Baliogabetu dute etorkinak artatzeko dekretua

Nafarroako Gobernuak onartutako diru laguntzen sistema bertan behera utzi du Auzitegi Konstituzionalak, behin-behinean Nafarroako Osasun Plataformak berretsi du etorkinei osasun arreta kobratzen dietela

Berria, , 30-01-2013

ERREDAKZIOA IRUÑEA
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Espainiako Gobernuaren alde egin du: aintzat hartu du etorkinak osasun zerbitzuetan artatzeko dekretuaren harira Madrilek Nafarroako Gobernuaren aurka aurkeztutako helegitea. Dekretu horren bidez, paperik eta baliabiderik gabeko etorkinentzat diru laguntza sistema arautu zuen Nafarroako Osasun Departamentuak, osasun arreta jaso ahal izan zezaten. Espainiako Gobernuaren ustez, urrats horren bidez bereak ziren eskumenak urratu zituen Nafarroak, eta helegitea aurkeztea erabaki zuen. Arrazoia eman dio orain Auzitegi Konstituzionalak, eta behin-behinean, bost hilabetez, dekretua bertan behera uztea ebatzi du.

Hamar eguneko epea du Nafarroak Konstituzionalaren ebazpenaren aurka helegiteak aurkezteko. Aukera hori baliatuko duela ezagutarazi du gobernuak, eta eskatuko duela dekretua bertan behera uzteko behin-behineko erabakia bazter uzteko. Nafarroako Gobernuak nabarmendu du osasunaren arloan dituen eskumenak baliatu zituela baliabiderik gabeko etorkinentzat, osasun arreta ordaintzeko diru laguntza sistema martxan jartzeko. Neurri horrek Nafarroan gutxienez urtebete zeramaten etorkinei eragiten zien.

Konstituzionalaren erabakiaren berri izan aurretik, Nafarroak osasun arreta arautzeko eskumena baduela berretsi zuen Osasun kontseilari Marta Verak. Abenduan Eusko Jaurlaritzaren dekretuari buruz erabakitakoaren haritik, Verak espero zuen epaileek ez zutela Nafarroako dekretua bertan behera utziko. Eusko Jaurlaritzari botikak berriz ordaintzeko agindu zion Auzitegi Konstituzionalak abenduko sententzia horren bidez, baina ontzat jo zuen paperik gabeko etorkinak artatzeko erabakia, «herritar orok osasun arreta jasotzeko eskubidea» duelako.

Faktura, arretaren truke

Dekretua onartu zuenetik paperik gabeko etorkin guztien osasun arreta «bermatuta» zegoela erran du, behin baino gehiagotan, Nafarroako Gobernuak, eta doakoa izanen zela arreta hori.

Oposizioko alderdiek, ordea, hori hala izatea zalantzan jarri dute hainbat aldiz. Ez dira bakarrak. Nafarroako Osasun Plataformak duela hainbat aste egindako salaketa berretsi zuen atzo Nafarroako Parlamentuan, eta Osasun Batzordeko parlamentarien aurrean nabarmendu zuen Osasun Departamentuak larrialdietako osasun arreta kobratzen diela paperik ez duten etorkinei.

«Pertsona horiek osasun arreta jasotzeko duten eskubidea legez dago jasota; ondorioz, arreta hori kobratzeari uzteko eskatu nahi diogu Nafarroako Gobernuari», erran du plataformako eta Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeko kide Patricia Ruizek. Ruizek gogorarazi du etorkinak artatzeko azken dekretuak ere jasotzen duela larrialdietako arreta doakoa dela.

«Etorkinek faktura jasotzen dute, eta ordaintzeko epe bat ematen diete. Zenbaitek ordaindu ahal izanen dute, baina bertze anitzek ez; ondorioz, Nafarroako Gobernuaren Ogasun eta Ekonomia Departamentuaren zordun bilakatzen dira», salatu du Ruizek.

Nafarroako Osasun Plataformak gobernuari eskatu dio zenbat faktura igorri duen argitzeko, baina parlamentarien aurrean salatu dute datu hori oraindik ez dutela lortu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)