Babes ofizialeko etxebizitzak, urrun etorkinentzat
kuspegik jakinarazi du gutxien eraikitzen diren etxeetarako sarbidea baino ez dutela, diru sarrera eskasengatik
Berria, , 14-02-2013Erredakzioa Gasteiz
Faltsua da. Ikuspegi immigrazioaren behatokiak berretsi du gizartean gehien zabalduta dagoen immigranteei buruzko estereotipo bat faltsua dela. Espainiakoek ez beste etorkinek bertakoek baino zailtasun gehiago dituzte ohiko etxebizitza babestuetarako zerrendetan sartzeko. Gutxieneko errolda epea egiaztatu behar dute eta, gainera, kasu askotan ez dute behar besteko diru sarrerarik egiaztatzen jabetzako etxebizitzen zerrendetan sartzeko. Horrenbestez, etxebizitza sozialen edo alokairuzkoen zerrendetan eman behar dute izena; gutxien eraikitzen direnetan, hain zuzen.
Etxebizitza mota horien zerrendetan dauden etorkinen kopurua handitu egin da. 2005ean Etxebideko zerrendetan zeudenen %5,5 ziren; gaur egun, %22,5 dira. Datu hori ulertzeko hiru gako eman ditu Ikuspegik. Alde batetik, Etxebiden zeuden bertako biztanleen kopurua jaitsi egin da, etxebizitza eskuratu baitute. Bestetik, etorkinek zailtasun gehiago dituzte zerrendetatik ateratzeko, haiek eskatzen dituzten etxebizitza motak gutxiago eraikitzen baitira. Bestalde, 2005etik atzerritar gehiagok hasi dituzte migrazio prozesuak.
Hipotekaren zama
Immigrazioa eta etxebizitzari buruzko ikerketak datu adierazgarriak islatzen ditu. Besteak beste, hamar etorkin atzerritarretatik bi inguru bizi dira oraindik ordaindu ez duten jabetzako etxebizitza batean. Ikuspegiko arduradunek jakinarazi dute horrek nolabaiteko zama ekarri diela pertsona horietako batzuei, lana galdu eta hipoteka ezin ordainduaren ondorioz etxea galtzeko zorian baitaude. «Jabetzan izandako etxebizitza, zerbait ona bainoago, benetako arazo bat bihurtu da».
Etorkinen erdiak baino gehiago alokairuko etxebizitzetan bizi dira. Etxebizitza horien baldintzak onak edo hobetzeko modukoak dira, hau da, baldintza txarretan dauden etxebizitzak %1 baino ez dira.
(Puede haber caducado)