ILARGI AGIRRE DONOSTIA

Bazterketaren testigantzak

Errumaniako ijito emakumezkoei buruzko argazki erakusketa bat ireki dute Donostiako San Telmo museoan

Berria, , 13-12-2012

«Zailena eskean ibiltzea egin zitzaidan. Lotsa ematen zidan, eta batzuetan negar egiten nuen. Edo zubi baten azpian lo egitea, parkeren batean». Genoveva Carmen Florearen hitzak dira. Euskal Herrian bizi den Errumaniako ijito bat da. Donostiako San Telmo museoan ireki berri den argazki erakusketak Errumaniatik etorritako emakume ijitoak ditu ardatz. Hogeita hamar emakumeren testigantzak eta irudiak bildu dituzte, gizartean «ikusgarri» egin daitezen. Historikoki bazterketa jaso duen giza talde baten barneko ahulenak dira.

Erakusketarekin batera, zenbait hitzaldi izan ziren atzo. Ijitoak Errumanian bertan ere baztertuta daudela esan zuen Adriana Villalon antropologo eta Donostiako Udaleko Gizarte Ongizateko Zuzendaritzako kulturen arteko bizikidetzarako koordinatzaileak. Aspaldidanik dator bazterketa, Oscar Lopez Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko antropologoaren arabera. «1864. urtera arte esklabo gisa erabiltzen zituzten Errumanian, eta legezkoa zen». Ondoren, II. Mundu Gerran naziek kontzentrazio esparruetan ijito ugari hil zituzten. «Erregimen komunistarekin, asimilatze politikak iritsi ziren, eta ohiko lan merkatura sartu ziren arren, kualifikazio gutxieneko sektoreetan jardun zuten».

Komunismoa erori eta gero, egoera ez zen hobetu. Kapitalismoan sartzean, 1989an, aurretik eskasak ziren bizi-baldintzak okertu egin ziren, eta orduan hasi zen ijitoen migrazio korronterik handiena.

Bartzelonako ijitoak ikertu ditu Lopezek, eta gehienek bazterreko lanbideetan jarduten dute egun. «Txatarra biltzen, kristalak garbitzen eta eskean ibiltzen dira». Espainiako Gobernuak iaz onartutako moratoriak lan munduan sartzeko mugak ezarri zizkien errumaniar guztiei, eta krisiak egoera okertu egin du. «Hemengo jendea hasi baita txatarra biltzen». Bizi-baldintza gogorren ondorioz, bizi-itxaropen txikiagoa dute. Europan, ijitoak gainontzeko biztanleak baino hamar urte gutxiago bizi dira.

Gizartean duten irudi txar hori garbitu egin behar dela pentsatzen dute bi antropologoek, ez duelako errealitatearekin bat egiten. Hedabideek eta politikoek ere ez dute laguntzen. Eta Errumanian ere fenomeno bera gertatzen da. «Errumaniako Barne Ministroak publikoki adierazi zuen ijitoek arau hausteak egiteko joera naturala dutela». 2000. urtean, errumaniarren %40k ez zieten utzi nahi ijitoei herrialdean bizitzen.

Askotan ezberdintasun kulturala aitzakiatzat jartzen da agintarien aldetik, auzian esku ez hartzeko. Familia baten kasua aipatu zuen Lopezek. Diru arazoak zituelako, herri batetik bestera askotan aldatu zuten bizitokia, eta agintariek, nomadak zirela argudiatuta, ez zuten esku hartu. «Baina ez ziren nomadak. Txiroak ziren».

Kritiko agertu zen agintariekin. «Ez da giza talde errentagarria haientzat, eta larrialdietan bakarrik esku hartzen dute azkenean».

«Harro nago ijito izateaz»

Donostiako Emakumeen etxean egin dizkiete emakumeei elkarrizketak. Han elkartzen dira egunero. Genoveva Carmen Floreak egin ditu interprete lanak, eta bere istorioa ere ageri da erakusketan. Bizitza gogorra izan du. Duela sei urte iritsi zen, lagun batekin, han hiru seme-alaba utzita. Laguna senarra bihurtu zitzaion gero, ez maitasunarengatik, «babestuago» sentitzeagatik baizik. Hotel baten zuen lana galdu eta gero, ezinbestean eskean pasatu zuen denboraldi bat, eta kalean egiten zuen lo. «Ez diot sekula aitari kontatu, lotsa ematen didalako. Oso gogorra egin zitzaidan, gure familian ez dagoelako ongi ikusita dirua eskatzea». Senarraren tratu txarrak jasaten zituen, gainera. «Ijito ausardia atera eta asko kostata, baina genero indarkeriarengatik salaketa jarri nion», kontatu zuen, atsekabez.

Egoera asko hobetu zaio. Alokairuan bizi da bost seme-alabekin —Errumanian bizi zirenak hona ekarri ditu—, eta lana du. «Errumanian ezkutatu egiten nuen ijitoa nintzela, baina gaur egun harro sentitzen naiz. Etorkizunean nire seme-alabak ere harro egotea nahi dut».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)