AEBetarako atea, irekixeago
Obamak babesa adierazi dio zortzi senatarik aurkeztutako immigrazio erreformari; huts eginez gero, berak proposatuko du legea Paperik gabeak legaztatzeko adostu duten agiria ez da ongietorri bat, inondik inora
Berria, , 30-01-2013SAMARA VELTE
Elephant in the room esaten diote AEBetan bistakoa den arazo baten aurrean ez ikusiarena egiteari: «Gela honetan elefante bat dago, baina ez dut nik aipatuko». Urte luzez hala jokatu du Washingtonek hainbat auzirekin, eta immigrazioa da horietako bat. Krisiak ere apenas ahuldu duen AEBek etorkinentzat duten erakarmena, eta 11 milioi dira han bizi diren paperik gabeko kanpotarrak. Barack Obamak 2009an presidente kargua hartu zuenean, promes handiak zituen haientzat. Orain, etorkinek eman diote bigarren agintaldirako aukera, eta badaki ezinbestekoa dela immigrazio legeak erreformatzea. AEBetako Kongresuan, ados jarri dira alderdi demokratako eta errepublikanoko launa senatari; legez kanpoko etorkinentzat «herritartasunerako bide zorrotz baina justua» marrazten duen zirriborro bat aurkeztu dute aste honetan. Obamak atzo iluntzean babestu zuen proposamen hori.
Senatuaren bide orriak etorkinei hainbat baimen lortzeko bidea emango lieke, baina nekez esan daiteke horretarako bidea errazten dienik. Halako neurriak hartu aurretik, mugako eta lantokiko kontrola areagotzea proposatzen du. Obamak bere egin ditu Senatuaren asmoak: «Printzipio horiek bat egiten dute, neurri handi batean, neuk hauteskunde kanpainan defendatu nituenekin. Betiko eztabaida da, baina oraingoan ekintza behar dugu». Horregatik, Senatuaren asmoak kale egiten badu, Etxe Zuriak abiaraziko du lege proiektu bat immigrazio sistema aldatzeko.
Funtsean, senatariek aipatutako ardatz berberak ditu Obamak azaldutako asmoak: mugak indartzea eta paperik gabeko biztanleei egoera legeztatzeko baldintzak jartzea, «baina erakustea badela herritartasuna eskuratzeko bide bat». «Gure immigrazio sistemak jada ez du garai berrietako errealitatea islatzen», esan zuen atzo Obamak: «Ez da posible urteak igaro behar izatea familia hona ekartzeko edo negozio bat hasteko». Legezko estatubatuarrei ere hitz egin: «Jende askori ahaztu egiten zaio gu ere etorkinak izan ginela».
Hala ere, printzipioz Senatuarena da aurrera eramango duten proposamena. Eta zirriborroa ez da inondik inora ongietorri bat. Itzalpean bizi diren paperik gabeko 11 milioi etorkinak aintzat hartzea da agiriaren abiapuntua: «Onartzen dugu gure immigrazio sistema hautsita dagoela». Horiei egoera legeztatzeko bidea eskaini aurretik beste hainbat neurri hartu behar direla dio. Hasteko, mugetako kontrolak areagotzea, beharrezko azpiegituraz hornituz. Muga legez kanpo igarotzen dutenen kopurua «nabarmen» jaitsi nahi dute hartara.
Jada AEBetan bizi diren paperik gabeko etorkinek erregistratu egin beharko dute. Ezer baino lehen, isun bat jarriko diete, eta paperik gabe igarotako denboran ordaindu beharko zituzketen zergak ordainaraziko dizkiete, «gizartearekin duten zorra kitatzeko». Aurrekari penalak ere ikertuko dizkiete: «Historia kriminal serioa» dutenak eta «segurtasun nazionalerako mehatxua» izan daitezkeenak zuzenean deportatuko dituzte.
Behin «segurtasuneko» probak pasatuta, etorkinen legeztatzeko ohiko prozedurara jo beharko dute: bakoitzaren aurrekariak berriz ikertu, zergak ordaindu, ingeleseko eta «herritartasunerako hezkuntzako» azterketa bat gainditu, AEBetan lan egin dutela erakutsi eta gaur egun lana dutela frogatu beharko dute egoitza baimena lortzeko. «Baldintza horiek betetzen dituzten gizabanakoek eskura dezakete azkenik karta berdea», dio zirriborroak. Hori bai: aurretik baimen horren zain egondakoek jaso dutenean, ez lehenago.
Bi salbuespen aipatzen ditu egitasmoak. Batetik, haurtzaroan AEBetara iritsitako gazteak, «ez zutelako euren kabuz erabaki immigrazio legeak haustea». Bestetik, AEBetako nekazaritza industrian aritu diren langileak, «estatubatuarrentzat nekazaritza produktu seguruak bermatzeko orduan bete duten rolagatik».
Helburua «denak justiziaz tratatzen dituen immigrazio sistema moderno bat» sortzea da, Marco Rubio senatari errepublikanoaren hitzetan. «Bakoitzak merezi duen eran», da egin beharreko irakurketa. Izan ere, Senatuaren proposamenak nabarmen mailakatzen ditu etorkinak. AEBetako immigrazio sistemaren ahuleziatzat jotzen du, «intentzio oneko etorkinak urrun» mantentzen dituela. «Munduko onenak eta argienak» erakartzeko, AEBetako unibertsitate batean doktoradutza edo graduondokoa egina dutenei eman nahi diete lan baimena. Ikasketa kualifikazio baxua eskatzen duten lanpostuak, berriz, etorkinei ematea ahalbidetuko da, baldin eta froga badaiteke ezinezkoa dela estatubatuarrak lan horietan jartzea.
Kasu egin beharreko sektorea
Akordioa erabat lortu gabe dago oraindik; martxorako xehetasun gehiago eman nahi dituzte, eta erreforma uztailerako onartu. Hartara, Ordezkarien Ganberak nahikoa denbora izango luke hura aztertzeko, eta Obamak urtea amaitu aurretik sinatuko luke; 2014ko Kongresuko hauteskundeak heldu baino lehen amaituko litzateke prozesua.
Nabarmentzekoa da bi alderdietako senatariek elkarlanean osatu dutela agiria. Besterik izango da Ordezkarien Ganberan; han errepublikanoek dute gehiengoa, eta batzuk jada azaldu dira «amnistia» deitu dioten proposamenaren aurka. Orain arte ere ez dituzte demokraten neurriak babestu, baina ohartzen hasi dira etorkinen garrantziaz. Azaroko presidentetzarako hauteskundeetan, soilik etorkin latinoak boto emaile guztien %8,7 ziren; horien artean, hamarretik zazpik Obamaren alde egin zuten. Hala ere, deportazioek gora egin dute, eta Alderdi Demokratak ez dauka segurtatuta etorkinen fideltasuna.
(Puede haber caducado)