Ateak zabalik egongo dira interesa duten guztientzat, hurbildu, ikusi, saiakera bat egin eta gero erabakiko dute jarraitu ala ez.

Dominikar irakasle honek esperientzia handia du jarduera honetan, «nire prestaketa Kuba, Dominikar Errepublika eta Kalifornian egin nuen. Urteak aritu naiz prestatzen eta gaur egun Euskal Herrian nago lanean. Nik dioten bezala ‘esperientzia ez da bat-batean lortzen’ eta nik urteak daramatzat honetan».

Gure artean dagoenetik herri ezberdinetan dabil zumba irakasten, «Zumaian sei hilabete inguru daramatzat eta 20 pertsona hasi baziren egun 200 inguru izango dira nirekin dabiltzanak. Hiru urtetatik hasi eta ehun urteraino edonork egin dezake hau. adin guztietakoak ditut. Zestoan ere hasieran 5 ziren eta orain 30 bat dira eta Azkoitian 12 elkartu ziren hasiera batean eta 60 biltzen dira orain».

Gonbidapena getariar guztien-tzat da, «adinak ez du axola eta egoera fisikoak ere ez. Agian loditxoak dira gehien gozatzen dutenak zeren ikusten dute ondo pasa eta gainera argaltzen joaten direla. Etor daitezela eta ikusi zer den benetako zumba».

‘Jhonnson’ deiturarekin ezagutzen dute Justo. Berak azaltzen du nolakoak izaten diren klaseak, «zunba zer den galdetzen badidate zera esango nieke, kirola egin norbera ohartu gabe. Lehendabizi ariketa fisikoak egiten ditugu gorputza berotzen joateko. Gero erritmo latinoak dantzatzera pasatzen gara. Pausoak ikasten joaten dira eta giro oso onean izerdia botatzen joaten gara. Ezer ez dakienak ere berehala ikasiko ditu lehen urratsak eta gero bakoitzak daraman bilakaeraren arabera aurrera pausoak ematen jarraituko du. Eduki behar den gauza bakarra gogoa da».

Euskaldunak erritmo gutxi dugula esan ohi da, baina bere ustez, «zumban ariketa fisikoekin hasten gara eta gero pasatzen dantzara. Ohartu gabe hasten da pertsona dantzan eta arazorik ez dut izan inorekin. Denak ikasten dituzte mugimenduak, batzuk besteak baino bizkorrago baino azken finean helburua kirola egitea da eta giro oso berezia sortzen da».

Hemen daraman sei hilabetetan arazorik ez du izan, «27 urte daramatzat dantzaren inguruan irakasten eta agian horrek ematen dit erraztasuna jendearekin lotura berezia sortzeko eta denak gustura bukatzeko. Sarritan ordua bukatzean laburra egin zaiela esaten didate eguneko ikastaroa. umore handiko pertsona bat naiz eta beti izaten da txantxarako tartea klasearen barne. Badakit nola eragin pertsona baten gain dantzan hasi eta ondo pasa arazteko. Ez daitezela beldurtu dantza hitza entzutean, nahasketa bat da eta oso ondo pasako dute hemen denbora. Kaloriak erreko dituzte konturatu gabe. Zumbako ikastarora etortzen direnean etxean, lanean edo bizitzako beste arlotan dituzten arazoak ahaztu egiten dira. Oso dibertigarria da. Festa giroan murgilduko dira guregana etortzen direnean. Mugarik ez da dago eta ateak zabalik dituzte ezagutzeko».

Udan Euskal Herriko hainbat bazterretan ibiliko dira jendeak ezagutu dezan zer den zumba eta noski Jhonnsonek getariarrak gonbidatzen ditu orain prestatzen hasteko eta gero udaran kalean jende aurrean dantzatzeko, Zumba Jai izena jarriko diote eta herri ezberdinetan izango dira eta noski ordurako Getarian ere egingo da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)