Epaileek ontzat eman dute paperik gabeak artatzea

Berria, Konstituzionalak ebatzi du, bertzalde, botikak ordaintzeko neurria indarrean jarri behar duela Eusko Jaurlaritzak, 18-12-2012

ERREDAKZIOA
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi ditu Eusko Jaurlaritzak ekainean onartutako dekretuari buruzko hainbat debeku; eta bertze zenbaiti eustea erabaki du. Paperik gabeko etorkinak osasun zerbitzuetan artatzea ontzat eman dute epaileek, baina ez dute Eusko Jaurlaritza babestu botikak berriz ordaintzeko neurria ez ezartzeko erabakiagatik. Nafarroan uztailetik ordaindu behar dira botikak. Botiken berrordainketa ezartzeko agindu dio, hortaz.

Ekainean onartu zuen dekretuaren bidez, osasun arloan Espainiako Gobernuak hartu hainbat neurriri aurre egin nahi izan zion Eusko Jaurlaritzak. Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu zuen haren kontra eta, ondorioz, behin-behinekoz bertan behera uztea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, dekretuaren mamia sakon aztertu arte. Horixe egin du, eta ebazpena kaleratu zuten epaileek atzo.

Paperik ez duten etorkinei dagokienez, Konstituzionalak erran du arreta jaso dezaketela, osasunerako duten eskubideagatik eta gizarte osoaren osasunari eragiten ahal dioten arriskuak bazter utzi ahal izateko. «Horren gainetik ezin da jarri Espainiako Gobernuak frogatu ez duen ustezko aurrezpen ekonomiko bat», erantsi dute epaileek.

SOS Arrazakeriak ontzat jo du Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakia, paperik gabeko etorkinen egoera argitzen lagunduko duelako. Ebazpenak, hala ere, ez du erabat bete gobernuz kanpoko erakundea: «Debekua bertan behera uzteak ez du erran nahi sententziak onartzen duenik paperik gabeko etorkinek osasun arreta jasotzeko duten eskubidea», azaldu du.

Eusko Jaurlaritzan agintea hartu berri dutenei eskaera zehatz bat egin die SOS Arrazakeriak: «Argi utz dezatela ekaineko dekretuari eutsiko dioten edo ez, bai eta paperik gabeko etorkinek dituzten eskubideak aitortzearen alde eginen duten edo ez ere».

Botikak berriz ordaintzeko

Espainiako Gobernuak botikak berriz ordaintzeko hartutako neurriari buruz ere mintzatu da Espainiako Auzitegi Konstituzionala. Ekaineko dekretuaren bidez, neurri horri aurre egin nahi zion Jaurlaritzak. Konstituzionalaren debekuari aurreko Osasun Sailak erantzun zion ez zuela modurik berrordainketa hasteko. Jaurlaritza berriak erabaki beharko du zer jarrera hartu Konstituzionalaren epaiaren inguruan.

Botiken gastuak gora egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, dekretua indarrean egon den bitartean. Hori nabarmendu du Konstituzionalak; ondorioz, berrordainketa ez ezartzeko Jaurlaritzari jarritako debekuari eustea erabaki du. Epaileen ustez, Eusko Jaurlaritzak ez du erakutsi botikak kobratzeko neurriak zerbitzuari kalte egiten diola.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)