Papergabeei laguntzak emango dizkie Nafarroak, osasun arreta ordaintzeko

Baldintzak jarri dituzte: urtebetez Nafarroan bizitzea eta hilabetean 532 euro baino gutxiago irabaztea, besteak beste

Berria, Mikel Peruarena, 23-08-2012

Paperak eduki, zein ez, «Nafarroako herritar guztiek» osasun arreta jasoko dutela ziurtatu du Nafarroako Gobernuak, eta jakinarazi du diru laguntzak ematen hasiko dela, osasun arreta ordaindu ezin duten etorkinek ere zerbitzua jasotzen jarrai dezaten, orain arte bezala. Gobernu kontseiluko atzoko bileran hartu zuten erabakia; dekretu bat onartuko du gobernuak, irailaren 1etik aurrera osasun zerbitzutik kanpo geldituko diren migratzaile papergabeei diru laguntzak emateko.

Laguntzak eskatu eta jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte etorkinek: 18 urtez gorakoak izatea, zigor aurrekaririk eta justiziarekin auzirik ez edukitzea, osasun zerbitzuaren tasa ordaintzeko diru sarrera nahikorik ez edukitzea —hilean 532,51 euro baino gutxiagoko sarrerak edukitzea finkatu dute muga gisa—, eta gutxienez urtebetez erroldatua egotea Nafarroan. Urtebete erroldatuta ez daudenek ere, osasun txartelaren jabe izanez gero, eskubidea izango dute laguntza jasotzeko. Baldintza horiek betetzen dituztenek eskatu ahal izango dute laguntza. Gobernuak uste du 2.150 pertsonak jaso dezaketela laguntza —horietatik hogei bakarrik dira 64 urtez gorakoak—.

Osasun etxeetan egin beharko dute eskaria, eta han bertan aurkeztu beharko dituzte agiriak. Gizarte Politikarako Departamentuak aztertuko ditu eskariak, eta oniritziak Osasun Departamentuari jakinaraziko dizkio. Oniritzia emandako eskatzaileei agiri berezi bat emango diete. Osasun arreta Nafarroan jasotzeko bakarrik balioko du agiri horrek, eta ez du baliorik izango Europako Osasun Txartela eskuratzeko.

Nafarroako Gobernuko ordezkariek eman zuten erabakiaren berri, atzo. Jesus Pejenaute Gizarte Politikarako kontseilariak adierazi zuen «oinarrizko arreta» dela osasunean eman beharrekoa, eta ezin dela inor zerbitzu horretatik kanpo utzi. Madrilgo gobernuak abuztu hasieran jakinarazi zuen egoera irregularrean dauden migratzaileei kobratu egingo diela osasun zerbitzua irailaren 1etik aurrera. 18 eta 64 urte artekoek 710 euro pagatu beharko dituzte urtean, eta 64 urtez gorakoek, 1.864 euro. Neurri horri erantzun dio Nafarroako Gobernuak, Pejenauteren hitzetan, «inor ez dadin osasun zerbitzutik kanpo gelditu».

Espainiako Gobernuak ezarritakoak baino tasa handiagoak izango ditu osasun arretak Nafarroan, dena den. Zerbitzutik kanpo geratuko diren 18 eta 64 urte artekoek 764 euro pagatu beharko dituzte urtean, eta 64 urtez gorakoek, 2.676 euro. Nafarroako osasun zerbitzuaren kostura egokitu dituzte tasak, gobernuaren arabera. Papergabeek ez dutela ezer ordaindu beharko zehaztu du, hala ere, Gizarte Politikarako Departamentuaren diru laguntzak kostua bere gain hartuko duelako. 1,68 milioi euro jarriko ditu diru laguntzetan.

Urritik aurrera indarrean

Espainiako Gobernuaren agindua irailaren 1ean sartuko da indarrean. Nafarroako Gobernuak, aldiz, denbora gehiago beharko du dekretua prestatzeko, eta espero du urritik aurrera hastea diru laguntzak ematen. Hala ere, irailaren 1etik aurrera etorkin papergabeek osasun arreta berdin-berdin jasoko dutela ziurtatu du Nafarroako Gobernuak. Osasun zerbitzu guztiak jaso ahal izango dituzte, normaltasunez.

Nafarroan erroldatuta urtebete baino gutxiago daramatenek, berriz, zerbitzu batzuk galduko dituzte, baina larrialdian direnek, haurdunaldian daudenek eta gaixotasun larriak dituztenek osasun arreta jasotzen jarraituko dutela ziurtatu dute Pejenautek eta Marta Verak, Osasun kontseilariak. 18 urtez azpikoei, berriz, oinarrizko osasun arreta beti bermatzen zaiela ziurtatu dute. Marta Verak ukatu egin du, bestalde, immigrante batzuei osasun arreta ukatu dietela: «Ez da egia agindu bat eman dugula ez artatzeko».

Ezkerra koalizioak zorrotz kritikatu du Iruñeko gobernuaren erabakia: «Ekintza basatia da». Laguntzak laguntza, immigrante papergabeak osasun sistematik kanpo geldituko direla, eta osasun zerbitzu unibertsalengatik tasak jartzea zentzugabekeria dela adierazi du Ezkerrak. Koalizioak uste du herritar askok ezingo dutela laguntza jaso, baina, aldi berean, ezingo dutela osasun zerbitzua pagatu: «Neurri horren gogorrak elkartasun ekintza gisa aurkeztea irain bat da».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)