Etorkinek euskara ikasteko modua dute Anoetako ikastaroan

Eskolak aste honetan hasi dira, baina etorri berri guztiei eman nahi zaie parte hartzeko aukera

Diario de noticias de Gipuzkoa, m.s.s. -, 13-01-2013

Anoeta. Anoetan etorkinak euskarara hurbiltzeko asmoarekin bereziki prestatutako ikastaro bat martxan jarri dute aste honetan bertan baina parte hartzeko aukera dago oraindik ere.

Irurako Udala eta Anoetako Udala elkarlanean aritzen dira helduen euskalduntzea eta alfabetatzea sustatzeko helburuarekin. Hala, elkarlan honek fruituak ematen ari da. Alde batetik, Iruran euskalduntze talde bat jarri zen abian 2012ko urrian, eta ikasturte osoan arituko dira euskara ikasten talde horretako ikasleak.

Bestalde, Anoetan Aisa talde bat jarri dute oraintsu martxan. Aipatu beharra dago Aisa izena daramaten ikastaroak etorkinak euskarara hurbiltzeko bereziki prestatutako ikastaroak direla, euskara ezer ez dakitenentzat, alegia. Aste honetan bertan hasi dira zortzi ikasle euskara ikasten, baina Anoetako Udalak euskara ikasi nahi duten etorri berri guztiei talde honetan parte hartzeko aukera eman nahi diete. Gainera, aipatu beharra dago edonorentzat zabalik egongo direla ateak, nahiz eta ez izan Anoetakoak edo Irurakoak.

Eskolak Anoetako Udaleko hirugarren solairuan eskaintzen dira. Ikastaroa pasa den urtarrilaren 8an hasi zen eta martxoaren 14ra bitarte luzatuko da, hasiera batean. Eskolak astearte, asteazken eta ostegunetan eskaintzen dira, 15.00etatik 17.00etara. Ikastaroan izena emateak 18 euro balio ditu, baina udaletan diru laguntza eskatzeko aukera dago.

Interesa duenak zuzenean klasera azaldu besterik ez du egin behar, Anoetako udaletxera, eskola emango den egunetako batean, eta Lorea irakasleak azalduko dizkio matrikulari buruzko kontuak. Ohartarazi dutenez, komenigarria da ikastaroan lehenbailehen matrikula-tzea, dagoeneko hasi direnen martxa ez geldotzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)