Agustin Unzurrunzaga. SOS Arrazakeriako kidea

«Ardura besteari utziz gero, oso zaila izango du gizarteratzea lortzea»

Luze gabe ez ikusi arren eskuin muturreko alderdi politikoen diskurtsoa ezartzeko arriskurik, aurreiritzi eta zurrumurruen aurka borrokatzearen garrantzia nabarmendu du Unzurrunzagak.

Berria, Jon Rejado Gasteiz, 19-12-2012

Arrazakeria krisi garaian; ekintza proposamenak hitzaldia antolatu zuten iragan astelehenean Elkarrekin eta Maliko Emakumeak Djekafo elkarteek, atzo migratzaileen nazioarteko eguna zela eta. Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeria Gipuzkoako kideak (Bergara, Gipuzkoa, 1947) gaiari heldu, eta arrazakeriaren jatorrietatik gaur egunera arteko bideari begiratu bat eman zion; nola gauzatu zen arrazakeria klasikoa XIX. mendean, eta zer aldaketa gertatu ziren XX. mendean.

Zergatik jo duzu arrazakeriaren sorrerara?

Niretzat, garrantzitsua da adieraztea zergatik gertatzen den, eta kasu honetan ez da azken bost urteetan krisi ekonomikoa egon delako. Gaia lehenagotik dator. Gizarte hau, Europa osoa nolabait esanda, aldaketa handia sufritzen ari da azken 30 urteetan, eta eskuin muturraren eragina geroz eta nabariagoa da eremu politikoan.

Euskal Herrian ez da horren agerikoa…

Hemen ez dugu horrelako alderdirik, baina populazioaren gutxiengo batean badago horrelako eskaera bat; gutxiengo horrek erantzun autoritario baten aldeko jarrera du, nolabait. Erantzun hori diskriminatzailea da gizartearen zati batzuekin, eta, oro har, immigrazioa sartzen da hor. Eta hor sortzen dira gizartean ikusten ari garen aurreiritziak, zurrumurruak… Azpiarrazakeria da hori, azpitik mugitzen den arrazakeria.

Zenbateraino da kezkagarria arrazakeria hori?

Ez dakigu gehiagora egingo duen, baina komeniko litzateke desagertzea, edo gutxitzea bederen. Ez dezala indarrik hartu.

Euskal Herrian nahiko gaztea da immigrazioaren gaia. Horrek osagarri berezirik ekartzen al du?

Espainiako estatu osoan agertzen da berezitasun hori. Katalunian izan ezik, non Europako identitarioen jarrera defendatzen duen alderdi bat baitago, ez dago horrelako alderdirik. Nire ustez, frankismoarekin zerikusia du, eta joera horiek nolabait PPren barruan daude. Ez PP osoan, zati batzuetan baizik.

Euskal Herrian ere irudikatzen al da?

Basagoitik islatu du batzuetan, lehentasun nazionalari buruzko jarrera defendatu duenean. Javier Maroto Gasteizko alkateak ere aipatzen du gai hori. Horrez gain, arazo iturri izan daitezkeen beste gauzak ere aipatzen ditu; zibilizazioarena, kasurako. Ematen du besteak zibilizazio atzeratuagoan daudela, eta gure kontu bizi direla. Diskurtso hori ez du osatzen, baina ideiak adierazten ditu behin baino gehiagotan.

Azpiarrazakeria horrek sektore jakin batean eragiten al du bereziki?

Auzo elkarte batzuetan eragina du, adibidez. Ordea, langile mugimenduak ez du halakorik pentsatzen, nondik inora ere. Sindikatuen zuzendaritzek diskurtso oso argia dute: guztiok gara langile, ez dago zatiketarik, ez da zatiketarik egin behar… Esango nuke sindikatu guztiek eusten diotela diskurtso horri. Ordea, auzo elkarte batzuetan azpiko ideia horiek agertzen dira; meskita bat ireki behar dutenean, kasurako.

Euskal Herriko zenbait lekutan gertatu da azkenaldian horrelakorik…

«Hau ez da gurea». «Hemen egiten badute arazoak sortuko ditu». «Segurtasuna hankaz gora geratuko da». Horrek udaletan ere eragiten du, gaiari buruzko araudi berriak egiterakoan. Mota horretako azpiegiturak herrien kanpoaldera mugitzeko ekinbideak gero eta gehiago dira.

