Immigranteei baldintzak gogortuko dizkie Londresek

Errumaniarrak eta bulgariarrak Erresuma Batuan sartzeko neurriak kendu aurretik aldatuko du legea

Berria, , 26-03-2013

ERREDAKZIOA
Immigrazioa kontrolatzeko Erresuma Batuko Gobernuak dituen planak azaldu zituen atzo David Cameron lehen ministroak. 2014tik aurrera gogortu egingo ditu etorkinentzat baldintzak, besteak beste, langabezia laguntza kobratzeko edota osasun eta etxebizitza zerbitzuak izateko.

Langabezia kobratzeko, adibidez, sei hilabete izango ditu etorkinak erakutsi ahal izateko lan bila dabilela, bestela galdu egingo du laguntza. Diru sarrera gutxi dituztenek ezingo dute estatuak lagundutako etxebizitzetarako aukerarik izan, eta gutxienez bi urte igaro beharko dute Udalek etxebizitza bat uztea erabaki aurretik.

Immigranteek daukaten Osasun Zerbitzu Nazionala jasotzeko trabak jarri nahi dizkio, erabilera mugatu nahi du, nahiz eta ez duen neurri zehatzen inguruan hitz egin: «Jendea hona modu legitimoan etortzen denean, egokia da zerbitzua erabili ahal izatea, baina argi eta garbi utzi behar dugu doako osasun zerbitzu nazional bat dugula, ez doako nazioarteko zerbitzua».

Legez kanpoko immigrazioa kontrolatzeko neurriak ere gogortuko ditu. 20.000 liberako zigorra (23.600 euro) aurrekusi du paperik ez duten immigranteak kontratatzen dituzten enpresarientzat, eta gelak alokatzen dizkietenak ere zigortuko ditu.

Oro har, aurreko gobernu laboristak izan zuen «ikuspegi biguna» aldatu nahi du, eta ziurtatu nahi du Erresuma Batura iristen diren etorkinak «arrazoi egokiengatik» doazela. Erresuma Batuan errumaniarrak eta bulgariarrak hartzeko murrizketen epea amaitu aurretik jarri nahi ditu indarrean, datorren urtea baino lehen. Gobernuak kalkulatu du gutxi gorabehera 13.000 errumaniar eta bulgariar iritsi daitezkeela datorren urtetik aurrera, Erresuma Batuko lan merkatuan sartzeko eskubidea izaten dutenean.

Europako Batasuna

Europako Batzordeak Erresuma Batuaren neurriak aztertuko ditu, batez ere zerbitzu sozialei dagozkienak. Europako Batasunaren arauekin bat egiten duten aztertuko dute lehenik, alde batetik bestera libreki mugitzeko eskubidea urratzen duten ikusteko. Gizarte Gaietarako bozeramailearen ustez, dagoeneko «zerbitzu sozialen laguntzak kontrolatzeko nahikoa mekanismo» daude.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)