Israelek sustatu du AEBek iheslari palestinarren errolda egiteko eskaera

Estatu Departamentuak zehaztu beharko du zenbat diren 1948an kanporatutakoak eta zenbat ondorengoak

Berria, , 13-06-2012

Elixabet Epelde

AEBetako Senatuko Gastuen Batzordeak zuzenketa bat onartu du berriki, Estatu Departamentuari errefuxiatu palestinarrak zenbatzeko eskatzen duena. Hori horrela, zehaztu egin beharko du palestinar iheslarientzako UNRWA Nazio Batuen Erakundeko Laguntzarako eta Lanerako Agentziaren eskutik laguntza jasotzen duten bost milioi palestinarretatik zenbat diren 1948an kanporatutakoak eta zenbat horien seme-alabak. Mark Kirk senatariak atera du aurrera proposamena, AIPAC lobby juduaren laguntzarekin, baina, Haaretz egunkariaren esanetan, neurri hori Israelgo diputatu Einat Wilfen bulegoan landu zuten.

Urtero 250 milioi dolar ematen dizkio AEBek UNRWAri, milioika palestinarri janaria eta osasun, hezkuntza eta lan zerbitzuak helarazteko. Urteetan herrialde hartako kongresuko ordezkari kontserbadoreek partida hori murrizteko borroka egin dute, UNRWAren politikak Israelen kontrakoak direla argudiaturik.

Atzmaut alderdiko kidea da Wilf; iaz Alderdi Laboristatik aldendu ziren bost diputatuk sortu zuten mugimendukoa, alegia. Wilfek irailean jarri zuen zalantzan iheslari palestinarren seme-alabei ere errefuxiatu estatusa mantentzea, Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko buruak Nazio Batuen Erakundean Palestina eskubide osoko estatu gisa onartzeko eskatu zuenean. Orduan, AEBetako juduen lobby-ari zerbait egiteko eskatu zion, UNRWAren jardunak Israelen eta palestinarren arteko gatazka «betikotzen» duela argudiatuta. Israelgo Gobernuak halako mugimenduak blokeatu zituen hasieran, baina, Haaretz-en arabera, Avigdor Lieberman Israelgo Atzerri ministroak eta Benjamin Netanyahu lehen ministroaren atzerri gaietarako aholkulari Ron Dermerrek onarpena eman zioten Wilfi, eta hark aurrera jarraitu zuen.

AEBetako Estatu Departamentuak haserre onartu du errefuxiatu palestinarrak zenbatzeko eskaera. Izan ere, AEBek diote onartzen dutela bost milioi palestinar errefuxiatu direla; UNRWAk adierazten duen bezala errefuxiatuen seme-alabak ere errefuxiatutzat hartuz, alegia. Bost milioi horietatik zehaztu beharko du zenbat diren 1948an etxetik alde egitera behartu zituztenak, eta zeintzuk horien ondorengoak. Wilfek atseginez hartu du senatuaren zuzenketa. «Kolonien eraikuntzak eta palestinar errefuxiatuen estatusaren jarraipenak biek oztopatzen dute bakea», azaldu du.

Immigranteak kanporatzen

Israelek Afrikako immigranteak atxilotzen jarraitzen du, eta horiek kanporatzeari ekingo dio aurki. Lehenengo aberriratzeak Hego Sudanera egingo dituela jakinarazi du gobernuak. Ondorengo bost egunetan, jatorrira itzultzea onartzen dutenek mila bana euro jasoko dituzte; gainontzekoak atxilotuta edukiko dituzte, indarrez kanporatzea onartzen duten arte.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)