Gasteizko meskita baten aurkako mobilizazioen atzean eskuin muturreko talde bat zegoela salatu zuten hainbat bizilagunek. Horrelako gertaerek talde horien sustraitzea erraztu al dezakete?

Badakigu Espainiako estatuan harremanak izaten saiatzen ari dela Plataforma Per Catalunya, Katalunian eskuin muturreko diskurtsoa irudikatzen duen alderdia. Susmoa genuen Bizkaian harreman horiek bazeudela, baina beste kontu bat da harremana egitetik zerbait gauzatzeko jauzia egitea. Euskal Herrian, kontaktu horietatik aparte, ez du ematen forma politikorik hartu dutenik

Hori gertatzeko arriskurik ba al da?

Luze gabe, ez du ematen arriskurik dagoenik. Alderdi guztiek aipatzen dute hemen bizi garen guztiokin antolatu behar dela gizartea. Batzuk urrunago doaz, eta beste batzuk ez horrenbeste; adibidez, alderdi politiko ia guztien bidea, baita aurretik aipatutako sindikatuen jarrera ere.

Azkenaldian indarra hartzen ari dira estereotipoen kontra borrokatzeko eta kultura aniztasuna sustatzeko kanpainak.

Guk ere, SOS Arrazakeria Gipuzkoak, hainbat tailer egin ditugu zurrumurruen gaia lantzeko. Errenterian egin genuen, eta Donostian eta Zarautzen ere ari gara orain. Gure asmoa da hainbat lekutan egitea, eta datorren urtean sare bat osatzea. Jendea elkartu dadila, aurreiritzi horien aurka.

Kanpaina horietako batzuk instituzioek bultzatu dituzte, gainera.

Instituzioen jarrera positiboa garrantzitsua da, arrazakeria gai sozialekin nahas ez dezaten. Hau da, gure gizartean langabezia arazoa da, baita etxebizitza ere, besteak beste. Ez dugu nahi, ordea, gai horiek etnifikatzea. Gai sozial horiek etnifikatzen badira, arazoa ez da sistema izango, zure ondoan dagoen pertsona baizik, normalean zu baino okerrago egongo den pertsona hori.

Hitzaldian ekintza proposamenak ere landu dituzu.

Hiru zentzutan ari gara lanean. Batetik, joera positiboak bermatu behar dira: instituzioen aldetik, sindikatuen aldetik, eragile sozialen aldetik… Bestetik, Azpiarrazakeria horren aurka borrokatu behar da, zurrumurru eta aurreiritziek atzera egin dezaten. Azkenik, hemngoen eta etorkinen arteko harremanak sustatu behar dira. Sendotu. Bideratu. Elkarbizitza erraztu. Azken hiru urteetan bide horretan egin dugu lan Gipuzkoan.

Nola egin duzue?

Adingabeak etxean hartzea, kuadrilletan beste pertsona batzuei lekua egitea… Eguneroko bizitzan egiten dira, inolako zalapartrika gabe. Hori bultzatzea oso garrantzitsua da. Inguru horretako harremanak sendotu behar dira, eta horri garrantzia eman behar zaio, gauza ezkorrei aurre egiteko. Posible da beste gauza batzuk egitea, eta jende asko prest dago horiek egiteko.

Alde hori al da gutxien islatzen dena gizartean eta hedabideetan?

Gizarteratzeko ardura besteari utziz gero, oso zaila izango du lortzea. Normalean bera da atzerritarra, bera da hemengo hizkuntza behar den moduan erabiltzen ez duena, estereotipoak bere gainean dituena…

Murrizketa ekonomikoen ondorioz, ahultzen ari al dira sare horiek?

Gauza askotan nabarmena da ahultze hori. Garapenerako lankidetzan izugarrizko murrizketa egin dute. Haien lanaren zati bat hankaz gora jarri dute. Laguntzekin gauza bera gertatu da. Oinarrizko errenta jasotzeko urte bateko errolda zena hiru urteko errolda bihurtzeak eragina du jende askorengan. Gauza horiek guztiek eragina dute, ahultzen dutelako elkartasun eremua.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)