Aurten ia 13.000 etxeko langileri izena eman diete Gizarte Segurantzan; ELEk arau urraketak salatu ditu
Etxe barruko beharginen %77k astean 60 ordutik gora lan egiten dute
Berria, , 13-12-2012LANDER MUÑAGORRI GARMENDIA BILBO
2012. urtearen balorazio gazi-gozoa egin zuen Etxeko Langileen Elkarteak (ELE). Urte hasieran indarrean jarri zen legearen ondorioz, Hego Euskal Herrian ia 13.000 langile gehiago daude Gizarte Segurantzan izen emanda —2011n 20.581 langile zeuden, eta orain 33.370—. Hala ere, alor ezberdinen artean oraindik arau urraketak daudela salatu du Isabel Otxoa elkarteko bozeramaileak, besteak beste, lau langiletik hiruk legezko lanaldia gainditzen dutela.
Etxetik kanpo lan egiten duten bertako beharginen %37 ez daude Gizarte Segurantzan izena emanda, era erregularrean dagoen atzerritarren %39 bezala. Etxe barruan lan egiten duten langileen %25, bestetik, paperik gabeko atzerritarrak dira, eta, ondorioz, ez dute kotizatzen. Bestalde, bertakoak direnen gehiengoa izen emanda dago, eta baita erregularizatutako atzerritarren %98 ere. Hori dela eta, oraindik «lan handia» dagoela esan du Otxoak.
Era berean, Espainiako Gobernuak legea «porrot» gisa definitu izana salatu du. «Enplegatzaileek langileei alta emateko daukaten ezjakintasuna baliatuta, lehengo araudira eraman nahi gaituzte, berriz, legea berma dadin bitartekoak jarri beharrean», esan du.
Araudiaren «gehiegikeriak»
ELEk egin duen salaketarik gordinena, ordea, lan orduen ingurukoa izan da. Izan ere, etxe barruko langileentzat legeak gehienera 60 orduko lanaldiak onartzen baditu ere, langileen %77k ez dute arau hori betetzen. Are gehiago, etxe barruko langileen %31k asteko 70 eta 79 ordu artean egiten dute lan. Langileek atsedena ez dutela salatu du, gainera, Otxoak: «%38k ez dute eguneroko atsedenaldirik, eta %74k astero atseden hartu arren, horietatik %2k bakarrik hartzen dituzte legeak onartzen dituen 36 orduak».
Nazioartean abiatu den kanpainarekin bat egin du ELEk: 12rako 12. Hau da, urtea amaitu baino lehen, Lanaren Nazioarteko Erakundeak iaz onartu zuen etxeko langileen hitzarmena hamabi herrialdek sinatu eta betearaztea.
(Puede haber caducado)