Auzolanean hezten
Munduko jatorrizko hizkuntza eta herrien errealitatea haurren mundura hurbildu dute proiektu baten bidez Aretxabaletan. Proiektu amaierako bideoklipa aurkeztu zuten atzo.
Berria, , 19-12-2012Munduko herri eta hizkuntzen gaia nola landu 2 eta 5 urte bitarteko haurrentzat egokia den era batean? Galdera horri erantzuten saiatu dira Aretxabaletako Arizmendi ikastolako Basabeazpi guneko irakasleak. Haur Hezkuntzako metodologia berritzailea lantzen baitu Basabeazpi guneak. Beste eskoletan ez bezala, 2 eta 5 urte bitarteko haurrak ikasgela berean bildu, eta gai bat hautatu eta lantzen dute. Orain gutxi bukatu dute azkeneko proiektua lantzen, eta jendaurrean aurkeztu dute egindako lana, bideoklip baten bitartez.
Jatorrizko herriak eta munduko loreak proiektuaren bidez, munduko jatorrizko hizkuntza eta herrien errealitatea haurrengana hurbildu dute. Gai horri buruz etxean zuten informazioa biltzeko eskatu zieten haurrei, eta txundituta geratu ziren irakasleak gaztetxoek ekarritako informazio kopuruarekin. «Hortik tiraka konturatu ginen gaia lantzeko herri bakoitzak edukiak bazituela», azaldu du Iñaki Gonzalez Arizmendiko irakasleak.
Munduko herriak ezagutzeko aitzakiarekin hainbat gai jorratu dituzte haurrek. Esaterako, maien zibilizazioan erabiltzen zuten matematika sistema ikasi dute. «Batuketak eta kenketak lantzeko erabili ditugu». Bestalde, hiztegia, irakurketa eta idazketa lantzeko nauath Mexikoko hizkuntza erabili dute. Marrazkiak erabiliz, euskaratik nauatherako hiztegia osatu dute haurrek. Bestalde, guraso katalan batek ipuinak katalanez kontatu zituen, eta guraso galiziar batek galizierazko txotxongiloak antolatu zituen. «Gai hauek hizkuntza jarrerak lantzeko aukera eman digute».
Ezohiko ikastola baita Aretxabaletako Basabeazpi gunea. Haur bakoitzaren garapen psikomotorea, soziala eta kognitiboa suspertze aldera, eraikuntza haurren beharretara moldatu dute, eta ez alderantziz. Horrela, hormak behera bota eta gela itxirik gabeko gunea sortu dute, adin askotako haurrek batera ikas dezaten. Txikienek imitazioz ikasten dute nagusiengandik. Nagusiek, bestalde, zaintza eta lidergo jarrerak jorratzeko aukera dute, eta eduki aldetik txikiagoei irakatsiz ikasitakoa hobeto barneratzen dute. «Horrez gain, denen artean motibazioa asko igotzen da».
Gurasoak proiektuaren zati garrantzitsu dira. «Ikastea ez da soilik ikasleen kontua». Proiektuen bidez irakasle eta gurasoek ere ikasten dutela dio Gonzalezek. Proiektuak amaitutakoan, antzerkiak eta antzeko ekitaldiak egiten dituzte, ideia nagusiak «sozializatzeko». «Proiektu hau berezia izan da, herrien edukiak haurren tamainara egokitu ditugulako eta bideoklipa egin dugulako».
Amets Arzallusek idatzitako Pirritx, Porrotx eta Marimototsen diskoko Munduko koloreak kantaren bertsio bat egin dute. «Guraso batek pianoa, beste batek perkusioa, osaba batek klarinetea grabatu dute». Haurrek jarri diote bideoklipari ahotsa, eta, horretarako, Arrasateko Shot estudiora eraman zituzten. Bideoa editatzeko lana ere guraso batek hartu zuen bere gain. Atzo aurkeztu zuten bideoklipa, eta Porrotxek eta Porrotxinek ez zuten hutsik egin.
«Politena da denon artean eraiki dugula». Auzolanean egindako lana da Gonzalezentzat proiektuaren ezaugarri nagusiena. «Gure alor guztiak, haur filosofia barne, modu global batean emateko modua eman digu, adin desberdinen arteko elkartrukean».
(Puede haber caducado)