Nafarroan Arartekora jo dute papergabeei osasun arreta kobratzeagatik
Nafarroako Osasun Plataformak salatu du paperik gabeko etorkinei larrialdiengatik kobratzen diela Nafarroako Gobernuak Hiru kexa aurkeztu dituzte, eta helegitea jarri dute, gainera, erreformaren kontra
Berria, , 16-01-2013Legea urratzen ari da Nafarroako Gobernua. Horixe salatu du Nafarroako Osasun Plataformak, eta, ondorioz, Arartekoarengana jo du, paperik gabeko etorkinen aurkako bazterketa salatzeko. Osasun eredua aldatzeko dekretuaren aurka, gainera, helegitea jarri du. Gobernuz kanpoko hainbat erakundek, sindikatuk eta gizarte taldek egiten dute bat plataforma horretan, eta argi dute denek: «Nafarroako Gobernuak ez du herritar orok osasun arreta jasotzeko duen eskubidea betetzen. Larrialdietara joaten diren paperik gabeko etorkinei faktura bidaltzen diete, zerbitzua ordain dezaten», erran du LABeko eta plataformako kide David Mendazak.
«Nafarroako Osasun kontseilari Marta Verak dena ukatzeko joera du, baina departamentu barruko agindua dago horren atzean», erantsi du. Gobernuak onartu berri dituen aldaketak jasotzen dituen dekretuak herritar orori onartzen dio larrialdietako osasun arreta jasotzeko eskubidea, baina hori ere urratzen ari da gobernua; hala salatu du plataformak.
Osasun Departamentua kobratzen ari denari buruz ere kezka agertu du. «Nafarroako Gobernuak ez die bere osasun zerbitzuei tarifarik jarri oraindik», azaldu du David Mendazak. Patricia Ruizek bat egin du LABeko ordezkariarekin. Plataformako kidea da Ruiz ere, bai eta Munduko Medikuak elkarteko kide ere. «Guregana etorri dira faktura jaso duten hainbat etorkin». Ez dira gutxi, haren ustez, baina zenbat kasu dagoen zehaztea ez dela erraza gaineratu du. «Ez dugu daturik».
Horregatik, Nafarroako arateko Javier Enerizengana jo du plataformak. Hiru kexa aurkeztu ditu haren aurrean. Fakturei buruzkoa da bat, baina salatu du bertzerik ere: batetik, zigor aurrekariak dituzten paperik gabeko etorkinak baztertzea egotzi dio plataformak gobernuari. Bertzetik, paperik ez duten etorkinek osasun zerbitzuak ordaindu beharra salatu dute, eta neurri hori bertan behera uzteko eskatu dute. Gobernuak baliabiderik ez duten pertsonei diru laguntzak emateko deialdia egin du jada.
Kexekin batera, helegitea aurkeztu du Nafarroako Osasun Plataformak gobernuak azken hilabeteotan indarrean jarri dituen aldaketak eta osasun ereduaren erreforma jasotzen duen dekretuaren aurka. «Dekretu hori bazter utzi beharko luke gobernuak, haren gainetik 2010. urteko legea baitago», nabarmendu du Patricia Ruizek.
Denen eskubide
Legea. Hori da gako nagusia, plataformako kideen hitzetan. 2010. urteko arau horrek jasotzen du Nafarroan bizi den herritar orok baduela sistema publikoan osasun arreta jasotzeko eskubidea, herritarren lege edo administrazio egoera kontuan hartu gabe. «Hau da, paperik gabeko etorkinek ere badute eskubide hori legez jasota».
Lege horrek hutsean uzten du gobernuak osasun eredua aldatzeko onartutako dekretua, plataformaren ustez. «Legea dekretuaren gainetik dagoelako», zehaztu du Ruizek. Osasun Departamentuaren neurriak «baztertzailetzat eta xenofobotzat» jo ditu, eta osasunaren esparruko profesionalen eta erabiltzaileen artean «zalantza anitz» dagoela erantsi du Munduko Medikuak erakundeko kideak. Hori dela eta, zalantza horiek argitu, eta herritarren eskubideen berri emateko, informazio kanpaina eginen du Nafarroako Osasun plataformak hilabete honetan eta otsailean.
(Puede haber caducado)