DURANGOKO 47. EUSKAL LIBURU ETA DISKOAZOKA

Ijitoen kultura gertutik ezagutzeko, askotariko proposamenak eskura

Liburuak dira oinarria, baina ez eskaintza bakarra, Kale Dor Kayiko elkarteak sarreran duen gunean

Berria, J.L. ZABALA DURANGO, 07-12-2012

Soraya Motosen Jani eta Ilargia eta beste ipuin batzuk liburuaren hiru bertsioez gain (jatorrizkoa gaztelaniaz eta euskarazko eta romanizko itzulpena), ijitoen kulturara hurreratzeko beste hainbat material aurki daitezke Kale Dor Kayiko elkarteak azokaren sarreran duen gunean. Horien artean, Juan Gainzarainen Kutsidazu historioa, Romi komikiaren bi eleko bertsioa, euskaraz eta gaztelaniaz. Ijitoen historia kontatzen du komikiak, laburbilduta, Indiatik egotzi zituztenetik hasita. Lan hori ere Kale Dor Kayiko elkarteak kaleratua da.

Horrez gain, umeei ijitoen kultura ezagutarazteko balio dezaketen beste hainbat produktu ere badaude Kale Dor Kayiko elkartearen txokoan, marrazkiak koloreztatzeko koadernoak, txapak eta eranskinak, besteak beste. Beste elkarte eta argitaletxe batzuen produktuak ere ezagutu eta eros daitezke, hala nola Claire Auzias idazlearen Gitanas, emakume ijitoen lekukotasunak bilduz osatutako liburua, Pepitas de Calabaza argitaletxeak iaz kaleratutakoa.

Bilbon du egoitza Kale Dor Kayiko elkarteak, eta Bizkaian eta Gipuzkoan lan egiten du, batez ere «etorkizuneko ijitoei begira», Casimiro Amaya elkartekideak azaldu duenaren arabera. Umeak dituzten ijitoen familietako gurasoak haurrek eskolara joan behar dutela kontzientziatzen ahalegintzen dira, eskolara normaltasunez eta erregulartasunez joateak «etorkizun hobea izaten lagunduko dielako».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)