Otoizlekuak eraikitzeko muga «baztertzaileak» salatu dituzte Bilbon
Erlijio askatasuna urratzen duelakoan, hirigintza plana aldatu dezan galdegin diote hainbat taldek udalari
Berria, , 27-12-2012Bilboko Hirigintza Antolaketaren Plan Nagusi berriak gurtza aretoak eraikitzeko neurri «baztertzaileak» ezartzen dituela salatu zuten atzo hainbat erlijio erakunde eta komunitatek. Udalari eskatu zioten araudia berriro aztertu eta berridazteko. Salatu zutenez, hirigintza araudi berriak, herritarren erlijio askatasunaren kontra egitearekin batera, «herritarren sektore gero eta zabalagoa baztertzen eta estigmatizatzen du».
Hirigintza plana aldatzeko eskatzeaz gainera, Erlijio Askatasunari Buruzko Espainiako Lege Organikoa garatzea ere galdegin zieten autonomia erkidegoei eta gobernuari, lege berriak sortzeko, «askatasun erlijiosorako eskubide konstituzionala gauzatzea errazteko».
Marisol Arroyo Euskal Herriko Kontseilu Ebanjelikoko kideak nabarmendu zuenez, Bilboko erlijio komunitate txikietan eragin «bereziki txarra» izango du udalaren araudiak. Uste dute herritarren erlijio askatasunean esku hartze hori «neurriz kanpokoa eta larria» dela. «Ez du arrazoi objektiborik, ezta zentzuzkorik ere», sinatzaileen ustez.
Sinesmen anitzetako hamahiru talde eta erakunde erlijiosok sinatu dute eskakizuna, hala nola jesuitek, Euskal Herriko Kontseilu Ebanjelikoak, Euskal Herriko Islamiar Komunitateen Batasunak eta Errumaniako Eliza Ortodoxoaren Espainiako eta Portugalgo Apezpikutzak.
Neurri berria «guztiz baztertzailea» dela iritzi diote. Izan ere, hirigintza planak ez du lokal horietan hiriko bestelako ohiko jarduerarik galarazten. «Araudia argi eta garbi baztertzailea dela ondoriozta dezakegu, ikusirik eraikin mota horietan gainerako jarduerak eta erabilerak jartzeko erabateko debekurik ez dagoela, nahiz eta gurtza aretoek baino askoz traba handiagoak sor ditzaketen», zehaztu zuten.
Otoizleku berriak sortzeko «oztopoak» jarrita, hirigintza planak ez du aukerarik emango «praktikan» hirian areto berririk sortzeko; hala salatu dute. Etxebizitza erakinetan gurtza aretoak sortzeko debekua ezartzen du planak. Ordea, ez du mugarik jartzen bestelako eraikinetan otoizlekuak sortzeko. Praktikan, berriz, mugak asko direla salatu dute sinatzaileek: «Udalak emandako planoan, ekipamenduzko eraikin eta orube gehienak dagoeneko erabilita daude, eta oso zaila izango litzateke lokal horiek gurtza aretotarako atontzea». Hala izanik, salatu dute talde erlijioso txikietako kideek hiritik aldendutako lekuetan ezarri beste erremediorik ez dutela izango.
Bilbo izango da Hego Euskal Herrian halako araudi bat ezarriko duen lehen hiriburua. Ohartarazi dute udalaren erabakiak bidea zabal dezakeela: «Gure inguruko beste udalerri nabarmen batzuetan araudi bera jartzeko arriskua egon daiteke».
Elkarbizitza «galarazi»
Bilboko Udaleko gobernu batzarrak hirigintza plana aldatzeko proposamena onartu berri du, hiriko zenbait lekutan meskitak zabaltzearen inguruan sortutako polemika sortu eta gero. Neurri berriak, ordea, bizikidetza lagundu beharrean, gatazka handituko du, argiriaren sinatzaileen hitzetan: «Beste herritarrekin harremanak osatzeko aukera eragoztearekin batera, gizartean jendarteko gatazka handitzen du, eta eragin negatiboa dauka lurraldeen arteko eta gizarteko kohesioan».
Araudiak Bilboko aniztasun erlijiosoa galaraziko duela uste dute. «Gurtza aretoak herritarren gaur egungo eta etorkizuneko beharrizanetara zentzuz egokitzea eragotziko du, eta gizartean gatazka piztuko du, auzokoek aniztasun erlijiosoarekin modu normalizatuan elkarrrekin bizitzeko aukera galaraziko duelako».
(Puede haber caducado)