Osasun arreta kentzen badiete, salatu ahalko dute etorkinek

Eusko Jaurlaritzak ez duela bere hitza bete salatu dute; oraindik etorkinen oinarrizko eskubideak urratzen direla esan dute Osasunerako eskubidea denei aitortzeko eskatu diote Munduko Medikuek Madrili

Berria, IRATI SARASUA ARABAOLAZA DONOSTIA, 20-12-2012

«Momentu honetan, krisi egoeraren aitzakiapean,oinarrizko eskubide sozialak urratzen ari dira», salatu dute Jatorri Anitz Herri Bat dinamikan parte hartzen duten eragileek. Aniztasunaren eta elkarbizitzaren gaineko dinamika parte hartzaile bat Gipuzkoan abian jartzen den lehen aldia dela nabarmendu dute. Hemendik aurrera, osasun zerbitzuetan arretarik eza salatu ahalko dute etorkinek telefonoz. «Gipuzkoako herritar guztion oinarrizko eskubideak bermatzea nahi dugu, eta horretarako harresi bat egin nahi dugu».

Joan den ekainean Eusko Jaurlaritzak kaleratutako dekretuak erroldatuta gutxienez urtebete egotea eskatzen die erregularizatu gabeko etorkinei eta osasun txartela ez dutenei. Ondorioz, pertsona ugari osasun arretarik gabe utziko dituela aurreikusten dute. Gainera, Jaurlaritzak bere hitza ez duela bete salatu dute, etorkin guztiei zerbitzua emango ziela eta botiken berrordainketa ez zuela aplikatuko azaldu baitzuen.

Jada martxan dago etorkinei kasu egiteko doako telefonoa ( 901-10 12 26) eta webgunea: denokgipuzkoar.net. Etorkinek jasaten dituzten eskubide urraketen berri emateko aukera izango du jendeak, era anonimoan.

Hala, LABeko kide Leire Garrok azaldu du diagnostiko bat egiteko aukera izango dutela Gipuzkoako osasun arloaren perspektiba osoa izanik. Eta horren ostean erabakiak hartuko dituztela eskubideak bermatuta izateko.

Azken hilabeteetan «gertatzen ari diren oinarrizko eskubide urraketei» erantzun bateratua ematea ona zela iruditu zaie eta hala egin dute. «Egoera larri honi aurre egiteko, guztion artean estrategia bateratua egin eta tresnak sortzea adostu dugu». Era berean, krisi ekonomikoaren «aitzakiapean» oinarrizko eskubideak urratzeaz gain zerbitzu publikoa «desegiten» ari direla salatu du.

Eusko Jaurlaritzari eta alderdi politikoei eskatu diete «etorkinen osasun arretaren gaia» euren agendetan gehitzeko,eskubide urraketa «batzuk» gertatu direlako, nahiz eta zehazki ez dakiten zenbat izan diren. Aukera berriarekin kuantitatiboki egoera zehazki zein den jakiteko aukera izango dutela nabarmendu dute. «Hemen bizi eta lan egiten dugun guztiok izan behar ditugu eskubideak, baita oinarrizko osasun arreta jasotzeko ere».

Jaurlaritzan, esperantza

Munduko Medikuak elkarteak Espainiako Gobernuari eskatu dio pertsona guztien osasunerako eskubidea onartzeko. Etorkinak artatzearen alde Espainiako Auzitegi Konstituzionalak kaleratutako epaia argia dela uste du, eta oso garrantzitsua iruditzen zaio «aginpide arazoetan murgildu ez izana, eta sakoneko arrazoietan sartu izana». Gainera, elkarteko kideek espero dute Eusko Jaurlaritza berriak pertsona guztien osasunerako eskubidea onartuko duela. Hala ere, elkarteak salatu du epaiak alde negatiboa ere baduela, etorkinak «gaixotasun kutsakorren zubitzat» jotzen dituelako.

Espainiako Osasun ministro Ana Matok azaldu du Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakia «obeditu» egingo dutela, baina Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia, auzitegiak berretsitakoa, «konstituzioaren aurkakoa» dela. Gainera, gogoratu du Euskal Autonomia Erkidegoan etorkinek osasun txartela izango duten arren Espainiako Estatuan ezingo dutela erabili.

PPk jakinarazi du Auzitegi Konstituzionalaren erabakia «badaezpadakoa» dela eta ez dela behin betikoa; beraz, ez duela Espainian neurri hori ezarriko eta orain arteko dekretua erretiratzeko asmorik ez duela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)