Seigarren uztaia. Serge Ibaka

«18 anai-arreba gara, eta familiaren behar handia sentitzen dut»

Kongon jaioa, mundu erdia ezagutua, Real Madrilen pausoa emana, eta NBAn izar bihurtzen hasia. Horixe da Serge Ibaka. Umila, lotsatia, herriminez bizi dena.

Berria, Unai Zubeldia, Berriemaile berezia Londres Espainiako saskibaloi selekzioko jokalaria, 03-08-2012

Harrigarria da 2,08 metroko morrosko bat ondoan edukitzea. Besoa luzatuta ere lanak ditu kazetariak Serge Jonas Ibaka Ngobilaren (Brazzaville, 1989) aho parera iristeko. Umil, oso umil, lotsa apur batekin, une oro Kongo jaioterria gogoan duela, jokoetan zer ikusi nahiko lukeen galdetuta bakarrik hasi da barrez. Sergio Scariolo Espainiako saskibaloi selekzioko hautatzaileak jokalariaren analisia egin dio aurretik BERRIAri: «Mutiko zoragarria da, oso normala, erlijioari garrantzi handia ematen diona, eta nondik iritsi den ahazten ez duena. Beti dauka oso gogoan abantailatua dela; lanarekiko mendekotasun handia dauka. Beti ikasi nahi du gehiago. Plazer handia da harekin lan egitea. Indar handia dauka, eta errespetu handia sortzen du saskipean. Jaurtiketa ona dauka 4-5 metrotik, eta espazioak baliatzen ere ikasi du».

Entrenamendua, partida, entrenamendua, partida… Nola ari zara bizitzen lehen Olinpiar Joko hauek?

Iritsi ginenetik gogo handia geneukan jokatzen hasteko. Pare bat egun igaro genituen lehiatu gabe, entrenamenduekin soilik, eta jokalarioi lehia gustatzen zaigu. Erritmoa hartuz joan nahi dugu, gora begira jartzeko.

AEB eta Espainia besterik ez dauzka jendeak buruan. Ez al dago beste selekzio arriskutsurik?

Jendearen kontuak dira horiek. Oraintxe ez daukagu buruan AEBetako selekzioa. Multzoen fasean gaude, eta partidaz partida joan behar dugu. Ahalik eta urrutien iristen saiatuko gara, gure bidea zein den ahaztu gabe, eta gerora ikusiko dugu parean zein selekzio daukagun.

Idoloak zarete askorentzat, baina pentsatzekoa da idoloek ere izango dituztela beste idolo batzuk…

Bai, tira… Umetan baneuzkan batzuk, baina jada ez dira ari lehiatzen. Ronaldo futbolaria gustatzen zitzaidan, adibidez, asko; Mike Tyson boxeolaria ere bai; Zinedine Zidane futbolaria… Asko gustatzen zitzaizkidan, baina erretiroa hartuta daude. Kirolari on guztiak gustatzen zaizkit, hala ere, eta errespetu handia diet denei.

Lehiaketan sartuta zaudete, baina zein beste kirol ikusiko zenuke gustura jokoetan?

Ez dakit denborarik izango dugun, baina, aukera izanez gero, hondartzako boleibola ikustera joan nahiko nuke [barrez hasi da]. Emakumezkoena, noski. Ez dut inor ezagutzen, baina… Eta atletismoko probaren batzuk ere ikusi nahiko nituzke.

2006an iritsi zinen Kataluniara, L’Hospitalet taldera; handik Joventutera, Ricoh Manresara, Oklahoma City Thunderrera, Real Madrilera eta Oklahomara buelta. Oso gazterik iritsi zara goraino.

Hala da, bai, Jainkoari eskerrak! Jainkoak lagundu dit honaino iristen, eta horregatik ematen dizkiot egunero eskerrak. Jainkoagatik egiten dut egunero hainbesteko ahalegina, etahark ematen dit indarra aurrera egiteko.

Familiarekin lotura handi samarra daukazu.

Bai… Hemezortzi anai-arreba gara, eta familiaren behar handia sentitzen dut. Behar ditut. Azken urteotan ez dut aukera askorik izan eurekin egoteko, eta jokoen ondoren saiatuko naiz Kongora joaten, haiekin egoteko. Ondoan behar ditut.

9 zenbakiarekin jokatzen duzu Oklahoman. Aitaren omenez da, ezta?

Hala da, bai. Saskibaloi jokalaria izan zen bera ere, eta ama ere bai. 7 zenbakiarekin jokatzen zuen amak gaztetan; baina zenbaki hori hartuta zegoenez, 9a aukeratu nuen, familiari keinu txiki bat egiteko.

Aipatzekoak.

Hizkuntzak. Bost hizkuntza dakizki: lingala, espainiera, katalana, ingelesa eta frantsesa.

Potentzia. Ikuskizuna emanda, NBAn txapel gehien jarri duen jokalaria izan da sasoi honetan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)