Bertako gaia

Zumaia eta Orioren txanda!

san pedro jaiak

hasi dira bi herrietan eta atzokoan txupinazoak jaurti eta danborradak ibili ziren kalez kale

Diario de noticias de Gipuzkoa, zumaia eta orio, Ainara lozano, 29-06-2012

ZARAUZKO San Pelaio jaiek Zumaia eta Orioko San Pedro festei eman zieten lekukoa atzo. Eguraldia pixka bat okertu bazen ere, jaietarako gogoa zen nagusi oriotar eta zumaiarren artean ere. Zarau – tzen Iñurritzan izan ziren herri kirolekin agurtu zituzten jaiak eta oraindik indarra zutenek Fan & Go eta Bluestock taldeen kontzertu eta erromerian aritu ziren dantzan gauean.

Zumaian atzo txupinazoa 18.00etan izan zen udaletxe aurrean eta jarraian, erraldoi eta buruhandiak ibili ziren kalejiran, Tolosako dultzaineroek lagunduta. Gauerdi txarangak ere girotu zituen kaleak eta sanpedroetako danborrada Sagarbidetik irten zen 19.00etan. Herriko bandera 20.00etan jaso zuten udaletxean eta aurtengoan danborradako lagunek Nagusilan elkartea omendu zuten.

Talde honek 17 urte daramatza Zumaian beharrak dituzten pertsona helduei laguntza eskaintzen. Honela, zaharren egoitzetara eta etxeetara joaten dira boluntario gisa Nagusilaneko kideak. Horregatik, danborradako kideek talde honek egiten duen lan bikaina eskertu nahi izan zuten atzokoan.

Orion, berriz, 20.00etan iritsi zen txupinazoa eta aurtengoan, 40. urteurrena dela eta, Orioko Herri Ikastolako lagunek izan zuten suziriak botatzeko ohorea. Besteak beste, urteurrena ospatzeko, zentroak 40 urte mantalak lotzen liburua kaleratu berri du, Xabier Sukia bizilagunak egina, ikastolarekin lotura izan duten herritar ugari elkarrizketatu eta gero.

munduko kopa, orion

Kultur aniztasuna futbolean

San Pedro festak abiatzeko, oriotarrek futbol partida berezia jokatu zuten txupinazoaren aurretik. Munduko Kopako finala bezala iragarri zuten aurreko egunetan ekimena eta hala zirudien Mendibeltz futbol zelaiko ekimenak. Iaz bezala, jaien egitarauaren baitan, herritarren arteko futbol partida jokatu zen, bertakoak eta kanpotik etorritakoak, guztiak batera aritu ziren ondo pasatzen, jai giroan eta umore onez.

Kolonbia, Senegal, Portugal, Nikaragua, Maroko, Orio… herrialde ezberdinetako bizilagunak animatu ziren ekimenean parte hartzera, kultur aniztasunaren jaiaren baitan. Futbolean jokatzen aritu eta gero, danborradako atabalariekin bat egin zuten Herriko plazan, bertan mokadutxo bat jateko.

Ondoren, erraldoi eta buruhandien konpartsa aritu zen kalez kale eta Pello eta Nikolasa erraldoi berrien aurkezpena egin zuten. Jarraian, danborrada irten zen kultur etxe atzeko plazatik eta txupinazoaren ostean, Kupela taldeak girotu zuen Herriko plaza, bertaratu ziren guztiak dantzan jarriz.

San Pedro Eguna ospatuko dute gaur bi herrietan egitarau zabalarekin. Zumaian, Tolosako dultzaineroen eskutik iritsiko da goiz soinua eta 11.30ean prozesioa egingo da. Eguerdian, berriz, Falcons de Villafranca taldearen kalejira izango da Erriberan eta castellers ikuskizuna Odieta pilotalekuan. Udal musika bandak kontzertua ere eskainiko du gaurkoan, eta arratsaldean Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoen emanaldia izango da Aita Marin. Gauean, dj Xabirorrek jarriko du musika Kofradian eta su artifizialak eskainiko dituzte. Ondoren, musika banda eta Astindu dantza taldeko kideen ikuskizuna izango da.

Orion, aldiz, haurren pilota txapelketako finalak hasiko dira, 10.30ean eta segidan, hamaiketakoa banatuko dute Zaharren Babeslekuan. Meza Nagusia eta gero, haurren danborrada irtengo da kalez kale eta 13.00etan trikitixa txapelketa jokatuko da plazan.

literatur lehiaketak 25 urte

Lehen olerkiak entzungai

Eskolaumeen 25. literatur lehiaketaren sari banaketa egingo dute gaur eguerdian Orioko udaletxean. Aurten 70etik gora neska – mutilek jasoko dute saria. Ekitaldia 18.30ean hasiko da Salatxo plazan eta duela 20 edo 25 urte saria irabazitako oriotarrek hartuko dute parte. Orduan saria irabazitako olerki edo ipuina errezitatuko dute. Danbolin eskolako ikasle eta irakasleek jarriko diote musika emanaldiari: pianoan, Audra Almanaytite, Ander Carrera eta Gratxina Lertxundi; biolinarekin, Amaia Gutierrez; eta txeloarekin, Elena Errasti.

Bestalde, 17.00etan xake partidak jokatuko dira Ibai Ondoko plazan eta hip – hop eta funky erakustaldia ere izango da. Pala txapelketako finalak jokatuko dira eta erraldoi eta buruhandiak ibiliko dira kalez kale. Erromeriaren ondoren, herri afaria izango da, 21.00etan plazan. Aulkiak, mahaiak eta parrillak Udalak jarriko ditu eta jatekoa bakoitzak eraman du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)