Bazterkeria, hitzetatik murrizketetara

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Eguna da gaur. Etorkinekin lan egiten duten taldeek berretsi dute aurreiritziak areagotu direla, baina ontzat jo dute immigrazioa kezken artetik desagertu izana.

Berria, MAITE ASENSIO LOZANO BILBO, 21-03-2013

Ez dira kanpotarrentzako garai onenak. Urte askoan hitzez soilik adierazi izan den bazterkeria ekintzetara iritsi da azkenaldian, murrizketen bidez; hala, egoitza baimena dutenentzat mugatu dituzte zenbait eskubide unibertsal. «Krisi abaguneetan errazagoa da talde bati errua botatzea eta estereotipoak zabaltzea; immigranteak babesgabeagoak dira horretarako», esan du Soraya Ronquillok, Harresiak Apurtuz etorkinen laguntzarako gobernuz kanpoko erakundeen koordinakundeko presidenteak. Atzerritarren kontrako aurreiritziak areagotu direla baieztatu du Gorka Morenok, Ikuspegi Immigrazioaren Behatokiko koordinatzaileak: «Baina gurean hazkunde hori ez da oso handia izan». Baikor izateko arrazoi batzuk badaudela esan du, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira.

Eragileontzat agerikoa da egoera ekonomiko zailetan ia berezkoa dela haiek-gu diskurtso banatzailea indartzeko joera. Adibidez: lehen, egoki jotzen zen hutsik zeuden lanpostuak etorkinek betetzea, baina egun, langabeziak gora egin duen honetan, lan merkatuan denentzako lekurik ez dagoen ustea zabaldu da. Eskubideen esparruan berdin gertatu da, Morenoren hitzetan: «Lehen jendeak uste zuen atzerritarrek ere aukera izan behar zutela eskubideak erabiltzeko, baina orain egoitza baimena dutenentzat mugatzen dute aukera hori».

Lehentasun nazionala delakoa gizartera heldu da, beraz. Krisiak bultzatutako lehiakortasunari egotzi dio Morenok: «Murrizketek hainbat gizarte eskubide zalantzan jartzen dituzten neurrian, eskubide horiek lortzeko lehia dagoenez, bertako jendeak lehentasuna izan nahi du».

Baina lehentasun nazionala-ren kontzeptua esparru politikotik sustatua da, azken hilabeteetan batik bat. Osasungintzako mozketetan geratu da agerian, egoitza baimenik ez dutenei ukatu egin batiete osasun zerbitzuak normal erabiltzeko eskubidea. Baina Morenok gogora ekarri du ez dela diskurtso berria, diru sarrerak bermatzeko errenta eta antzeko laguntzak emateko irizpideen inguruan baliatu izan baita. Krisiak, ordea, beldurra gehitu du ekuazioan: «Oinarrizko eta unibertsal jotako eskubideak mugatzeko arriskua dagoenean, bertako biztanleei beldurra sartzen zaie, eta horren ondorioz agertzen da kanpotarrei mugak jartzeko beharra».

Ildo horretatik, «alderdi batzuek» zuzentasun politikoa hautsi eta lehentasun nazionalaz mintzatzea kezkagarritzat jo du Morenok: «Arriskutsua da argudio horiek erabiltzea, eta klase politikoak zeresan handia du: denen artean adostuko balute immigrazioa ez dela izango lehia politikorako tresna, iritzi publikoan ere ez lirateke hainbat jarrera zabalduko». Dena den, ez du uste jokabide orokorra denik: «Salbuespen batzuk kenduta, Espainian, baina batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan, politikariak nahiko tentuz ibili direla esango nuke. Europako beste lurraldeetan ez da hala gertatu: hauteskunde kanpainetan lehia politikorako tresna izan da Frantzian eta Grezian, adibidez».

Klasearen arabera, aldeak

Gizarteari begira, Ikuspegiko koordinatzaileak erantsi du halako jarrerak hedatuago daudela klase baxukoen artean, hau da soldata txikiagoak dauzkatenen edo laguntzak jasotzen dituztenen artean. «Etorkinak maila berean daude, eta lehia dago, bai enplegua bai prestazio ekonomikoak lortzeko. Nahiko era arrazionalean, gizartean okerren dauden bertakoak dira immigrazioari buruzko iritzi txarrena dutenak». Hortaz, klase ertain eta altuetakoek jarrera positiboagoa dute, lehia txikiagoa delako, eta, gainera, etekina atera dezaketelako etorkinengandik, etxeko eta zaintza lanetarako «esku-lan merke gisa» ikusten dituztelako.

Baina krisiak beste paradoxa bat ere ekarri du: etorkinen aurkako aurreiritziak hedatu arren, immigrazioak kezka nagusi izateari utzi dio, inkesten arabera. Krisiak langabeziaren, hipoteken eta pobreziaren inguruko kezkak indartu dituela uste du Morenok, eta, era berean, etorkinak auzi horietatik atera dituztela: «Jendeak immigrazioa eta krisia ez lotzea azpimarragarria da: bertako populazioarentzat etorkinak ez dira krisiaren eragile, baizik eta biktima».

Bat dator horretan Soraya Ronquillo: «Garrantzitsua da immigrazioa ez antzematea arazo gisa». Herritarren kezkak aldatze hori gizarte mobilizazioei egotzi die, «krisiaren benetako jatorrian ari direlako fokua jartzen».

Gainera, egoera ekonomikoaren ondorioz, gero eta herritar gehiago ari dira atzerrira alde egiten lan bila. Arrazoi ekonomikoengatiko emigrazioak gora egiteak alda al dezake haiek-gu diskurtsoa? Morenok erantzun du gerta daitekeela: «Gure seme-alabek kanpora joan behar dutela ikusten badugu, guregana etorri direnekiko enpatia sor daiteke».

Ronquillok, ordea, aldaketa sakonagoak beharko liratekeela uste du. «Estereotipoek bere horretan jarraituko dute gizartearen pentsamoldea aldatzen ez den bitartean. Jendeak sinetsi behar du immigranteak ekarpena egitera datozela, eta ez aprobetxatzera». Halakotzat dauka herritartasun inklusiboaren kontzeptua: «Etorkinekiko politika asistentzialistek biktimatzat jotzen dituzte, eta ez eskubide eta betebehar berdinak dauzkaten herritartzat».

Mobilizazioak

Urtero bezala, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka mobilizatu egingo dira zenbait gizarte eragile, nazioarteko egunaren inguruan. Bihar, manifestazioa egingo du SOS Arrazakeriak Bilbon, 19:30ean, Arriaga plazatik abiatuta. Larunbatean, berriz, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) oinez lotuko ditu Anitzak ekimenak, Espainiako eta Frantziako gobernuen immigrazio politikak salatzeko, 17:00etan hasita.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)