Barakaldoko lokal batzuetan beltzei ez dietela sartzen uzten salatu dute
Barakaldoko kontsumo bulegoan kexak egin izan dituzte hainbat diskotekatako diskriminazioa salatzeko
Berria, , 04-04-2013Barakaldoko (Bizkaia) dantzaleku eta taberna batzuetan beltzei ez dietela sartzen uzten salatu dute herri horretan jaiotako hainbat pertsonak. Barakaldoko kontsumo bulegoan hainbat salaketa jaso zituzten iaz.
Egunotan Sandra Perez gazteak salatu duenez, bere bikotekide senegaldarrari azkeneko asteburuan ez zioten utzi dantzaleku batzuetan sartzen. «Gure beste lagun beltz batzuei ere gauza bera gertatu zaie», azaldu dio Perezek BERRIAri. «Oso larria da. Seme-alabak badauzkagu, ezingo al dute inoiz parrandan atera?». Diskoteka horietako batean Perez bakarrik «arazorik gabe» sartu zen, eta erreklamazio orriak eskatu zituen. Salaketa egin ostean, kontsumitzaile bulegotik deitu zioten. «Zentzugabekaria bat zela esan zidaten. Ez dute ezer gehiago egin, ordea».
Bikote gazteak eta haien lagun batzuek udaltzainei deitu izan diete gertatutakoa salatzeko. «Baina Barakaldoko udaltzainek ez dute gaiaz ezer jakin nahi. Guk nahi duguna da diskriminazio hau behingoz amaitzea».
SOS Arrazakeria taldeko Brigida Ridruejok azaldu duenez, halako kasuetan garrantzitsua litzateke ertzainei deitzea, argitze agiria jaso dezaten. «Baina ertzainei deitzen zaienean ez dute halakorik egiten».
Perezek salatu duen dantzalekuetako batera deitu du BERRIAk. Hango arduradunek esan dute berdin zaiela bezeroen arraza, soilik pertsonen jokaera hartzen dutela kontuan. Gaineratu dutenez, haien helburua jendeak gozatzea da.
SOS Arrazakeriaren probak
Bilboko eta inguruko herri batzuetako tabernetan gertatzen dena frogatzeko, SOS Arrazakeria taldeak testing izeneko probak egin izan ditu. Brigida Ridruejok gogoratzen duenez, 2011ko martxoan egin zuten azkeneko proban Bilboko bederatzi taberna aukeratu zituzten. «Bikoteka joan ginen zer gertatzen zen ikusteko. Bederatzi tabernetatik zortzitan, bikote magrebiarrari ez zioten sartzen utzi; hirutan Saharaz hegoaldeko Afrikako bikoteari debekatu zieten sarrera; eta batean, bikote latinoamerikarrari».
SOS Arrazakeriako kidearen ustez, baieztatu daiteke Barakaldoko gazteak salatutako gertaera «etengabe» errepikatzen dela Bilbon eta Euskal Herriko beste leku batzuetan. «Diskriminazio arrazista hori, gainera, delitua da zigor kodearen arabera».
Aipatutako egoeretan sakoneko hainbat arazo daude, Ridruejoren arabera: «Ostalari batzuen jokaera gizartearen isla da, aurreiritzi arrazisten erdian dabilena. Arrazismoaren kiribil bat eraikitzen da. Norabide horretan, erakundeen arrazismoak etorkinen gaineko mezu ezkorrak zabaltzen ditu. Eta, bestetik, arrazismo soziala dago, estereotipoek kutsatua».
Taberna eta diskoteketan diskriminazio arrazista gertatzen denean, erakundeek ez dutela ardura bere gain hartzen salatu du SOS Arrazakeriako kideak: «Ertzaintzan, adibidez, ez dakite egoera hauetan nola jokatu behar duten. Eta epaitegietan ez dute inolako kontzientziarik diskrimi- nazio hauekiko». Bizkaiko SOS Arrazakeriak kaltetuei gomendatzen die kaltetuei kontsumo bulegoetan salaketa egiteko. Salaketa horiek, ordea, oraingoz ez dutela ostalariengan inolako eraginik izaten azaldu du.
(Puede haber caducado)