Etorkinen legeak ez du aldaketa nabarmenik eraginen
Frantziako Gobernuak bertan behera utzi du elkartasun delitua; orain arte, ez dute auzipetu nehor horregatik, ordea
Berria, , 04-01-2013Aitor Renteria Baiona
Urtarrilaren 1ean agertu zen, Frantziako Agerkari Ofizialean, agiririk ez duten etorkinenganako elkartasuna ez dela delitua izanen engoitik. Ñabardura txiki bat jakinarazi du, hala ere, Laurence Hardouin abokatu eta Cimad elkarteko kideak: neurria indarrean sartzeko bost eguneko epea dago, eta, ondorioz, heldu den astera arte ez da praktikan ezarriko auzitegietan. «Lege horrek berrikuntza gutxi ekarriko du, legea indarrean egon den bitartean Ipar Euskal Herrian ez dutelako nehor auzipetu elkartasun delitua egotzita», azaldu du Hardouinek. Etorkinen trafikoa egiten duten pertsonak legearen jomugan egonen dira, aldiz.
Hardouinek uste du itxuraz aldaketa handia dena praktikan labur gelditzen dela. Izan ere, legea indarrean sartu aitzin, Poliziak lau oreneko epea zuen agiririk gabeko pertsonaren egoera argitu eta haren kontrako prozedura abiatzeko. Legea indarrean sarturik, poliziek prozedura abiatzeko denbora gehiago ukanen dute, eta epaileek kanporaketa aginduak emanen dituzte, gobernuak finkatu helburuei jarraikiz. «Itxurazko aldaketa da; atxiloketari atxikitzea deitu diote, eta hamasei oreneko epea jarri, baina, ororen buru, azken helburua ez da aldatzen: Frantziatik kanporatzea».
Azken buruan, zenbakiek berek azalduko dute agiririk gabeko etorkinen kasuan pertsonen errealitatea aintzat hartzen den edo ez. «Kanporaketa kopuruetan ikusiko da aldaketak badiren edo ez; kopuruak aldatzen ez badira, erran nahi du sozialistek Sarkozyk bultzatu zuen politika bera atxikitzen duela, eta lege hau itxuraldaketa baino ez dela», erran du Hardouinek.
(Puede haber caducado)