Elkarri lagunduz eraikiko dute etorkizuna

Astigarragako Ergobia auzoan, errepidearen azpian, txabolatan bizi diren herritarrak atera egin dituzte. Aste osoa, gutxienez, herriko kiroldegian pasatuko dute. Badakite etorkizuna ez dela erraza izango, baina garbi dute elkarlanean aurrera egingo dutela.

Berria, Irati Sarasua Arabaolaza Astigarraga, 16-01-2013

Astigarragako Ergobia auzoan, ehun bat lagun atera zituzten atzo errepide azpian zeuzkaten txaboletatik. Horietako 30ek nora joan bazutenez, lagun edo senideen etxeetara jo zuten; besteek, berriz, herriko kiroldegian pasatuko dute astea. Haur asko zeuden tartean.

Egoera larrian egon arren, irribarretsu eta elkarri lagunduz egingo diote aurre. Bazekiten astea gogorra izango dela eta hainbat egun ohiko ingurunetik kanpo pasatu beharko dituztela, baina haurrak eta objektu maitatuenak besoetan hartu, eta bideari ekin zioten; datozen egunetako etxebizitzetara egin zuten alde.

Kiroldegira irri eta oihu artean joan ziren; ez zuten kexu bakar bat ere egin. «Badakigu egun batzuk etxetik kanpo pasatuko ditugula eta itzultzean gure etxeak ez direla ohiko moduan egongo, baina garbituko ditugu, ez dago arazorik», adierazi zuen gizon batek.

Kiroldegian ere hala zeuden: haurrak albo batetik bestera korrika, jolasean; emakumeak udalak jarritako koltxoneta urdinetan eserita, solasean; eta gizonak, zutik, euren artean hizketan. Inguruan zituzten DYAko langileak kiroldegia egokitzen aritu ziren, eta Eusko Jaurlaritzako langileek datozen egunetan eguneko hiru otorduak emango dizkiete.

Bizilagun horien elkartasunaren adierazle ziren haien artean zituzten jarrerak. Bi txabola urak eraman zituen, urak lur zati bat eraman zuenean. Putzu handi bat zegoen bi txabolen artean, eta haietako batek beste aldera pasatu nahi izan zuenean, gizon bat gerturatu zitzaion, eta besotan eramango zuela adierazi zion besteari, hori gehiegi busti ez zedin.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)