JOSEP ANTON FERNANDEZ. IRAKASLEA

«Etorkin olde izugarriak jaso ditugulako dugu orain nazio katalan modernoa»

Aniztasunaz eta mendekotasunaz mintzatuko da Londresko Unibertsitatean aritutako Fernandez irakaslea, Euskal Herrian eta Katalunian aniztasuna kudeatzeko Donostiako jardunaldietan.

Berria, EDU LARTZANGUREN, 14-03-2013

Josep Anton Fernandez (Bartzelona, 1963) Hizkuntza Modernoak ikasi zituen Cambridgen, eta Katalan Ikasketen zentroa sortu zuen Londresko Unibertsitatean. Azken urteotan Kataluniako Unibertsitate Irekian dabil irakasle, Bartzelonan. Askatasunaren kudeaketa: Paisos Catalans eta Euskal Herria jardunaldietan hartuko du parte gaur, 10:40an, Donostiako Miramar jauregian. Elkarrizketa honen bertsio osoa, berria.info-n

Aniztasunaz eta mendekotasunaz mintzatuko zara gaur. Zein mendekotasunaz?

Estaturik gabeko nazioez ari gara, hitzez hitz. Esaterako, esan zenezakeen Flandria estaturik gabeko nazioa dela, baina ez da Euskal Herria eta Katalunia bezalakoa. Flandriak estatu bat partekatzen du; haatik, euskaldunak eta katalanek ez. Horrek esan nahi du estaturik gabeko nazio hauek ez dituztela benetan nortasunak eraikitzeko eta zilegitzeko behar dituzten tresnak. Horrek mendekotasun egoeran jartzen ditu.

Immigrazioaren gaian beste modu batean jokatzera behartzen ditu horrek?

Horren ondorioz, immigrazioak eragiten duen aniztasuna mehatxu gisa hartzen da askotan. Mendekotasun egoera horietan, immigrazioa bestea, etsai gisa, eraikitzeko tentazioa agertzen da askotan, hau da, behin betiko desagerraraziko gaituen hura gisa.

Sabino Aranaren sindromea deskribatzen ari zara?

Eta halere, immigrazioaren historia Katalunian aztertzen baduzu, argi ikusten duzu Kataluniako nazio modernoaren sorrera bat datorrela izan ditugun immigrazio prozesurik garrantzitsuenekin. Hau da, nazio katalan modernoa baldin badugu, etorkin olde izugarri handiak jaso ditugulako dugu. 1930. urtean dagoeneko Kataluniako biztanleen %34 Kataluniatik kanpo jaioak ziren.

Kataluniako eta Euskal Herriko kasuez arituko zarete gaur eta bihar; zein alde ikusten duzu bi herrialdeon artean?

Ez dago hainbeste alderik, baina istorio ezberdinak daude. Katalunian ez da egon diskurtso etnikorik nortasun nazionalaren inguruan. XIX. mendearen erdialderako Renaixença kultur pizkunde mugimenduaz geroztik, hizkuntza bihurtu zen nortasun nazionalaren funtsezko osagaia; ordura arte ez zen. Indarra hizkuntzan eta kulturan jarri izana, eta ez etnian, oso garrantzitsua izan da, lagundu duelako atzerritik etorritakoei kanpokoak direla ahazten.

Badirudi Katalunia estatua bihurtzeko prozesua benetan aurrera doala orain.

Hala uste duzu? Guk lehen euskaldunitisa genuen, eta zuek orain katalanitisa. Galdera entzunda, hala esango genuke. Halere, egia da Katalunian orain gertatzen ari dena ez da inoiz gertatu: Katalanista gehienak ez dira inoiz izan independentziazaleak orain arte. Katalanismoa sortu zenean XIX. mendean, abertzaletasun bikoitza zen, katalana-espainiarra.

Eta gaurko zein atzoko etorkinek zein eginkizun izango dute independentziarako prozesu horretan?

Prozesu demokratikoa izango denez, etorkin berriak bozkatzeko eskubidea duten edo ez, horren araberakoa izango da horien parte hartzea. 1950-60-70eko hamarkadetan etorri zirenen seme eta bilobek, berriz, barne gatazka bat dute, eta saihestu behar dugu jende hori barrutik haustea, hori oso gauza mingarria delako. Espainia ari da jende hori barrutik hausten orain. Berak jakingo du zertan ari den.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)