Ablazioaren kontrako borroka isila
Heziketa eta informazioa. Horiek dira ablazioaren kontrako tresna eraginkorrenak, alor horretan lanean ari direnek diotenez. Andreengana iristea kosta egiten dela nabarmendu dute.
Berria, , 06-03-2013Azken hiru urteetan, Nafarroan bizi diren 203 neska etorkini ablazioa egin diete sorterrira oporretara joan direnean. Horietako gehienak adingabeak dira. Iragan astean eman zuen datu hori Nafarroako Gobernuak, eta iragarri zuen protokolo bat jarriko duela abian genitalen erauzketaren aurka. Alor horretan lanean ari diren elkarte eta erakundeen arabera, protokoloez gain, heziketa eta informazioa dira prebentziorako modurik onena. Poliki bada ere urratsak egiten ari direla nabarmendu dute. Nahiz eta kosta egiten den errealitate hori jasan duten andreengana iristea.
Munduko Medikuak elkarteak denbora darama Nafarroan protokolo hori eskatzen. Gainera, programa bat du martxan ablazioaren aurka. Fatima Djarra Sani da programaren arduraduna. Ginea Bissaukoa da sortzez Sani, eta ondo ezagutzen du ablazioaren inguruko errealitatea. Hark azaldutakoaren arabera, dagoeneko ebaketa egina duten nahiz hori jasateko arriskuan dauden andreekin egiten dute lan.
Genitala erauzia duten andreen kasuan, hori jasateak dituen ondorio «larrien» berri ematen diete. «Osasun arazo handiak dituzte askok: gernuko infekzioak, erditzerakoan eta sexu harremanak izaterakoan arazoak… Baina ez dituzte ablazioarekin lotzen. Gainera, askok uste dute ohituragatik egin behar dieten zerbait dela». Horrekin batera, laguntza psikologikoa ematen diete. «Oso gogorra da halako egoera bat bizitzea gaztetxoa zarenean».
Osasun arretaz gain, babes juridikoa eta soziala ematen diete, beren alabei eta senideei ez egiteko. «Ebaketa egina duten emakumeen alabek arrisku handia dute, familian badutelako hori egiteko ohitura. Emakume askok ez dute alabei hori egiterik nahi, baina sorterrira oporretara doazenean behartu egiten dituzte».
Hori dela eta, lege aldetik baliorik izan ez arren, saiatzen dira familiei agiri bat prestatzen. Ablazioa egiteak hemen dituen lege ondorioen berri ematen diegu. Haien jatorrizko hizkuntzan dago idatzita. Hango senideei erakutsi eta atzera egiten dute askotan. Konturatzen dira beren senideak kartzelara joan daitezkeela, edo alabaren zaintza gal dezaketela. Ondo funtzionatzen ari da». Dena den, ablazioa jasan duten 203 neska horien alabak, 93 neskato inguru, ablazioa jasateko arriskuan daude. «Jarraipen zorrotza egiten ari gara, neskato horien irakasle eta medikuekin. Gainera, sorterrira joaten diren aldiro osasun azterketa bat egiten diegu, eta itzultzean beste bat».
Hemengo mediku eta irakasleei prestakuntza emateko beharra ere nabarmendu du Sanik. «Azken batean, neskato horiekin eta haien familiekin tratu gehien duten profesionalak dira, eta prebentziorako nahiz kasuak atzemateko funtsezkoak dira. Arazoa da askotan ez dutela behar besteko prestakuntza. Gaia arrotza egiten zaie. Administrazioen aldetik, ordea, ezer gutxi egiten da prestakuntza sustatzeko. Hemen, adibidez, guk baino ez dugu ematen prestakuntza». Murrizketen ondorioz, gainera, jasotzen dituzten baliabideak gutxituko direla uste du Sanik. «Paperik gabeko etorkinei osasun arreta ukatuta, gainera, zaildu egiten zaigu prebentzio lana».
Administrazioen egitekoa
Erakundeen aldetik ablazioaren kontra egiteko ahalegina badagoela uste du, haatik, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Sustapenerako Saileko kide Ascen Martinezek. Arabako Foru Aldundiak Ganbian du martxan proiektu bat. «Asko kostatzen da emakumeengana iristea. Hango jendearen bidez egin behar dugu, gainontzean uste dute beren ohituren aurkako eraso bat dela».
Ikerketa bat egin dute hango 588 emakumeren artean, eta ikusi dute %75ek ablazioa egina dutela. «Horietako gehienek, gainera, arazoak izan dituzte haurdunaldietan, baita gernuko infekzio larriak ere». Kezkagarriena iruditzen zaio gero eta gazteagoak direla ablazioa egiten dieten neskatoak: «Neska izatetik emakume izatera pasatzeko egiten duten errituaren parte inportantenetako bat da ablazioa. Saiatzen ari gara hori aldatzen, errituari eusten, baina ablaziorik gabe».
Hango 478 osasun profesional ere galdekatu dituzte, eta %40 ablazioaren alde daude. «Uste dute ohitura kontua dela. Ez dituzte ezagutzen ondorioak. Hori aldatzen saiatzen ari gara, eta, hortik abiatuta, haiek egiten ari garen lan horretan laguntzea». Baikor da Martinez: «Ikusten da haiengana iritsiz gero jarrera aldatzen dutela, eta mantso bada ere aurrera egiten ari gara».
(Puede haber caducado)